Image

All Stories

Ibai Fernandez: "Hedabide gehienek erantzukizun handiz jokatu dute"

Ibai Fernandezentzat "mugitua" eta "berezia" izan da pandemia. 30-40 lagun daude erredakzioan; lankide askok etxean egin behar izan dute lan, eta digitalizazioaren prezesua azkartu behar izan dute. Webguneari garrantzia handiagoa eman diote; horretara egokitu behar izan dute, eta bi urtetan egin behar zuten prozesua sei hilabetetan egin behar izan dute.

Gero eta jende gutxiagok erosten dute egunkaria, eta Fernandezen esanetan, beren salmentetan asko eragin du tabernak ixtea. Hala ere, irakurleak "ikaragarri" igo dira webgunean, eta igoera handia nabaritu dute: "Interes handia zegoen, datuak berehala jakin nahi zituen jendeak. Gehien irakurri diren hamar albisteetaitk zazpi COVID19 ingurukoak dira".

Hedabideen jarduna "oso ona" izan dela dio Ferndezek, eta Nafarroako hedabideek "erantzukizun handiz" jokatu dutela nabarmendu du. Gizartea "oso ongi" informatu dutela uste du, "sinesgarritasun osoa eman zaiolako osasun sailetik iristen zen informazioari, eta sinesgarritasu horrekin gizarteari bideratu izan zaio. Herritarrek ez dituzte neurriak beteko, egoeraren larritasuna ez badu ulertzen, eta komunikabide gehienek bide horretatik jo dutela uste dut".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Edurne Egino: "Mundu osoko begirada garrantzitsua da"

Edurne Eguino medikua da, eta pandemia nola bizi izan duen kontatu digu Altxa Burua saioan. Eguinok azpimarratu du birusa mundu guztian dagoela, baina herritarrek beren ingurukoa bakarrik ikusten dutela: "Birusa hegazkinean etorri zen, eta hegazkinean dabil oraindik ere; gure artean dago". Zentzu horretan, mundu osorako begirada izatea garrantzitsua dela dio, eta txertoaren kontuarekin kezkatuta dagoela adierazi du: "Txertoarekin kezkatuta nago: ez dakit zer gertatuko den Afrikan, Asian...".

Osasungintzari dagokionez, adierazi du Osasunbideak "goi mailako" erantzuna eman duela, eta azpimarratu du "oso ongi" kudeatu duela pandemia. Nolanahi ere, lehen arretak ahultasunak dituela ere onartu du: "Lehen arretan, osasun-etxeetan, jendea falta zen; ez genuen 10 minutuko arreta eskaintzen pertsonako, askoz ere minutu gutxiagoko arreta eskaintzen genuen, eta hori faltan botatzen dut orain ere".

Bere iritziz, pandemiari aurre egiteko irtenbidea ez zen ZIU gehiago jartzea: "Denok dakigu zenbat urte behar diren ZIUetako erizain edo mediku bat formatzeko". Hala ere, hurrengo urteetako plangintza falta dela azpimarratu du: "Hemendik 10 urtera, nire belaunaldiko medikuak jubilatu egingo gara, eta ez dago horien guztien tokia beteko duenik". Hori dela eta, datozen urteetako plangintza egitea ezinbestekotzat jo du, eta sektore publikoko langileen egoera ere salatu du: "Gaur egun, osasungintzako eta hezkuntzako langileen kontratuak egunetakoak edo asteetakoak dira, eta langileen erdiak baino gehiagok ez du plaza finkorik; hori oso larria da".

Eguinoren iritziz, sistemak "oso ongi" kudeatu du pandemia, baina agintarien aldetik aholkuak garbiagoak izan beharko luketela dio: "Agintariek ez dute konfiantzarik izan herritarrengandik, eta konfiantza falta horretatik erantzuten du gizarteak".

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

 

Lucia Etxeberria: "Koronabirusa guztiz gaixotasun soziala izan da"

Lucia Etxeberriak aztarnari gisa egin du lan pandemia osoan. Pandemia osoan zehar, asko aldatu da beren lana: "Hasieran ez zen PCR probarik egiten, horretarako materiala aillegatu zen heinean hasi ginen probak egiten, aztarnarien funtzioa zehazten".

Koronabirusaren inguruko ezagutza zabaldu zein heinean, neurriak egokitzen joan ziren. Etxeberriak azpimarratu du COVID gaixotasuna "guztiz soziala" izan dela: "Egoera ekonomikoak, isolamenduak, heriotza tasak, langabezia tasak... Alde sozial hori ikusi dugu, isolamendu bat egiteak sufrimendu handia dakarrelako, eta ikusi dugu pertsona guztiei ez diela berdin eragiten". Zentzu horretan, adierazi du aztarnariek taktu handiz egin behar izan dutela lan: "Konektatu beharra dago telefonoaren bestaldean dagoen pertsonarekin, berak ere galdetegi nahiko bortziari aurre egin behar diolako".

Zentzu horretan, azpimarratu du buru osasunean ere eraginak izan dituela, eta hor emakumeen funtzioa oso nabaria izan da: "Familia guztiaren zaintzaz arduratzen zen emakumeak isolamenduak egin behar izateak antsietatea eragiten zien".

Ikusi Altxa Burua nahieran.

 

Iñigo Martinez: "Konfinamendua oso gogorra izan da ostalari eta dendarientzat"

Iñigo Martinez Latxan merkatari elkarteko kidearekin hitz egin dugu Altxa Burua saioan. Martinezen hitzetan, konfinamendua oso gogorra izan zen merkatari eta ostalarientzat; adierazi duenez, gehiengoak itxi egin behar izan zuen egoerak hala behartuta, eta komertzioen eta ostatuek ez zituzten diru sarrerak bermatuta: "Saltoki batzuen bideragarritasuna kolokan jarri zen".

ERTEak "oso eskertzekoak" izan direla adierazi du, baina ziurgabetasun handia sentitu dute: "Jendeak bere burua salduta ikusi du, eta psikologikoki oso gogorra izan da". Nabarmendu du beste herrialde batzuetan beste modu batera kudeatu dela egoera, eta Frantzia eta Alemania jarri ditu adibide: "Laguntzak iragartzen ziren hemen, baina argitaratzerako denbora pasatzen zen, eta kobratzen zirenerako..."

Konfinamenduan irekita egon ziren saltokientzat egoera "oso gogorra" izan zen egoera: "Merkatariek beldur ikaragarria izan zuten bezeroak kutsatzen zituztenak izateko; psikologikoki oso gogorra izan zen, eta leher eginda bukatu zuten". 

Martinezen esanetan, konfinamenduak eragin handiagoa izan du irudiarekin eta janztearekin zerikusia duten saltokientzat, eta horrek ez du eragin handirik izan auzoan. Era berean, adierazi du hilabete hauetako egoerak balio izan duela tokiko merkataritzan duten garrantziaz kontzientzia hartzeko.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Nerea Fillat: "Haurrak ez dira momentu bakar batean ere garrantzitsuak izan"

Nerea Fillat gurasoa da, eta oso kritiko da pandemian hartu diren zenbait neurrirekin: "Haurrak desagerrarazi egin zituzten bizitzetatik, eskolarik gabe, mugimendurik gabe, sozializaziorik gabe, eguzkirik gabe... Hori oso gogorra izan da". Hori horrela, azpimarratu du gizartearen "azken katebegietako" bat izan direla.

Zentzu horretan, azpimarratu du pandemiak erakutsi duela gizarte hau "zer den, eta berarentzat haurrak ez direla garrantzitsuak; sindemia honetan ez da neurri bakar bat ere hartu haurrak erdigunean jarri dituena". Era berean, azpimarratu du familia patriarkalari indar handiagoa eman zaiola, eta hezkuntza sistema osoa desagertu dela.

Horrez gain, adierazi du umeek ez dutela aukerarik izan beraientzat ezinbestekoak diren esparruak (sozializazioarena, ikastearena, lagunekin egotearena...) lantzeko, eta klase altuko zein beheko haurrek egoerari aurre egiteko baliabide ezberdinak izan dituztela dio. Neurri desegokiak izan direla adierazi du: "Krisian gertatutako guztiak ikasteko aukera eman zezakeen, baina zentzu txikia duten neurriak mantendu dira, umeentzat ondorio handiak dituztenak". Zentzu horretan, gizarte, hezkuntza komunitate eta gurasoek barne hausnarketa egin beharko luketela adierazi du.

Ikusi Altxa Burua nahieran.

Josean Villanueva: “Haurrei esker aurreko ikasturte bukaera ona izan genuela esan dezakegu"

Josean Villanueva Bernart Etxepareko orientatzailearekin hitz egin dugu haurrek pandemian izan duen eraginaz. Ikasturte "intentsioa" izan dela azpimarratu du Villanuevak; beldur ugari izan zituzten hasieran, ez zekitelako egoera nola kudeatu. Hala ere, azpimarratu du haurrek berehala barneratu zituztela segurtasun neurri guztiak. 

Era berean, adierazi du pandemiak lehenago zeuden jarrerak eta jokabideak areagotu egin dituela: "Onerako ala txarrerako areagotu ditu; dinamika onak zituzten familiak hobetu egin dituzte harremanak, baina dinamika txarragoak zituztenentzat zailtasunak areagotu egin dira". Zentzu horretan, gurasoen jarrerak haurrengan eragina duela adierazi du: "Gurasoek egoera ondo kudeatzen badute, haurrek ere hala egiten dute". Horrez gain, Villanuevak azpimarratu du maskarillak jendea ezagutzeko zailtasunak eta emozioen kudeaketa berbala lantzeko zailtasunak eragin dituela.

Ikusi Altxa Burua nahieran.

Amaiur Feliu: "Tabernariak oso kriminalizatuak izan gara"

Amaiur Feliu Meson de Navarreria tabernako arduraduna da, eta pandemiak beraiengan izan duen eragina izan du hizpide. Nabarmendu du egoera gogorrak pasa dituztela: "Aurtengo urteari aurre egiteko soilik hipoteka bat eskatu dut lau urterako". Hala ere, adierazi du Espainiako Gobernuak martxan jarri dituen neurriek (ERTEak, esaterako) arindu egin dituztela ondorioak.

Tabernarien sektorea kriminalizatua izan dela nabarmendu du: "Navarrerian, hainbat bizilagunek argazkiak ateratzen zituzten, eta udaltzainen presentzia ere oso handia izan zen". Hala ere, galdetu du ea Mercadonan eta horrelako supermerkatu handietan ez ote dagoen birusik. Adierazi du uste zuela hainbat taberna frankiziek erosiko zituztela, baina nabarmendu du ez dela horrelakorik gertatu.

San Ferminik gabe kohesio sozial hori berreskuratzea zaila izango dela adierazi du, eta ohiturak zenbateraino aldatuko diren galdetu du: "San Ferminak orain artekoak izango dira? Kaleak beteta ikusiko ditugu berriz?", galdetu du.

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

Patxi Arriada: "Hainbat lagun deus gabe gelditu dira egun batetik bestera"

Totem aretoan jatetxe izateaz gain, kontzertuengatik ere bada ezaguna. Pandemia iritsi zenean, harriduraz hartu zuten, eta etengabe galdetzen zioten ea zer pasatzen ari zen. "Nahiko gaizki" pasa dutela adierazi du Arriadak, eta agintariek hartu dituzten zenbait neurri "ulergaitzak" direla adierazi du: "Ez dugu ulertzen tabernaren barruan hainbat protokolo egotea, eta hemendik kanpora nahi duguna egin ahal izatea; gaizki ikusiak izan gara".

Polizia lanak egin behar izan dituzte, eta horrek "barneko mina" eman diela nabarmendu du: "Ez da erraza gertuko pertsonei esatea zer egin behar duten". Proiektuaren gibeletik hainbat pertsona daudela nabarmendu du, eta horietako asko "deus gabe" gelditu direla adierazi du. Hala ere, aurrera egiteko gogoz daudela azpimarratu du.

Ikusi 'Altxa Burua' saioa nahieran.

Ibai Osinaga: "Pandemiako geldialdiak asko lagundu digu sorkuntzarako"

Ibai Osinaga eta Amets Aranguren Ibil Bedi taldeko kideak dira, eta sekulako arrakasta lortu dute pandemian. Pandemiaren ondoren loratu zen beren bigarren diskoa, eta hainbat kontzertu eskaini dituzte hilabete hauetan guztietan. Pandemiak beren sorkuntzan izan duen eraginaz hitz egin dugu beraiekin.

Ikusi 'Altxa Burua' saioa osorik nahieran.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image