Skip to main content

Irati Agirreazkuenaga, kultur aditua: “Agurra antzezlana euskaraz ikusi ahal izango da

Kultura

Irati Agirreazkuenaga kultur adituarekin hitz egin dugu datozen hilabeteetako kultur agendari buruz.

Martxoaren 27an Antzerkiaren Mundu Eguna izango da eta oroimenaren galerari buruzko bi lan ikusi ahal izango dira Bilboko BBK aretoan; alde batetik, martxoaren 24an Agurra antzezlana eskainiko du Gipuzkoako Bidania konpainiak. Agurtzane Intxaurragak zuzendu du obra, eta Kandido Uranga eta Iñigo Gastesi dira aktoreak. Jatorrizko lana Herbereetan sortu bazen ere, euskaraz ikusi ahal izango da lehen aldiz Euskal Herrian. Bi gizon bakartiren arteko topaketa kontatzen du, zahartzaroko gaixotasun bat diagnostikatu dioten gizon baten eta bere semearen artekoa. Apirilaren 1ean, berriz, Titzina konpainia kataluniarrak Búho antzezlana eskainiko du; amnesia pairatzen duten pertsonei buruzko bizipenak kontatzen ditu obrak.

Loraldia jaialdia azken astean murgildu da, eta larunbatean gazteen sormenari eskainiko dio lekua. Hain zuzen, bertsolaritza, antzerkia, musika eta dantza emanaldiak ikusi ahal izango dira La Terminal espazioan: Habia taldearen kontzertua, Formon laborategiaren Album antzezlana, Silitia taldearen kontzertua eta Ez da inor galdu patinetan dantza garaikide ikuskizuna.