Skip to main content

Mertxe Aizpurua: "EH Bilduk bakarrik berma dezake eskuin osoari ateak itxiko dizkiogula"

Elkarrizketa

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresurako EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. “Animatuta” eta “indarrez” dago uztailaren 23ko hauteskundeetara begira, eta nabarmendu du EH Bilduk bakarrik berma dezakeela “eskuin osoari ateak ixtea”: “Gu gara une honetan emandako hitza beteko duen indar bakarra, eta toki guztietan eskuinari topea jarriko diona".

Aizpuruaren esanetan, legegintzaldi honetan ez zitezkeen onartuko “Euskal Herrian eragin handia duten eta euskaldunentzat hain onuragarriak diren hainbat lege beren interbentziorik gabe". Hori horrela, Aizpuruak azpimarratu du gipuzkoarrek beste aukera bat dutela uztailaren 23an, “orain arte Espainiako Kongresuan egindakoak jarraipena izan dezan, lorpen gehiago eta erabakitzeko ahalmen handiagoa izan dezaten”.

Espainiako Kongresuko lana “gogorra” dela dio Aizpuruak, baina dio elkar babesten direla. Horrez gain, nabarmendu du Espainiako Kongresuan “lortutakoak erakusten diela egindako lanak merezi” duela, eta salatu du PSOE “oso urduri” ibili dela: “Asko antzeman zaio eskuinaren presioa, eta momentu batzuetan ausardia falta izan zaio”.

Aizpuruak herritarren bozka eskatu du “Euskal Herriaren defentsaren alde ahalik eta lanik onena egiten dutelako, beste interesik gabe”, eta gehitu du “herri bezala” aurre egin beharko zaiola PP eta VOXen arteko gobernua osatzen bada.