Skip to main content

Ion Ansa, analista politikoa: "Gaur egun euskal soberanismoak ez dauka bide bat zehatz bat marraztuta"

Elkarrizketa

Ion Ansa analista politikoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Ansak nabarmendu du Lizarrako Akordioa oso garrantzitsua izan zela edukiari eta dimentsioari dagokionez: “Ulertu behar dena da oso garrantzitsua izan zela akordio horren edukia eta dimentsioa. Garrantzitsua da akordio horren maila politikoa, euskal nazioaren aitortza eskatu zielako Frantziako zein Espainiako Estatuei, eta horrek posible egiten zuen borroka armatua alde batera uztea, bide sozial eta politiko bati ekiteko”.

Ansaren esanetan, gaur egun, “euskal suberanismoak ez dauka marraztua bide bat edo modu bat subiranismoaren bidean aurrera egiteko". Kataluniako Diada eguna ere izan du hizpide, eta azpimarratu du iazko baina “patsadatsuagoa” izan zela, eta dio Amnistiaren gaia “agendan aurreratuta egoteak ahalbidetu duela nahiko Diada lasaia” izatea. Ansak azpimarratu du amnistia ez dela “neurri antierrepresibo” hutsa: “Dimentsio politiko oso sakona dauka, eta garaipen politiko oso handi bat izango litzateke Kataluniako independentismoarentzat bere horretan Aministia Lege bat onartzea. Ez dakit Senatuak zein aukera dituen gelditzeko, baina bai moteltzeko”.

Ansak azpimarratu du Kataluniako alderdi independentistak hausnarketa momentuan daudela azken hauteskundeetako “zartakoaren” ondoren, eta nabarmendu du kalte handiena eragiten diena alderdien arteko “batasunik eza” dela: “Independentismoa sufriarazten duena batasunik eza da, ea benetan gai den Katalauniako aldarrikapenen aurrena batasun bat osatzeko, eta ez zein taktika erabiltzen den Madrilen aurrean. Batasunik ezak desgastatu egiten ditu ERC, Junts eta baita CUP ere”.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak politikagintzari erreparatuz, Ansak dio EAJk ez duela Feijoo babestuko, “EAJk ezin duelako VOX ekuazioan dagoen ezer babestu". Era berean, interesgarritzat jo ditu EAEko hauteskundeak, “jarraikortasunaren edo aldaketaren arteko auzia mahai gainean egongo delako".