Raul Urkiza: "Drogei buruzko informazioa eta kontsumitzeko pautak ematea da gure egitekoa"
Elkarrizketa
Raul Urkiza Ai Laket! elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Urkizaren esanetan, beren egiteko nagusia drogei buruzko informazioa eta kontsumorako pautak ematea da drogaren kontsumoaren arriskua murrizteko, eta gozamena bultzatzeko. Uda osoan festaz festa igaro dira, eta dio guztira 1.000 pertsona inguru artatu dituztela.
Drogaren kontsumoaren dagokionez, azaldu du popperra duela urte batzuk baino gehiago kontsumitzen dela, eta kontrara, Euskal Herrian ez dela tusia edo kokaina arrosa deitzen zaiona ikusi. Hala ere, benetako kokaina arrosa zer den garbi utzi du: “Tusia edo benetako kokaina arrosa estimulantea da, pizgarria, eta eragin psikodeliko batzuk ere baditu. Kokaina arrosa deitzen zaiona, ordea, nahasketa arriskutsua izan daiteke, droga ezberdinak hainbat kantitatetan topatu izan direlako bertan. Kokaina, anfetamina eta ketaminaren arteko nahasketa hori zabaltzen ari da Mexikon eta Kolonbian, besteak beste”.
Ai Laket! elkarteko kideei egotzi izan zaie informazioa hedatzeak kontsumoa areagotzen duela, baina ez dago ados baieztapen horrekin: “Arriskuak murrizteko erarik eraginkorrena da ez hartzea, hori da gure premisetako bat". Dio droga tabua dela oraindik, baina nabarmendu du drogei buruzko informazioa zehatzagoa dela gaur egun, eta gaur egungo gazteek gehiago hitz egiten dutela drogari buruz beren gurasoekin. Era berean, azpimarratu du drogak hartzen dituen neska batek mutil batek baino estigma handiagoa jasaten duela, beraiengana gerturatzen den neska kopurua txikiagoa dela, eta horri buelta emateko lanketa martxan jarri dutela.