Skip to main content
bannerra

Realeko neskak Kopako finalerako sailkatu dira lehen aldiz


Sevillari 3-1 irabazita, kopako finalerako txartela eskuratu dute txuri-urdinek igandean Anoetan. 18.731 zaleek lagunduta nagusi izan ziren gipuzkoarrak partidu osoan zehar. Finalean, Atletico Madril izango dute aurrean, Ligako talderik indartsuena, baina metatuako indar eta ilusioa baliatzen saiatuko dira Arkonadaren neskak kopa Donostiara ekartzeko. Norgehiagoka Granadan izango da, Los Carmenes zelaian, maiatzaren 11an.

Gurean Gaur

Euskaltzaindiaren mendeurreneko bosgarren jardunaldi akademikoaren leloa 'Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak' izango da. Helburuak hiru dira: nazioartean dauden ikerketen berri ematea, etorkizunean dialektologiak izan behar dituen ikerketa ildoetaz hausnartzea eta hizkuntza-atlasen etorkizuneko erabilgarritasunaz hausnartzea. Dialektologia biltzarrari bide emateko, Euskara Ibiltaria erakusketa berritua eta interaktiboa aurkeztuko dute martxoaren 13an. Guztira 17 hizlari egongo dira: Xarles Videgain, esaterako. Jardunaldi akademikoa martxoaren 14an eta 15ean izango da, Bilboko Euskal Museoan.


Gizartea

Erraustegiaren isuri toxikoenak ez dira modu iraunkorrean neurtuko. Hala dio GuraSOS plataformak gaur publiko egindako txosten konfidentzial batek. Aldunditik behin eta berriz sustantziarik toxikoenak etengabe neurtuko zirela errepikatzen jardun duten arren, GuraSOSek publiko egindako txostenaren arabera bi hilabetean behin egingo dira neurketa horiek lehen urtean, eta hiru hilabetean behin bigarren urtetik aurrera. Kalkuluak eginda, Erraustegia martxan jarri eta lehen urtean, guztira, 36 ordu bakarrik neurtuko dira. Bigarren urtetik aurrera denera urtean 24 orduz bakarrik egingo dira neurketak.

Politika

4.000 lagun baino gehiago bildu ziren atzo Donostian, Gure Esku Dagok autodeterminazioaren alde eta preso politiko kataluniarrei elkartasuna adierazteko egindako manifestazioan. Euritako horiak hartuta,” Konponbidea, Democracia, Llibertat” lelopean egin zuten Katalunia Plazatik Boulevarderainoko bidea. Euritakoez haratago ere, horia izan zen parte hartzaileek soinean zeramatzaten arropetan gehien errepikatu zen kolorea.


Hezkuntza

Nafarroako Gobernuak 2016az geroztik 300 ikur eta aipamen frankistatik gora kendu direla jakinarazi du. Urte horretan osatuz joan zen erroldak 224 ikur eta 78 ohorezko aipamen biltzen zituen eta ordutik 160 gehiago antzeman izan dira.

 
bannerra

bannerra