Skip to main content

Julen Hernandez, Zeid Fest: “Sekulako kartela osatu dugu Zeid Fest jaialdirako”

Kultura

Apirilaren 1ean ospatuko da Zeid Fest jaialdi erraldoia Barakaldoko BECen, eta Julen Hernandezek nabarmendu digu sekulako kartela osatu dutela: “Musika eta aktuazio bereziak izango dira eszenatoki gainean eta publiko artean, eta espero duguna da jende ugari gerturatzea, eta gurekin festa egitea”.

Jaizkibel Konpainiak emango dio hasiera festari: “Zeid Fest jaialdia bertako ateetatik harago doan zerbait da, eta nahi genuen ohorezko norbaitek ateak ireki zitzan”. Albina Stardustek eta beste hainbat trabestiek hiru show ezberdin eskainiko dituzte publiko artean, eta Stardust izango da ikuskizunen zuzendari artistikoa: “Trabestiak bere bidea egiten ari dira Euskal Herrian, eta Zeid Fest jaialdian lekua eman nahi genuen horiei guztiei”.

Hemendik At taldea omenduko dute jaialdian; Hernandezek nabarmendu du sekulako ondarea utzi dutela Euskal Herrian, eta ondare horrekin dantza eta festa egin nahi dutela: “Beraiek ez dira izango bertan, baina izugarrizko showa prestatzen ari gara, eta oso ondo pasako dugu taldearen musikarekin”.