Image

Gure begiz

Estitxu Garai, EHUko irakaslea:“PSOEk eskuin muturraren eskema punitibista erosi du”

‘Soilik baietz da baietz’ legearen bozketa iritsi da gaur Espainiako Kongresura Elkarrekin Podemosen eta PSOEren arteko desadostasunekin. Estitxu Garai EHUko ikerlari eta irakaslearen hitzetan, “mugimendu antolatu” bat dago jendartearen “aurrerabideen” aurka egiten duena. Bere esanetan, eskuin muturrak feminismoa hartu du “jo puntutzat” emakumeen eskubideen arloan egiten ari diren aurrerabide guztiak “oztopatzeko”, eta dio ez dela kasualitatea: “Feminismoak gaitasun izugarria dauka eskubideen oinarri horretatik eraldaketak proposatzeko”.
Garaik azpimarratu du eskuina “zarata” egiten ahalegindu dela, eta eztabaida “oso eskema punitibistan” kokatu duela, eta horrek oztopatu duela “lehen lerroan jartzea legeak emakumeen eskubideetan eta sexu askatasunean ezartzen dituen aurrerapausoak”. Salatu du eskema hori “erosi” duela alderdi sozialistak “kalkulu elektoralengatik”: “Alderdi sozialistak bizkarra eman dio berdintasun ministerioari, eta ez dira gai izan gobernu moduan erasoaldi horri aurre egiteko. Legea sortu zenean ez bazen aurreikusten pena jaitsiera horiek egongo zirenik, adostasun batera iritsi behar zuten, baina ez, hain zuzen, legearen bihotza ukituta”.

Gaizka Izagirre, Gaztezulo: “Transexualitatearen errealitatetik gertuago dauden historiak kontatzen dira orain”

Telesail eta filmen gomendioak eman dizkigu Gaizka Izagirre Gaztezuloko zuzendariarekin, eta transexualitateak fikzioan historikoki izan duen paperaz hitz egin dugu berarekin.

Izagirreren esanetan, lehen transexualitatea ez zen zineman existitu ere egiten, eta, ondoren, iseka edo burla egiten zitzaien pertsonaiak ziren, “karikatureskoak”. 90. hamarkadan, pertsonaia transexualak prostituzioarekin, drogekin eta krimenarekin lotzen zirela dio. Izagirrek dio hori aldatu egin dela, errealitatetik “gertu” dauden historiak kontatzen direla orain, eta aktore transexualak kontratatzen dituztela paper horiek gorpuzteko.

Transexualitatearen gaia lantzen duten bi telesail gomendatu dizkigu Gaztezuloko zuzendariak: La Veneno eta Pose.

Jon Hernandez, kazetaria: “Osasuna oso momentu onean ailegatzen da Athleticen aurkako partidara”

Asteburuko kirol albisteak izan ditugu hizpide Jon Hernandez kirol kazetariarekin. Hernandezek nabarmendu du Osasunarentzat aste “historikoa” izan dela, eta asteazkeneko partidara momentu “oso onean” ailegatzen dela azpimarratu du, Sevillaren aurka garaipena lortzeaz gain, sekulako partida jokatu zuelako. Asteazkenean Athleticen aurka jokatuko du, eta Hernandezek nabarmendu du, nahiz eta Athleticek esperientzia handiagoa izan, oso momentu aproposean dagoela talde nafarra.
Iker Iribarriaren erretiroa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du belauneko arazoengatik hartu duela erabaki hori; martxoaren 4an jokatuko du azken partida Donostian.
Pello Bilbao laugarren izan da UAE Tourreko etapakako txirrindularitza lasterketan. Hernandezek azpimarratu du urte “garrantzitsua” izango dela Bilbaorentzat, Frantziako Tourra Bilbotik aterako delako uztailean: “Oso denboraldi polita du aurrean”.

Iñigo Aduriz, kazetaria: “Soilik bai da baietz’ legearen eztabaidak ezkerreko bozkak baldintzatu ditzake”

Madrilgo gaurkotasun politikoari heldu diogu Iñigo Aduriz Eldiario.es hedabideko kazetariarekin. Adurizek nabarmendu du ERCk eta EH Bilduk nahi dutela ‘Soilik bai da baietz’ legea tramitatu baino lehen akordioa lor dezaten gobernu koalizioko kideek. Hala ere, dio badirudiela akordioa “urrun” dagoela, bi aldeek jarraitzen dutelako “beren interesak defendatzen”. Hori horrela, Adurizek nabarmendu du EH Bilduk eta ERCk ez zutela babestu PSOEren asmoa lege honen erreforma hurrengo asteko plenora eramateko, eta zehaztu du legearen tramitazioaren hasierako lehenengo eztabaida martxoaren 7an izango litzatekeela.
Adurizek nabarmendu du hiru hilabete barru hauteskundeak izango direla, eta dio lege honen “ondorioek” ezkerreko alderdien bozkak “baldintzatu” ditzakeela. Hori horrela, nabarmendu du krisialdi hau azkar konpontzen ez bada “esanguratsua” izango dela PSOErentzat eta Unidas Podemosentzat.

Niko Cuenca, ekonomialaria: “Gutxieneko soldata igotzeak genero arrakala murrizten lagunduko du”

Gutxieneko soldata 1.080 eurora igotzeko Espainiako Gobernuaren erabakia aztertu dugu Niko Cuenca ekonomialariarekin. Bere esanetan, “positiboa” da neurria, eta azpimarratu du genero arrakala “murrizten” lagunduko duela: “Gutxieneko soldata batez ere hiru arlotan kobratzen da (zerbitzuetan, nekazaritzan eta etxez etxeko langileetan), eta horiek guztiak sektore feminizatuak dira; horregatik lagunduko du genero arrakala murrizten”.
Hala ere, “zalantza” sortzen dio igoera horrek familia asko “ekonomia beltzera” bideratuko ote dituen: “Etxeetan lan egiten dutenen kasuan, norbanakoak dira langile horiei ordaintzen dietenak, eta, agian, familia batzuk ezingo diote igoera horri aurre egin; horrek eragin dezake ekonomia beltzera joatea”.

Miren Basaras, mikrobiologoa: “Pandemia egonkortasun egoeran dago”

Maskara janzteko derrigortasuna bertan behera gelditu da aste honetan Hego Euskal Herriko garraio publikoan, eta erabaki hori aztertu dugu Miren Basaras mikrobiologoarekin.
Bere esanetan, pandemiaren egoera “egonkortuta” dago momentu honetan euskal lurraldetan, eta zentzu horretan, normaltzat jo du erabaki hori hartzea. Bere ustetan, urte hauetako arazorik “nagusiena” izan da ez dela “argi eta garbi” azaldu zergatik zen beharrezkoa maskara erabiltzea, eta zer “lortu” den horri esker. Azpimarratu du maskaren erabilerak transmisioa eten duela, eta hildako kopurua ere jatsi egin duela. Hala ere, dio “nahasmena” sortu dutela maskara leku batzuetan erabiltzeko eta beste batzuetan ez erabiltzeko arauek.
Egoera egonkortuta baldin badago ere, nabarmendu du pandemia ez dela amaitu, eta, zentzu horretan, mundu osoko arazoa dela gogorarazi du: “Ikusi beharko da zer gertatzen den munduan sortzen diren beste azpi aldaerekin; une oro begiratu behar diogu birusari”.

Agurne Gaubeka, Behatokia: "Herritarren eskubideak gutxiago edo gehiago bermatzen dira bizi diren eremuaren arabera”

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariarekin hitz egin dugu Nafarroako Parlamentuak Mañeru eremu mistora pasatzeko eskaera ukatu ondoren. Gaubekaren esanetan, Nafarroako herritarrek “zatituta” jarraitzen dute, eta herritarren eskubideak “gutxiago edo gehiago bermatzen dira bizi diren eremuaren arabera”. Era berean, gehitu du euskararen aldeko pausoak ematen diren bakoitzean, “oztopoak” azaleratzen direla.
Egoera larritzat jo du Gaubekak: “Benetan larria da egoera norbaiti iruditzen bazaio eremu mistora pasatzeak bakarrik gaztelaniaz bizi direnen eskubideak murriztuko dituela, eta larria da Gobernuko alderdi batzuen jarrera”. Horren aurrean, herritarrek presioa egiten jarraitzea ezinbestekotzat jo du, eta baita Nafarroa osoan zonifikazioaren legea bertan behera uztea ere.

Maite Ubiria, kazetaria: “Badirudi frantziar epaitegietan ere aldaketa politikoaren aro hori partekatua dela”

Maite Ubiria NAIZeko kazetariarekin erreparatu diogu Lapurdiko, Nafarroa Beherako eta Zuberoako gaurkotasun politikoari. ‘Bakegileen’ aurkako bigarren epaiketa izan zen otsailaren 2an, eta Ubiriak azpimarratu du auziak aukera eman diela bakegileei eta ekintzaileei azaltzeko zeintzuk izan ziren ekimen horren arrazoiak, eta zergatik jotzen dituzten ekintza horiek legitimo eta baleko.

Epailearen erabakiaren zain daude bakegileak, eta Ubiriak “inpresioa” du bakegileak kondenatzen badituzte ere, kondena “aski sinbolikoa” jasoko dutela: “Horrek erakusten du bakegileek egindako lanak lortutako aitorpen eta onarpen maila, eta auzitegietan ere gero eta zailtasun handiagoa dagoela zigor handiak edo kondena irmoak emateko”. Horrez gain, nabarmendu du badirudiela frantziar epaitegietan ere “aldaketa politikoaren aro hori partekatua” izan dela, eta horren araberako erabakiak hartzen direla gaur egun.

Iñigo Aduriz, kazetaria: "ERCk ahalbidetuko du Mozal Legearen erreforma"

Iñigo Aduriz El Diario.es hedabideko kazetariarekin aztertu dugu Madrilgo egoera politikoa. Mozal Legearen erreformari heldu diogu, eta nabarmendu du ERCk ahalbidetu egingo duela erreforma hori. Adurizek azaldu du ponentziak onartu duela lortutako akordio horren testuak aurrera egitea, eta PSOEk eta Elkarrekin Podemosek aurrera jarraitu ahalko dutela ERCren abstentzioarekin, nahiz eta EH Bilduk aurka bozkatu.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image