Tximist proiektua abian jarriko dute HPS eta Hamaika Telebistak
Prentsa oharrak
- Gertuko, fidagarri eta erakargarri. Formatu eta sare berriak erabiliz, euskaraz eta
euskaratik informatu, entretenitu eta komunitate baten parte sentiaraztea da
helburu nagusia. - Proiektua aurrera ateratzeko, euskaraz ikasi duten Gasteizko kazetari eta ikus-
entzunezko ikasleei aukera emango zaie ikasitakoa praktikan jartzeko.
Egitasmoa Gasteizko gazte euskaldunei zuzendua dago eta sare sozialak euskarazko edukiak eta Harrobia landuko ditu.
Araba Ikusentzunezkoak SLk (Hamaika Telebista) eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HBS) Tximist izeneko egitasmoa pilotatuko dute elkarrekin Gasteizen. Egitasmoak eskaintza berri bat zabalduko die gasteiztar gazteei sare sozialetan euskaraz aritzeko eta edukiak euskaraz kontsumitzeko ohitura sustatzeko. Edukiak gazteak dabiltzan sareetan banatuko dira eta formatua sare horietako bakoitzari egokituko zaio.
Oro har, Gasteizko herritarrek aldekotasun handia erakutsi dute euskararekiko. Azken urteetan Gasteizko egoera soziolinguistikoak hobera egin du eta bereziki gazteen artean. Irabazi den guztiari eutsi eta aurrera egiteko aukera ederra dago. Eskola ez da nahikoa euskalduntze prozesuetan, aisialdian eta lanean ere urratsak eman behar dira helburu egokietara iristeko. Testuinguru honetan kokatzen da proiektua.
Hizkuntzaren ikuspegitik dagokionez, gertuko eta konfiantzazko euskara erabiliko du Tximist egitasmoak, hau da, gazteek darabilten euskara erregistroa: Gasteizko gazteen euskara batu naturala.
Gazte gasteiztarrei euskarazko eduki horiek bermatzeko lantalde bat osatuko da. Horretarako, kazetaritza, ikus-entzunezkoak edota teknikari ikasketak euskaraz egin dituztenentzat praktikak eta egonaldiak antolatuko dira Gasteizko Hamaikaren egoitzan. Lantalde hori bera izango da Tximist proiektua garatu eta bideratuko duena. Talde honetako ikasleak gazteak izateaz gain, emakumezkoen presentzia handia edo ia erabatekoa izango da eta berdintasun eta ikuspegi feminista batetik jorratuko dituzte gai
eta edukiak. Aukera bat eman nahi zaie emakume gazteei sektorean lan egiteko, bereziki hain maskulinizatua izan den arlo teknikoan.
Harrobia egitasmoa
Tximist egitasmoaren barruan Harrobia izeneko atala izango da oinarrietako bat: gazteak euskarazko komunikazio-lan mundura bideratzea. Ikasketak euskaraz egin dituzten edo egiten ari diren gasteiztarrek aukera gutxi baitute hizkuntza berean lan egiteko hedabideren batean.
Egitasmoa aurrera atera ahal izateko, unibertsitate eta lanbide eskolekin Harrobia landuko du Hamaikak eta praktikaldiak martxan jarriko ditu. Ikasleok tutore bat izango dute lan prozedura ezberdinak ikasteko eta egin beharreko lanetan zein pausu eta norabide hartu jakiteko. Tutoreak ikasleen talentua bideratzen laguntzeaz gain, baliabideak neurtu eta horien batan lan egiten erakusteko ardura izango du.