Agustin Aizpuru: "Batzordeko kideok ilusioz beterik gaude lanean hasteko"
Elkarrizketa
Agustin Aizpuru Usansolo Herria plataformako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pasa den astean lege aldaketa bat proposatu zuten Espainiako Kongresuan EAJk, EH Bilduk eta Podemosek, eta bertan Bizkaiko Foru arauak errespetatzea galdegin zuten. Espainiako Gobernuaren esku utzi dute erabakia, eta Aizpuruk adierazi du 2-3 asteetan “berri onak” izatea espero dutela.
Aizpururen esanetan, Usansoloko herriarentzat 2019ko Galdakaoko aldaketa politikoa “oso ona” izan zen, eta horrek bide eman dio usansolotarren hitza entzuteari. Aizpuru etorkizunera begira da, eta gehitu du ikusi behar dutela zer erabaki hartzen duten helegitearekin, eta Usansolo erregistroan sartzen ote duten. Erregistroa pausorik “bereziena” dela dio, hortik aurrera izango dutelako Usansoloko errolda, eta dirua eskuratzeko posibilitatea: “Batzordeko kideok ilusioz beterik gaude lanean hasteko", adierazi du.
Aizpuruk ‘Oroimen webguneak’ eragindako polemika izan du hizpide, eta nabarmendu du “pena” eta tristura” eman diola Aranzadiri eman zaion tratuak: “Ez da kasualitatea polemika hau Galdakaon gertatzea, eta konfrontazioa eragin duten alderdiek beraiek jakingo dute zergatik egin duten".
Usansolotarrei “azken bultzada” eskatu die, oraindik ere “pauso batzuk” gelditzen zaizkielako, prozesu juridikoa eta erregistroan sartzeko erabakia, alegia.