Skip to main content

M ama* eme* ume*: amatasuna ardatz izango duen ikus-entzunezko podcasta emitituko du Hamaika Telebistak

Prentsa oharrak

Donostian, 2023ko abuztuaren 29an

Irailaren 5ean emitituko da lehenengo atala, gaueko 22:00etan.
Amatasunaren nondik norakoak 16 emakumeren testigantzen bitartez jasoko dituen saio bat izango da M ama* eme* ume*. Atal bakoitzak iraungo duen 28 minutuetan testigantza bat jaso eta amatasunaren inguruko gai bati helduko dio. Ainara Lopez Zarco eta Miren Lantz Solbes izango dira saioaren gidariak eta saio bakoitzean emakume bat gehituko zaie. Horrela, hiruren artean, norberaren bizipenetatik abiatuta gai ezberdinak jorratuko dituzte.

M ama* eme* ume* saioaren helburua amatasun feministei ahotsa eta gorputza ematea izango da, amatasun modu anitz daudela erakutsiz. Bizipenak anitzak dira, amak eta feministak asko eta askotarikoak diren bezala: erditu diren amak, erditu ez direnak, ama ez izatea erabaki dutenak, ama bakarrak, banatu direnak, adopzio bidezkoak, amamak, etorkinak, ama lesbianak, heriotza gestazionala bizi dutenak…

Amatasunaren inguruko ikuspegi dogmatiko eta idealizatuak alde batera utziko dira.
Bakoitzaren bizipenetatik abiatuta, egungo galderei erantzunak ematen ahaleginduko dira hiru emakumeak. Emozioei, lekukotzei eta bizipenei tartea eskainiko zaie. Norberaren barruan begiratzeko eta hausnartzeko aukera ekarriko du saio honek.

Formatuari dagokionez, saioa bi modutara jarraitzeko aukera egongo da: telebistako
saio arrunt bezala, eta podcast moduan Ivoox, Spotify eta Youtube podcast plataformetan.

Edukiari dagokionez, saioaren ideiak Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren izen bereko liburuan du jatorria. Liburuak 11 ama eta 2 aitaren kontakizunak biltzen ditu amatasuna eta feminismoa uztartuz.

 

Deskargatu prentsa oharra