
Elkarrizketa
Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du Donostialdeko ESIan orain “piztu dela sua”, baina salatu du “arazoa” lehendik zetorrela: “Oinarria da Osakidetzak arazo estrukturalak dituela, eta horiei heldu ezean, egun gutxiren barruan izango dugu beste sute bat". Horrez gain, azpimarratu du Sagarduik ez dituela azalpenak eman, eta “karpetazoa” eman diola auziari. Horrez gain, nabarmendu du Osakidetzako murrizketak “konstatazio bat” direla: “Sagarduik udan aipatzen zuen kultura aldaketa hori gauzatzen ari dira, eta hori ikusten ari gara egunerokotasunean”.
Gontzal Agote Bertsozale elkarteko kideak Bertsolari Txapelketako finalaren aurre balorazioa egin du. Oro har, pozik daudela azpimarratu du, jasotzen ari diren lehen inpresioak oso positiboak direlako. Aurtengo finalisten argazkia desberdina izan da, hiru emakume eta hiru aurpegi berri, Agotek nabarmendu duenez, plazaren irudia aldatzen ari denaren seinale.
Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Osakidetzako krisia izan du hizpide, eta azpimarratu du Osakidetzan lan gatazkak gertatzea “ia-ia naturala” dela. Horrez gain, nabarmendu du Sagardui “ia egunero” ari dela azalpenak ematen kontrol batzordeetan edota legebiltzarrean, eta adierazi du elkarrizketaren bidea “zabalik” dagoela: “Hurrengo asteetan ikusiko dugu ziur aski nola lasaitzen diren urak”.
Era berean, nabarmendu du Osakidetzari askotan leporatzen zaiola murrizketak egin izana eta pribatizazioa, eta biak gezurtatu ditu: “Osakidetzaren aurrekontuak gora egin du azken 10 urteetan, eta datorren urteko aurrekontuetan inflazioa baino igoera handiagoa aplikatu zaio Osakidetzaren aurrekontuari; murrizketarik ez dagoela datu objektiboa da”. Pribatizazioari dagokionez, azpimarratu du Osakidetzan “dena” dela “publikoa”: “Ez dugu hitzarmenik egin kudeaketa publiko pribatua izateko, eta etorkizunean ere horrela jarraitzeko intentzioa daukagu". Horrez gain, gehitu du gizarteak ere baduela lana lehen arretako eta pediatriako langileei “prestigioa ematen".
Aurrekontuen negoziazioari dagokionez, azpimarratu du horiek adosteko “gogoa eta jarrera” eduki duela Jaurlaritzak. Ordea, dio testuingurua “gakoa” dela beste alderdien jarrera ulertzeko, hauteskundeak gertu daudelako. Hezkuntza Legearen zirriborroaren aurkako protestak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du Bildarratzek “sorpresaz” hartu zuela greba deialdia: “Oraindik ez daukagu testurik; oraindik ez da greba egiteko momentua. Itxaron dezagun sindikatu eta eragileen proposamenak entzunda osatzen den testuari”. Alderdiak adostasunak lortzeko gai izango direla baieztatu du.
Horrez gain, azpimarratu du ez dela onargarria Auzitegi Konstituzionalaren erabakia: “"PPren aldarrikapen politikoei men egin die Auzitegi Konstituzionaleko kide batzuk; epaitegietatik politika egitea ez da onargarria”. Gehitu du “min handia” egin diola demokraziari, eta “aurrekari arriskutsua” jartzen duela: “Edozein parlamentarik martxan dagoen aldaketa judizial bat geldiarazi du epaitegien bitartez, eta horrek oso aurrekari arriskutsua jartzen du”.
Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen emaztea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Goirienak “pozez” hartu du senarra ikusteko aukera, baina aitortu du “arduratuta” ere egon zela: “Oso hunkigarria izan zen, familiako kontuez hitz egin genuen…” Nabarmendu du animoz “ondo” ikusi zuela, baina salatu zuela “traba” ugari dituela edozertarako. Fisikoki, berriz, azpimarratu du “oso ahulduta” ikusi duela, “20kg gutxiagorekin”.
Abenduaren 18an jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñeko Nafarroa Arenan. Gontzal Agote, Bertsozaleen elkarteko ordezkaria, finalaren nondik norakoak azaldu dizkigu.
Ane Miren Zelaia ELA sindikatuko talde eragileko kidea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Osakidetzako krisiari heldu dio lehenengo, eta salatu du Osakidetzako arazoa “aspalditik” datorrela: “Badirudi arazoak orain egin duela eztanda, baina sindikatuek urteak daramatzagu salatzen; gertatu dena da orain ezin dela ezkutatu”. Nabarmendu du egoera “kritikoa” dela, eta Donostian gertatu dena “sintoma” baino ez dela: “Osakidetzako 29.000 langile baino gehiago behin-behinekotasunean daude, langileek %20ko erosahalmena galdu dute…”.
Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Martinezek salatu du Hezkuntza Legearen aurreproiektuan ez direla txertatzen Hezkuntza Hitzarmenean adostutako hainbat proposamen, eta hainbat dekretu onartu direla. Besteak beste, “oso urraketa larritzat jo du 0-3 urte arteko gelak ituntzearen proposamena, itunpekoen sarea indartzen duelako eta eskola publikoaren aurkako neurria” delako.