Skip to main content

Jokin Revilla, OEE: "Atzerritartasun Legea bertan behera utzi behar da"

Elkarrizketa

Jokin Revilla Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Bere esanetan, Mediterraneoan gertatzen ari dena “tragedia” bat da, eta salatu du Europa hori “finantzatzen” ari dela. Adierazi du ez dagoela Eusko Jaurlaritzaren esku muga irekitzea, baina nabarmendu du bere esku dagoela jendeari ostatua edota janaria eskaintzea. Zentzu horretan, Artolazabalen jarrera salatu du: “Artolazabalek ez du bere legea bete; 2009an lehen plan estrategikoa egin zuten, eta 2021ean, balorazioa ona egin zuten. Pentsatu genuen bigarren plana aurkeztuko zutela, baina ez dute egin. Oraindik ez dute zirriborrorik ere pasa eta hori mespretxua da”.

Revillak salatu du udalek, foru aldundiek zein Eusko Jaurlaritzak eskumen ezberdinak dituztela, eta hori oso nahasgarria dela migratzaileentzat. Adibide bat aipatzearren, adierazi du Foru Aldundiaren eskumena dela migratzaileei hogei urtera arte prestakuntza eskaintzea; salatu du, ordea, hori ez dela existitzen. Revillak salatu du “neokolonismoak” jarraitzen duela, eta Mendebaldeak Afrikako herrialdeak kolonizatzen jarraitzen duela: “Europak eta Mendebalde osoak lapurtzen diegu guztia, eta gerrak eramaten diegu hara”.

Horrez gain, nabarmendu du bertan behera utzi behar dela Atzerritartasun Legea: “Errefuxiatuak eta migratzaileak gizakiak dira, eta eskubideak dituzte beste edozein pertsona bezala”.