Skip to main content

Azken bideoak: Ekonomia

bideoa prestatzen
Bizkaiko metalgintzako grebaren jarraipena "handia" izan da, sindikatuen arabera

2019-05-23
Sektoreko lan hitzarmen berri baten alde ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek beste lau greba egun deitu dituzte ekainerako: 6an, 7an, 20an eta 21ean. Guztira, 50.000 langile daude greba egitera deituta. Mikel Etxeberria gehiengoa duen ELA sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, langileen erantzuna handia izan da, Bizkaian tamaina eta ezaugarri askotariko enpresak daudela kontuan izanda. CNT sindikatuak ere bat egin du borrokarekin nahiz eta deitzaileen artean ez izan. Hitzarmen berriaren negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoela salatu dute sindikatuek. 2011koa da Bizkaiko metalgintza sektoreko azken ituna. Aldarrikapenen artean, 2018tik falta zaizkien atzerapenak jasotzea eta soldata igotzea daude. Patronalak, bere aldetik, gezurtatu egin du sindikatuek esandakoa. Manifestazioa Euskadi plazan amaitu dute, Bizkaiko metaleko patronalaren egoitzan. Gaurko greba egunaren ostean, ekainaren 3an egingo dute lan hitzarmena berritzeko hurrengo bilera.
bideoa prestatzen
Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek zerbitzuaren pribatizazioa eta lan baldintza txarrak salatu dituzte

2019-05-21
Hirugarren adineko egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren atarian zerbitzuaren pribatizazioa eta lan baldintza txarrak salatzeko. Erresidentzietan dagoen "pertsonal falta" eta kontratuen kalitate "eskasa" salatu du LABek. Jardunaldi partzialen eta behin-behinekotasun tasa altuak salatu dituzte. Bestalde, egoitzen %80aren kudeaketa pribatua duenez, sindikatuarentzat eskubide bat izan beharko litzatekeena, enpresa batzuen negozioa bilakatu dela adierazi dute.
bideoa prestatzen
Gipuzkoako diputaziora sartu dira zahar etxeetako langileak

2019-05-21
Beharginek hilabeteak daramatzate lan itunaren aldeko mobilizazioetan, iazko urritik. 5.000 langile inguru dira, gehienak emakumeak.LABek protesta hasi du foru aldundian, atarian eseri dira langile batzuk, eta kanpoan ere bildu dira babesa ematera. Diputazioaren egoitzan sartuaz batera, segurtasun zaindariak azalpenak eskatu dizkie: argazkirik eta zaratarik ez egiteko eskatu diete. Lurrean eserita jarraitu dute langileek, sirena eta txistu hotsa ateraz. Gaua pasatzeko ere prest daudela esan dute. Langileek hitzarmena nahi dute orain eta ez dira joango lortu arte. Mahai-negoziatzailea blokeatua dagoela gogorazi du LABek; ELAk, gehiengoa izanik, mahaia utzi baitzuen. Ertzainak ere agertu dira diputazioko atarira, protestako arduradunak identifikatu dituzte eta kazetarien lana oztopatu. Gaur hasi eta hilaren 25era arteko grebarako deia eginda dutela gogorarazi dute sindikatuko kideek, eta diputaziora sartzean egin duten urratsak ez duela atzera-bueltarik: ateratzen dituzten arte jarraitu nahi dute han.
bideoa prestatzen
010 Bilboko Udaleko zerbitzuko langileek 5. greba eguna dute gaur

2019-05-20
Lanalde enpresaren bidez azpikontratatuak dituen 12 langileek lanuzteekin jarraitzen dute beren lan baldintzak defendatzeko asmoz. Enpresaren eta Udalaren jarrera salatu dute. Salatu dute eduki duten kontaktu bakarra korreo elektronikoz izan dela. Bosgarren greba eguna izan da gaurkoa. Arreta zerbitzuko langile hauek kudeaketa eta argibideak ematen dizkiete herritarrei, galdera bakoitzari erantzun espezializatuak emanez. Beste sail batzuetara bideratu dute telefono bidezko arreta. Erantzungailu automatikoak ez du azaltzen langileak greban daudenik, arazo teknikoen ondorioa dela dio. Beren gainerako lanak ere automatizatu egin dituztela azaldu dute. Adierazi dute lerro gorririk ez daukatela, ez bada telemarketineko hitzarmenari uko egitea. Nabarmendu dute puntu guztiak negoziatzeko prest daudela.
bideoa prestatzen
LAB sindikatuak LGTB+Q pertsonen aldeko neurriak eskatu dizkio Nafarroako patronalari

2019-05-17
LAB sindikatuak LGTBI+Q kolektiboko pertsonen lan eremuko normalizaziorako agiria erregistratu du CEN, Nafarroako Enpresarien Egoitzan. Sindikatuak ahaleginak eskatu dizkio patronalari genero eta sexu identitate eta orientazio aniztasuna enpresetan muga izan ez dadin eta LGTBI+Q kolektiboko kideen eskubide berdintasuna bermatzeko.
bideoa prestatzen
Bost greba egun deitu dituzte sindikatuek Bizkaiko metalgintzan, hitzarmen duin baten defentsan

2019-05-17
Izan ere, sindikatuek salatu dutenez, negoziazio-mahaian ez da inolako aurrerapausorik eman, eta lan-hitzarmena 2011tik dago eguneratu gabe. Horrela, maiatzaren 23an eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean izango dira lanuzteak. Hitzarmen propioa duten enpresetako beharginei ere greba egitea eskatu diete, etorkizuna bermatu eta hobekuntzak lortzeko. Bizkaiko Metalaren negoziazio mahaian 15 hilabetez bilerak egin ondoren, inolako aurrerapausorik gabe jarraitzen dute langileek. Ia %90eko behin behinekotasuna dago kontratuetan eta %20ko soldata arrakala. Gaurko bileraren ondoren adierazi dute patronala eroso eta harrotuta dagoela, eta prest dagoela enplegua suntsitzeko.