Skip to main content

Asier Blas, EHU: "BRICSek munduko petrolioaren erdia eta gasaren herena kontrolatuko dute"

Elkarrizketa

2023, ira. 07 - 13:09

Asier Blas zientzia politiketan doktore eta EHUko irakaslea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. BRICSek beste sei kide izango ditu 2024 urtarrilaren 1etik aurrera: Egipto, Etiopia, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran eta Argentina. Blasen esanetan, urte “garrantzitsua” izan da herrialde horientzat; izan ere orain arteko bostek G7a gainditu dute BPGari dagokionez erosahalmenean. Oraingo hedapenarekin ekonomia sendotuko dute: “Ez da bloke bat G7a bezala, baina bada aliantza bat, eta aliantza horretan munduko petrolioaren ia erdia eta gasaren herena kontrolatuko dute. Nekazal produktuei dagokionez ere potentzia handiak dira Argentina, Errusia eta Brasil”.

Blasek nabarmendu du herrialdeen artean eztabaida desberdinak egon direla zein herrialde sartuko, eta dio etorkizunean zabalkunde handiagoa etorriko dela: “Momentu birfundatzaile bat da, eta baliteke 2025erako BRICSen barruan 25-30 herrialde egotea; ikusi beharko da zer gertatzen den”. Dena den, Blasek nabarmendu du BRICS aliantza ekonomiko bat dela, ez politikoa: “BRICSeko herrialdeek mundu multipolarra eraiki nahi dute, negoziatu eta adostasunetara iritsi. Kontrara, AEBek mundua kontrolatu nahi du, eta berea inposatu”.

Herrialdeen arteko harremanak ere izan ditu hizpide Blasek, eta nabarmendu du Txinak eta Indiak “ondo” kudeatu dituztela beren desadostasunak. Gehitu du Txinak ez daukala Errusia ahultzeko asmorik: “Errusiaren eta Txinaren artean historikoki frikzioak egon dira mugei dagokionez, baina 2021ean aliantza prozesua hasi zen eta azkartu egin zen COVID19aren pandemiaren eta Ukraniako gerraren ondorioz”. Gehitu du harremanak onak izan daitezen interesak dituztela bi herrialdeek: “Gerra ekonomikoaren ondorioz, Errusiaren punturik ahulena alde teknologikoa da, eta hori Txinak ongi betetzen du. Kontrara, Txinak ez dauka Errusia ahultzeko asmorik, lehengaiak bermatzen dizkiolako prezio merkean”.

Frantziako hainbat herrialdetan gertatzen ari dena hizpide, Blasek nabarmendu du une honetan Afrikan “bigarren deskolonizazio prozesua” hasita dagoela: “Afrikan, orain klase desberdinak eta gazteak bigarren askapen prozesu nazionala jarri dute martxan, eta soberania lortu nahi dute” . XXI. mendeko hainbat prozesu historikok -2008ko krisia, COVID19aren pandemia eta Errusiaren inbasioa- prozesu hori azkartu dutela dio: “Orain ikusi beharko da soberanismo afrikarrak irabazten ote duen, eta ea zein forma hartuko duten herrialde horiek ikuspegi sozial eta politikotik”. Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazka ere izan du hizpide, eta nabarmendu du Armenia “bakarrik” gelditu dela geopolitikoki, eta litekeena dela Azerbaijanek Armenia erasotzea: “Azerbaijanek aliantza estrategikoa du Europarekin petrolioa eta gasa dela eta, eta ikusten du Errusiak ez duela Armenia babestuko. Gatazka lehertzear dago”.

Hamaika Telebista