Skip to main content
bannerra

Azken bideoak: Literatura

bideoa prestatzen
Rosa Luxemburgen kartzelako gutunak euskarara ekarri ditu Amaia Lasak, Katakraken eskutik

2018-10-26
Rosa Luxemburg erail zutenetik mendeurrenera, Katakrak argitaletxeak haren 'Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti' liburua argitaratu du, Amaia Lasak euskaratutako gutunak bilduta. Iraultzaile marxistak berak preso zegoela idatzitako eskutitzak itzultzeaz gain, hitzaurrea ere idatzi du Lasak. Hainbat argitaletxeren ezezkoa jaso eta 30 urtera, Katakraken babesari esker ikusi du liburuak argia.
bideoa prestatzen
‘Otto Pette’-ren edizio berria, eleberriaren 25. urteurrenean

2018-10-25
Anjel Lertxundiren ‘Otto Pette’ren edizio berria kaleratuko dute liburuaren 25. urteurrenean. Eleberria jada klasikoen artean kokatzen delarik erabaki dute edizio berria egitearekin batera, solasaldia antolatzea eleberriaren inguruan. Arratsaldean bildu dira mahai inguruan Anjel Lertxundi bera, Miren Azkarate euskaltzaina eta Itxaro Borda eta Beñat Sarasola idazleak.
bideoa prestatzen
Eider Rodriguezek bi literaturako Euskadi sari jasoko ditu aurten

2018-10-17
Urte berean birritan saritua izan den lehen idazlea da, euskarazko literturan eta euskarazko haur eta gazte literaturan jasoko ditu sariak, Bihotz handiegia eta Santa Familia lanengatik, hurrenez hurren. Berarekin batera, Kepa Altonaga, euskarazko saiakeran eta Irene Aldasoro, Itzuplengintzan, sarituko dituela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak gaur. Gaztelerazko literaturako saria Karmelo Iribarreni emango diote, Mientras me alejo lanagatik.
bideoa prestatzen
Zeri kantatzen diogu euskaldunok?

2018-10-09
Hitzen ahairea izenburu du Gotzon Barandiaranen azken lana eta galdera bat dakar: Zeri kantatzen diogu euskaldunak? Hortik abiatuta, euskal kantagintzaren inguruko hausnarketa plazaratu du idazleak. Hain zuzen ere, idazleen testuetatik abiatutako kantak izan ditu aztergai obran.
bideoa prestatzen
‘Gerezi garaia’, Belatz komikigilearen azkeneko eleberri grafikoa

2018-09-28
Belatz komikigile iruindarrak Lucio Urtubiaren bizitza kontatu du ‘Gerezi garaia’ bere azkeneko eleberri grafikoan. Lan berriak prestatzeari ekin dio dagoeneko eta, une honetan, bere irudietako batzuk Nafarroako Komikiaren IX. Azokan ikus daitezke, Iruñeko Kondestablearen jauregian.
bideoa prestatzen
'Zendabalitz' eleberria idatziko du Erika Elizarik, XXI. Igartza sariari esker

2018-09-12

Erika Elizarik izango du aukera XXI. Igartza saria baliatuta ‘Zendabalitz’ eleberria idazteko. Hamabi proiektu izan dira aurtengo Igartza sariketara aurkeztu dituztenak eta horien artetik Elizarirena aukeratu du Miren Amurizak, Igor Estankonak eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak. Pozik hartu du berria Elizarik, baina argitu du beretzat berria den mundu batean murgiltzera doala.

Momentu oso konkretutik abiatuko da ‘Zendabalitz’ liburuko istorioa. Arazo tekniko bategatik aireratu ezin duen hegazkin bat irudikatu du, eta bertatik atera ezinda geratutako bidaiarien burutazioek harilkatuko dute kontakizuna.

Egoera horretan, bidaiariei sortzen zaizkien kezketan jarri du fokua Elizarik, hain zuzen, iraganari edo geroari lotutako beren gogoetetan. Zehazki, zazpiren istorioak tartekatuko ditu eleberrian, haien barne bakarrizketetan jarriko du arreta.

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek antolatzen dute Igartza saria, idazle gazteei proiektu bat garatzeko aukera ematen diena. 21. aldia du aurtengoa. Dena ondo bidean, ‘Zendabalitz’ eleberria urte eta erdi barru argitaratuko du Elkar argitaletxeak.