Skip to main content
bannerra

Azken bideoak: Gobernua

bideoa prestatzen
Jaurlaritzaren kontuen biderik ez du moztuko EH Bilduk, baina negoziatzen jarraitu nahi du

2018-12-10

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuen bidea ez du itxiko EH Bilduk, baina ez dute onartu Eusko Jaurlaritzaren azken proposamena, eta abenduaren 21era arte negoziatzen segitzea da koalizioaren asmoa.

Hala erantzun dio EH Bilduk Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak astelehen honetan egindako proposamenari, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua babestearen trukean, pentsioak 2020rako 823 eurora igotzeko konpromisoari, alegia.

Eusko Legebiltzarrak asteartean eztabaidatuko ditu Elkarrekin Podemosek eta PPk aurrekontu proiektuari aurkeztu dizkioten osoko zuzenketak. Hain justu, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki du EH Bilduk, oposizioko gainerako alderdiek ez bezala. Azpiazuk keinu hori eskatu zion negoziazioekin jarraitzeko, eta koalizioak onartu egin zuen. Hala ere, 19 zuzenketa partzial aurkeztu zituen EH Bilduk. Besteren artean, pentsio baxuenentzako osagarria handitzea, Diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez. Neurri horrekin, gutxieneko pentsioa 732 eurotik 858ra handituko litzateke.

bideoa prestatzen
Aurrekontuei osoko emendakinik ez, baina pentsioetarako diru gehiago eskatu du EH Bilduk

2018-11-28

EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontu proiektuari, baina pentsioetarako diru gehiago eskatu du koalizioak. Maddalen Iriarte EH Bilduko legbiltzarkideak adierazi duenez, denbora eta beste aukera bat eskainiko dizkiote Jaurlaritzari, aurrekontu proiektuari buelta bat eman diezaion.

Eusko Legebiltzarrean abenduaren 11n egingo dute aurrekontuen inguruko bozketa eta ostiral honetan amaitzen da osoko zuzenketak aurkezteko epea. Osoko emendakinik aurkeztuko ez badu ere, negoziazioan jokoan dauden pentsioen eta kalitatezko enpleguaren eskaerei ez die uko egingo EH Bilduk.

Honenbestez, asteartean Pedro Azpiazu Ogasun Sailburuak esan moduan, ez da EH Bilduren osoko zuzenketarik izango ostiraelean, eta negoziatzen segituko dute Jaurlaritzak eta koalizioak. Haren hitzetan, denek dutelako negoziazio prozesua ongi bukatzeko interesa. Eta bide beretik jo du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere asteazken honetan. Bi aldeen arteko elkarrizketa bidea irekita dagoela eta aurrekontuak onartzeko esperantza badutela zehaztu du Erkorekak.

Iriartek eta Nerea Kortajarenak, ordea, argi utzi dute izandako elkarrizketetan Azpiazurengandik jaso dituzten proposamenak oso urruti daudela pentsiodunen beharrak asetzetik. Zehaztu dute enpleguaren arloan malgutasun handiagoa egon daitekeela, baina gainerakoan pentsiodunei bizkarra ematen jarraitzen dutela jeltzaleek. Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du Jaurlaritzari dagokiola haren ekonomia eta gizarte politiketan aldaketak egitea, aurrekontuek aurrera egitea nahi badu.

bideoa prestatzen
Enplegu arloan gerturatuta, aurrekontuetarako negoziatzen segituko dute Jaurlaritzak eta EH Bilduk

2018-11-20

2019ko EAEko aurrekontuetarako negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk. Astearte eguerdian bildu dira koaliziokoak Jaurlaritzako Ogasun saileko ordezkariekin eta bi aldeek onartu dute gerturatzeko borondatea.

Oposizioko gainerako alderdiek aurreratu dute ezezko botoa emango diotela Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, baina EH Bilduk prest agertu da aurrekontuak ahalbidetzeko, bi abstentziorekin. Baldintzak jarrita, hori bai: pentsioen inguruan eta enplegu politikan. Hain justu, bigarren horretan gerturatzea egon dela onartu dute Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak.

Pentsioen gaian gerturatzea falta bada ere, EH Bilduk ahalegina egiten jarraituko duela ziurtatu du. Joan den ostiraleko bilkuran Jaurlaritzak proposatutako diru kopuruak ez zaizkielako "nahikoak" iruditzen pentsiodunen beharrei erantzuteko. Eta behar horiei ez erantzutea ezin dela ulertu nabarmendu du Iriartek. Azpiazuk, bere aldetik, aurrekontuak aurrera ateratzeko babesa lortzeko eta akordiorako prestasun osoa duela ziurtatu du. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, aurrekonturik ez izatearen kostu sozial eta ekonomikoaz pentsatzeko eskatu die oposizioko alderdiei.

bideoa prestatzen
Pentsiodunentzako diru sailik ezean, EH Bilduk ez ditu bi abstentzio bermatuko EAEko aurrekontuetan

2018-11-19

Eusko Jaurlaritzak iritzi dio alderdi popularrak bere burua utzi duela 2019ko aurrekontuen negoziaziotik kanpo, eta aurrekontuari ez dagozkion gaiak ateratzen aritzea egotzi die popularrei. Izan ere, PPk argi utzi du ez dutela aurrekontuetako partida bakar bat ere negoziatuko, Jaurlaritzak EH Bildurekin dituen akordioak mantentzen baditu.

Joan den ostiralean, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuakk EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin bilkurak egin zituen. Elkarrekin Podemosen kasuan, asteburuan bertan eman dute agortutzat aurrekontuen inguruko negoziazioa, EAJri akordiorako interesik ez izatea egotzita.

EH Bilduri, berriz, guztira, 48 milioiko diru poltsa zertan gastatu negoziatzea proposatu dio Jaurlaritzak. Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen hitzetan, ordea, ez da nahikoa. Eta pentsiodunentzako diru sailik gabe ez dutela haien bi abstentziorik aurrekontuek aurrera egitea bermatuko.

bideoa prestatzen
Hipoteken zergaren ebazpenak eragindako egonezinarekin bat egin dute Foru Gobernuak eta Jaurlaritzak

2018-11-07
Hipoteken zergak bezeroek ordaindu behar dituztela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak eta Nafarroako Gobernuak adierazi du ardura sozialak gaiaren inguruko hausnarketara behartu duela exekutiboa eta Foru Lege proiektua aurkeztuko duela hori aztertzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, hipoteken zergen inguruko azken ebazpenak kolokan jartzen du Auzitegi Gorenaren sinesgarritasuna.
bideoa prestatzen
Nafarroako politika publikoetan berdintasunerako estrategia aurkeztu du Gobernuak

2018-11-05
Nafarroako politika publikoetan emakumeen parte hartze sozial eta politikorako estrategia aurkeztu du Gobernuak Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean. Egitasmoaren helburua genero baldintzatzaileak eta emakumeen parte hartze sozial eta politikorako oztopoak gainditzea eta emakumeen parte hartzea esparru publikoan zein erabakiak hartzerakoan sustatzea da.