Hizkuntza-gaitasuna
Euskararen egoera gakoak
Euskaldun denak ez gara berdinak hizkuntza-gaitasunari dagokionez. Justu samar aritzen dira batzuk eta beste batzuk, aldiz, erraz asko. Herritar bakoitzaren hizkuntza-gaitasuna determinantea izango da euskara ala erdara erabiltzeko garaian.
Hizkuntza-gaitasunari erreparatzen badiogu, datuak argiak dira: hiru lagunetik bik ez dakite euskaraz. 16 urtetik gorako herritarren artean, %70ak EZ daki euskaraz hitz egiten. Erdaldun hutsak dira.
Kontrakorik, aldiz, ia ez da gertatzen. Apenas dago euskaldun hutsik, gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiteko gai ez denik. Ez dira %1era ere iristen. Hutsaren hurrengoa dira erdaldun multzo handiaren parean.
Beraz, Euskaraz hamar hiztunetatik hiruk dakite, baina ia guztiak elebidunak dira. Euskara eta gaztelania, edota euskara eta frantsesa erabiltzeko gai dira. Elebidun horien artean, gainera, gehiago dira erdaraz errazago egiten dutenak euskaraz errazago aritzen direnak baino.
Gaitasunean, hortaz, handia da desoreka: herritar guztiak kontuan hartuta 12 lagunetik bakarra ari da errazago euskaraz. Euskal herritarren %8a. 210.000 hiztun guztira.
Horiek dira egunero euskara erabiltzeko joera handiena dutenak. Baina horien aurrean, hamar aldiz gehiago dira euskaraz baino errazago egiten dutenak erdaraz. Eta hauen arteko gehienek, gainera, erdaraz bakarrik dakite. Nahita ere ezin dute egin euskaraz.
Hizkuntza-gaitasunari begiratuta, beraz, oso ahul dago euskara. Kontua da azken 30 urteotan asko hazi dela elebidunen multzoa, baina ez da handitu euskaraz errazago egiten dutenen kopurua. Horrek eragin zuzena du erabileran, hizkuntza gaitasunak zerikusi estua baitu hizkuntza bat ala bestea erabiltzearekin.