Skip to main content

Gorka Espiau, Agirre L. Center: "Lortu dugu Euskal Herria nazioarteko foroetan presente egotea"

Elkarrizketa

Gorka Espiau Agirre Lehendakari Centerreko bozeramailea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Espiauk nabarmendu du urte hauetako balantze “positiboa” egiten dutela, lortu dutelako “Euskal Herria presente egotea nazioarteko eztabaida sakonetan, eta foro horietan Euskal Herriren ikuspegi berezitua azaltzea”.

Espiauren esanetan, Euskal Herriak anbizio maila “handia” izan du historikoki, eta garrantzitsutzat jo du hori mantentzea. Gehitu du Euskal Herriak lortu duela “baldintza larrietan trantsizio sozioekonomikoa” egitea, eta horri deritzo euskal eredua: “K faktorea euskaldunok erabili dugun balio sistema espezifiko bat da, berdintasunarekin konpromiso sendoa duena, eta hori historikoki ikusi da hainbat espaziotan: kooperatibetan, euskararen munduan… Balio sistema propio bat eraiki dugu, eta horren aukera ematen digu hurrengo transformazioetan pentsatzeko".

Horrez gain, azpimarratu du euskaldunek krisi sistemiko bati erantzun “ezberdina” ematea eta “esperimentazio guneak” sortzea lortu dutela, eta dio erronka dela gune horiek nazioatean kokatzea. Bide horretan, ezinbestekotzat jo du burujabetza Euskal Herrian benetako trantsizio sozioekologiko bat martxan jartzeko: “Burujabetzarena ez da proposamen politiko bat, zientifikoa baizik. Euskal Herrian benetako trantsizio sozioekologiko bat martxan jartzeko erabakiak hartzeko gaitasuna behar dugu".