Image

All Stories

Maider Perez de Villarreal: "Gizartea gazteen epaile bihurtu da"

Maider Perez De Villarreal unibertsitateko irakaslea da, eta pandemiaren aurretik eta ondoren jarrera demokratikoak eta balio zibikoak aldatu egin ote diren aztertu dute ikerketa batean. Galdeketa bat prestatu dute, lau dimentsiotan oinarritutakoa (printzipio demokratikoen balorazioa, parte hartzea eta erantzukizun soziala, pertsona barruko trebetasunak eta pertsonen arteko trebetasunak). Unibertsitateko lehen urteko gazteek hartu dute parte ikerketan, eta pandemiak ekarritako aldaketek beraiengan izan duten eragina aztertu dute.

Ikerketan ateratako ondorioen arabera, gai sozialekiko interesa handitu egin da, eta erakunde publikoen gardentasunari buruzko interesa ere piztu egin da gazteen artean. Era berean, kudeaketa emozionala handitu egin da, eta pertsona barruko trebetasunak garatu egin dituzte. Adinekoekiko errespetua, eta zaintzarekiko konpromiso sendoagoa ikusi dute gazteen artean, eta migratzaileekiko zein giza eskubideen aldeko interesa ere handitu egin dela ikusi dute. Emaitzak "oso positiboak" izan direla dio.

Gizartea gazteekiko epaile bihurtu dela dio: "Nik gazteengan sinisten dut; kontuan izan behar dugu herritarrok harreman sozialak behar ditugula, eta are gehiago, gazteen adinean. Oso garrantzitsua da laguntasuna sentitzea, elkartasuna... oso polita da elkarrekin nola hazten diren ikustea, eta konfinamenduak hori kendu die". Horrez gain, Maiderren iritziz, gazteek kritikotasun handiagoa garatu dute pandemia garaian: "Lehen otzanagoak ginen; kritikotasun handiagoa garatu dugu pentsatzeko informazioa iturri fidagarri batetik datorren edo ez". Era berean, balio zibikoak eta jarrera demokratikoen arloko interesa mantenduko dela uste du.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

"Zaila izan da ikasketak etxetik jarraitzea"

Ion Etxalar eta Mikele Lopez De La Hoz batxilergoa amaitu, eta unibertsitatean hasi dira ikasturte honetan. Pandemia garaia "nahiko zaila" izan dela dio, baina Mikelek adierazi du "konturatu gabe" pasa zaiola: "Nahiko arraroa izan da, baina, orain, perspektibarekin begiratuta, konturatzen naiz zenbat gauza galdu ditugun".

Pandemia garaian, klaseak online jaso zituzten, eta nabarmendu dute ez zutela gauza handirik ikasi: "Klase eta azterketa guztiak online egin genituen, eta zaila izan da ikasketak etxetik jarraitzea". Etxalarren arabera, ikasleen eta irakasleen arteko harremana zaildu egin du klaseak online izateak: "Minutu bateko zalantza argitzen zenuenerako, bost minutu pasatzen ziren. Gero, klasera bueltatu ginenean, inoiz faltan botatzea espero ez nuen gauzak bota ditut faltan: ondokoarekin hitz egitea, esaterako".

Mikeleren arabera, "oso zaila" izan da bigarren batxilergoa afaririk gabe, edota lagunekin irten gabe egitea. Horrez gain, gertuko lagunez gain, jende berria ezagutzea oso zaila izan da, eta hori faltan bota dute: "Selektibitatean konturatu nintzen lehenago bistaz ezagutzen nuen jendea, gure adin beretsuko jendea, toki berean elkarrekin ikustearen beharraz".

Etxalarrek ez du uste gazteak kriminalizatuagoak izan direnik, baina Mikeleren iritziz, gazteen aurkako jarrerak zabaldu dira pandemian.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Xabier Agirre: "Aldaketa egoera dela argi dago, baina bidea guk erabaki behar dugu"

Xabier Agirre filosofoa da. Bere iritziz, ukaezina da zerbait aldatu dela pandemia honen ondorioz: "Pandemia hau agian ez da gogorrena izan, baina bai globalizatuena, eta horrek aldaketak ekarri ditu".

Filosofoaren esanetan, elkartasuna edota lagunkoitasuna zabalduko zirela zioten pandemiaren hasieran, baina Agirre ez dago seguru hori gertatuko ote den. Zentzu horretan, aldaketa momentua dela azpimarratu du Agirrek: "Zerbait aldatu behar bada, guk aldatu behar dugu. Aldaketa egoera dela argi dago, baina bidea guk erabaki behar dugu. Balio izan digu ikusteko garrantzitsuena ez dela oporrak ahalik eta urrutien egitea, ahalik eta diru gehien izatea, eta beharbada baloratzen ikasi dugu gure bizilagunaren irribarea, goizeko egunona, gure gurasoen ahotsa telefonoen bitartez entzutea.... Espero dugu horrelako gauzak betirako gelditzea, baina ez dakit zer gertatuko den".

Zaintza lanak izan ditu hizpide Agirrek, eta nabarmendu du pandemia garaian negozioa egiten jarraitzen dutela: "Ezkutatzen aritu dira zaharren egoitzetan gertatzen ari dena; zerbait aldatuko da, baina beldur naiz zerbait azalekoa izango ote den". Zentzu horretan, jendartearen zaintzaz edo segurtasunaz ere hitz egin du filosofoak, eta nabarmendu du herritarrak beren bizilagunak zelatatzera bultzatu dituztela: "Herritarrak bizilagunak zelatatzera bultzatu gaituzte eta hori nahiko arriskutsua da". Zentzu horretan, nabarmendu du neurri sanitarioak ez direla debekuen bitartez ezarri behar: "Ze, zer da politagoa debeku hori haustea baino? Ulertzen badugu zertarako den, gogoz errespetatuko duzu, eta autoritate morala izango duzu ondokoari ere errespeta dezala eskatzeko".

Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, proletario berriak sortu direla azpimarratu du, eta "ekonomia berri" bat sortu dela dio: "Hain langabezia-tasa handia da, edozertara ohitzen ari gara. Prekarietateak agintzen duen ekonomiarantz urratsak ematen ari gara, eta ez dugu onartu behar: lanbide duinak bultzatu behar ditugu, egonkorrak, gazteei etorkizuna eta esperantza transmitituko dietenak".

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

Gaizka Aranguren: "Adierazten ez diren gauzak ahaztu egiten ditugu"

Gaizka Aranguren Labrit ondarea enpresako zuzendaria da. Pandemia honetan herritarrek bizitakoa biltzen ibili dira Atarrabian eta Leitzan, testigantzak jasotzen: "Memoriak kontatzen dena gogoratzen du; nekez eutsiko diogu bizi izandako zerbaiti gero adierazten ez badugu, adierazten ez diren gauzak ahaztu egiten baititugu". Arangurenek bilketa prozesuaren antolaketa garrantzitsutzat jo du, baina baita bilketa prozesu horren bitartez biltzen den corpusari ere, "etorkizunean ere bestelako tranmisioak egiteko aukera ematen duelako".

Arangurenen iritziz, konpartituena kontatzea izan da gizakien joera: "Elkarrekin egin duguna kontatzea gustatzen zaigu: auzokoekin egindako kontuak, balkoietako txaloak...". Era berean, adierazi du senitartekoen doluak behar bezala egiteko aukera murritzagoak izan direla pandemia garaian, eta herri edo auzo bakoitzako kohesio sozialaren araberakoak izan direla bertan sortutako elkartasun sareak.

Jende gazte gutxiegiren testigantzak bildu dituztela dio: "Denborak aurrera egin ahala, gaixotasunak, heriotz kopuruan ikusten den bezela, zaharrengan eragin du, baina ikaragarrizko froga pasarazi diegu nerabeei; beraientzat ere nahiko tabu izan daitezke sentimendu hauen berri ematean, beren bizitzak baldintzatuta sentitzen zituztelako adineko pertsonen hobebeharrez". Etorkizunera begira ez da oso baikorra Labrit ondarea enpresako zuzendaria: "Uste nuen kapitalismo basatienaren defendatzaile sutsuenak ere desazkundearen bidetik joko zuela behingoz, baina badirudi ezetz. Horrelako gertaera batek sakoneko iraultza baterako kontzientziak astintzen ez baditu zerk eginen du?", galdetu du.

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

Ainhoa Juaniz: "Espero dut aseptikoak ez bihurtzea"

Ainhoa Juaniz Zirika Zirkus taldeko kidea da, eta pandemiak beren lanean izan duen eragina izan dugu hizpide. Berrerabizi ikuskizuna estreinatu behar izan zuten abenduaren 19an, baina pandemia iritsi zenean, animazioa ikuskizun bihurtu behar izan zuten, eta beren jarduna urtebete atzeratu da: "Martxoan hasi behar genuen ikuskizun berriarekin, eta ekainean estreinatu, eta urtebete beranduago estreinatu dugu. Urtebeteko atzerapena izan da, eta animaziozko emanaldia izan behar zuena, ikuskizun bihurtu da. Hala ere, lana nahiko normal egin dugu profesionalki".

Juanizek nabarmendu du oso konpainia "hurbila" direla, eta pandemiak eragina izan duela publikoarekiko harremanean: "Oso konpainia hurbila gara, jendearen artean ibiltzen gara, eta gure egiteko modua asko aldatu da. Ikus-entzunezko formatua zabaldu da, bideoak egin ditugu, Zubirin etxez etxe egin genuen ipuin lehiaketaren sari banaketa... gauzak berriak ekarri ditu pandemiak".

Ainhoak espero du "herri aseptikoa" ez bihurtzea: "Espero dut besarkadak bueltatzea, laztanak...". Era berean, nabarmendu du espero duela bueltan jasotzea artistek hilabete hauetan eman duten guztia: "Konfinamendu garaian hor egon gara, eta espero dut hor jarraitzea hau guztia pasatzen denean". Euskaraz programatzen diren ekimenetara joatearen garrantzia ere nabarmendu du Juanizek: "Euskaraz programatzen da, eta joan behar dugu. Ezin gara kexatu gero".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Oier Zuñiga: "Definitu ezin den giroa sumatzen da Iruñean"

Oier Zuñiga Zaldi Urdina antzezlana aurkezten ari ziren pandemia iritsi zenean; ia 5 hilabete egon ziren geldirik, 45 emanaldi bertan behera gelditu zirelako bat-batean: "Sorkuntza nire ingurua ulertzeko eta errealitatera gerturatzeko erabiltzen dut, baina errealitatea hain ezjakina, arraroa eta beldurrezkoa zenean, blokeo handia sentitu nuen". Ez jakintasun handiarekin bizi izan zuen uda, ez zekielako posible izango ote zen bertan behera gelditutako emanaldi guztiak berreskuratzea, eta beldur handiarekin bizi izan zuen: "Hasieratik genekien Zaldi Urdina hasi eta amaitu egingo zela, eta nire kezka zen: Eta gero zer?"

Zuñigak nabarmendu du ardura handiz bizi izan zituela hilabete horiek: "Gu gai izan ginen Zaldi Urdina antzezlana berreskuratzeko izandako ibilbide arrakastatsuarengatik. Lagun askoren proiektuak bertan behera gelditu dira, ordea, estreinaldiak ezin egin... Proiektu asko, ideia asko kaxoian gordeta gelditu dira".

Adierazi du egoera pandemikoan herritarrak kulturaren garrantziaz ohartu direla: "Gure lagunekin bestelako emozioak bizitzeko beharra dugula ikusi dut, ohartu gara askotariko aukerak ditugula gure herrian, eta konturatu gara Nafarroan kultur eskaintza handia dagoela". Era berean, adierazi du kultur kudeatzaileek ikusi dutela ohiko inertzietatik kanpo bazeudela aukera, inertzia edota ordutegi ezberdinak: "Ikusi dugu beste era batera egin zitezkeela gauzak, eta dena ez dela neurgailu ekonomikoekin neurtu behar; kultura inbertsio bat da etorkizuna bizitzeko".

Zentzu horretan, azaldu du Iruñean mugimendu handia egon dela betidanik, beti egon dela gauzak eragiteko beharra: "Azken bost urteetan, txikitasunetik baina beharretatik abiatutako esperientzia asko sortu dira kultur ekintzailetzarekin lotura dutenak. Sortzen ari dena baino, sortzeko modua ere garrantzitsua da: sortzen ari diren sareak, elkar elikatzeak, harremanak...".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Maitane Azpiroz: "Gelditzea oparia izan niretzat"

Maitane Azpiroz dantzari eta trapezista da, eta hainbat artista bezala, pandemiak goitik behera aldatu du bere bizitza. Pandemia garaian antolatutako ekintzetan energia handia jarri behar izan dute: "Ilusio handiarekin egiten dugu gure lana, eta indar handia daukagu gauzak aurrera ateratzeko. Elkartasun handia ere izan dugu gauzak aurrera ateratzeko, kultur teknikarien zein artisten aldetik, gizarteak era batera edo bestera sufritu duen tristura eta ezinegon hori leuntzeko". 

Pandemia gogorra izan dela dio, baina uste du beraientzat ez dela oraindik gogorrena iritsi: "Hilabete hauetan guztietan hainbat pieza estreinatu gabe gelditu dira, eta ez dago nahikoa merkaturik horiei guztiei aterabidea emateko". Horrez gain, instituzioen aldetik diru gutxiago jasoko dutela uste du. Pandemia garaian, berak ez zuen etxean trapezioa jartzeko aukerarik, eta hiru hilabeteren ondoren oso gogorra izan zen bueltatzea. Hala ere, uste du jendea animatuta dagoela, eta formakuntzak eskaintzeko une egokia dela deritzo: "Pandemia iritsi zenean bertan behera utzi behar izan zituen 4 edo 5 kurtso; ez zen errentagarria ikastaroak antolatzea".

Pandemia iritsi zenean gizartea oso estresatuta zegoela uste du, eta berarentzat "oparia" izan zen gelditzea: "Gelditzea oparia izan zen niretzat, nire buruarekin topatzeko, zer egin nahi dudan, zertarako nagoen hemen... Geldialdi horretan sortu zen konpainia, eta egia esan, lehen konfinamenduaren ondoren konfiantza handia nuen bizitzan; asko falta zaigu, ordea, honetatik guzitik zerbait ona ateratzeko". Metafora ikusi du gizarteak behar izan duen zaintzaren eta beraiek eguneroko lanean behar izan dutenaren artean: "Gizarteak behar izan duen zaintza guk eguneroko lanean behar dugu".

Era berean, adierazi du gizarteak bizi izan duen beldurra gehiegizkoa izan dela, eta blokeo egoerak eragin dituela. Zentzu horretan, zirkoak beldurrarekin bizitzeko, eta beldur horrekin zer egin erabakitzeko tresnak ematen dituela nabarmendu du.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Juan Kruz Lakasta: "Kazetaritza kritikoa egitea oso zaila izan da"

Juan Kruz Lakastak nabarmendu du "muturreko egoera latza" izan dela; zentzu horretan, egoera horretan komunikabideei agintari politikoen, gizartearen eta zientziaren arteko "zubi lana" egitea egokitu zaiela azpimarratu da: "Oso une nahasian zarata mediatiko handia izan da, polarizazio handia, eta espektakularizazioaren irizpideak zabaldu dira kazetaritzan ere; hori ez da batere lagungarria hildako kopuruez hitz egin behar duzularik".

Era berean, azpimarratu du hainbat hedabide beldurra hedatzen aritu direla, kontrol sozialerako mekanismoa delako: "Pandemia aprobetxatu dute horretan aurrera egiteko, eta zentzu horretan, kazetaritza kritikoa egitea oso zaila izan da". Nabarmendu du pandemiaren erdian "labainkorra" izan dela kazetaritza kritikoa eta arduragabekeria banatzen dituen muga hori, eta hainbat hedabidek "bertigoarekin" jokatu dutela azpimarratu du.

Pandemiak tokiko komunikabideak indartu dituela dio, ez dutelako soilik datuez informatu, baita gertuko errealitatez ere: "Elkar zaintzeko sortu diren sareez, auzoan edo herrian bakarrik bizi diren edadetuez, haurrentzako edukiak sortuz.. horrelako gauza asko egin ditugu eta horrek entzuleekiko feedback-a areagotu digu".

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

Uxue Rey: "Ez dugu lerroburu potolorik bilatu behar; batzuetan ez dago"

Uxue Rey kazetariak COVID19ari lotutako albisteak jorratzen aritu da azken urtebetean: "Pentsatu izan dut ea interes informatiboa ere baduen; neke pandemikoa dugu, eta akaso guk ere eragiten dugu, baina hori tokatzen da". Reyk nabarmendu du zalantza asko izan dituztela beren jardunean, albisteak zein maiztasunekin kontatu, zein sakontasunekin... Halaber, adierazi du eguneroko informazioa adituen ahotsekin tartekatzen saiatu direla."

"Hankasartzeak" egin dituztela dio, baina ikasteko balio izan diela izurrite honek: "Gu ere malabareetan ibili gara, eta askotan oker, baina hortxe ibil gara". Hiztegigintzan sekulako lana egin dela nabarmendu du, eta batzuetan asperraldia eta beldurra sortzearen sentsazioa izan duela dio: "Guk ere hauspotu dugu agian beldur hori, baina balio izan du akaso herritarren ardura zabaltzeko? Hor zalantzak izan ditugu".

Albisteak sakontasunez tratatzera behartu ditu pandemiak, "beste begirada batzuk bilatzera". Era berean, nabarmendu du agian batzuetan ez dela "lerroburu potolorik" bilatu behar: "Batzuetan ez dago". Zentzu horretan, adierazi du zenbakiei garrantzia handiegia eman zaiela hilabete hauetan: "Ez dugu ahaztu behar zenbaki horien atzean pertsonak daudela, eta astebetean zenbat pertsona hil diren esan dugu zenbaki horien atzean pertsonak daudela ahaztuta".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image