‘Belarri bero, bai esan?’ websaila emitituko da asteazkenetan 22:00etan Hamaika Telebistan
Prentsa oharrak
- Apirilaren 26an emitituko da lehen atala Kolpez Kolpe saioaren baitan, eta
zuzenean, nahiera eta Smart TV-n ikusteko aukera egongo da. - Dorleta Urretabizkaia, Olaia Gil, Nerea Arriola eta Olatz Beobide aktoreak
izango dira protagonistak.
Donostian, 2023ko apirilaren 18an
Telefono linea erotiko batek dituen arazo ekonomikoak dira istorioaren abiapuntua. Axunek, negozioaren nagusiak, ez ditu Ines, Garazi eta Eider, bere hiru langileak, jakinaren gainean jarri. Hala ere, lehenago edo beranduago aurre egin beharko diote errealitate horri. Lau protagonistek eguneroko jardunean bizitzen dituzten egoerek
osatzen dute trama nagusia.
Guztira 6 atal emitituko dira, astero bat, eta bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du. Apirilaren 26an, lehenengo emisioarekin batera, Dorleta Urretabizkaia eta Aitor Altuna Kolpez Kolpe saioan izango dira websailaren nondik norakoak azaltzen.
Websailaren hiru zuzendariak Uxue Bereziartua, Uxue Amonarriz eta Aitor Altuna dira, eta proiektua Hernaniko Udalaren 2019ko Sormen Beka eskuratu ondoren jarri zuten martxan. Makina bat herritan egon dira websailaren proiekzioa emititzen, eta orain, egindako lan hau Hamaika Telebistan finkatuta utzi nahi izan dute edonork eskura izan
dezan.
Zehar Kablearen helburu nagusiak gazteentzako ikus-entzunezko bat sortzea, sexualitatearen gaia ikuspuntu feminista batetik jorratzea, euskarazko umoregintzari ekarpen bat egitea eta sorkuntza prozesua eragile eta pertsona ezberdinen parte hartzearen bidez egituratzea dira.
Sortzaileek dioten bezala, kultura kontsumitzeko moduak aldatu egin dira, eta orain euskarak toki bat aurkitu behar du hizkuntza hegemonikoek sortutako kontsumo eredu
honetan. Zalantzarik gabe, teknologia eta plataforma berrien agerpenak zuzenean eragin dio euskal kulturari. Testuinguru horretan, ‘Belarri bero, bai esan?’-ek euskaraz egindako umoreari espazio bat eskaini nahi izan dio, eta tabuak atzean utziz, sexualitatea mahai gainean jartzeko aukeraz profitatu da. Begirada feminista batetik sexuaitatearen gaia normaltzeari zuzendu zaio.