Image

Gure begiz

Aitor Urresti, EHU: ‘Ezin dugu fusio nuklearra aitzakitzat erabili hartu behar ditugun neurriak ez hartzeko’

Orain arte inork ez du lortu fusioa eragiteko gastaturiko energia baino gehiago ateratzea erreakziotik. AEBetako Energia Departamentuaren arabera, operazioa errentagarria izatea lortu dute historian lehen aldiz. Horrek mugarria ezarriko luke gizateriaren energia beharren historian, noiz eta horrek kliman eragin duen larrialdiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak diren honetan, eta energiaren arazoa nazioarteko gatazken muinean dagoela oso argi ikusten den honetan. Aitor Urresti EHUko energia berriztagarrietan irakasle eta aditua da. Bere aburuz, aurkikuntzak aurrerapausoak ekar ditzakeen arren, gutxienes bost hamarkada beharko dira hura garatzeko eta, beraz, ezin gara ilusio antzuetan jausi, “orain hartu behar dira neurriak”.

Iñigo Aduriz: ‘Aurrekari arriskutsu bat ezarri du Auzitegi Konstituzionalak’

Konstituzionalak Zigor Kodearen erreformaren tramitazioa geratu du. PPren helegitea ontzat eman du Konstituzionalak. Aurrekaririk gabeko egoera Espainiar estatuan zein Europan. Auzitegi Konstituzionalak Gorteetako eztabaida parlamentarioa premiaz bertan behera utzi du. Iñigo Aduriz Eldiario.es-eko kazetariarekin aztertu dugu gertatutakoa.

Asier Blas, politologoa: ‘Castilloren atxiloketa mezu bat da Peruko gehiengo pobre eta indigenarentzat’

Nazioarteko bi gai jorratu ditugu Asier Blas EHUko zientzia politikoko irakaslearekin. Alde batetik, Ukrainako gerraren testuinguruan Ukrainak zein Errusiak duten azpiegiturak txikitzeko estrategia. Errusiaren aldetik eginikoak sonatuenak badira ere azken egunotan, Blasek gogorarazi du Donbasseko herritarrek bizpahiru orduko ur hornidura dutela, Ukrainak azpiegitura horiek erasotu zituelako.
Bestetik, Perura begira jarri gara. Pedro Castillo presidentea atxilotu zutenetik protestak eta tentsioa areagotu baitira herrialdean, dagoeneko eta gutxienez 25 hildako daude. Blasek azaldu du “aspalditik datorren arazoa” dela. Castillo boterera heldu zenetik “behin eta berriro” saiatu direla hura boteretik kentzen. Oraingoan lortu dute eta atxilotu, gainera. “Estatu kolpe leun batez hitz egin dezakegu, Estatu kolpe parlamentario batez”, baieztatu du adituak. Konstituzioaren aurkakoa dela nabarmendu du Castilloren aurkako jazarpena eta atxiloketa eta guzti honek helburu jakin bat duela azaldu du: “Mezu bat bidali nahi diote gehiengo pobre eta indigenari: boterera ez direla helduko”.

Jon Iñarritu, EH Bildu: ‘Pablo Gonzalezen egoera publikoki salatzea eskatzen diogu Espainiako Gobernuari eta lan egitea aske izateko’

Pablo Gonzalez euskal kazetariak hamar hilabete beteko ditu behin-behineko espetxealdian Polonian, inkomunikatuta. Aurreko hilabetean luzatu zioten espetxealdia beste hiru hilabetez eta beraz, gutxienez, urte bat emango du bertan, isolatuta eta inolako kargurik gabe ez epaiketarik gabe. Bien bitartean, harridura sortzen du Espainiako Gobernuaren isiltasunak. Jon Iñarritu EH Bilduren Kongresuko Diputatuarekin aztertu dugu egoera.

Ane Irazabal, kazetaria: ‘Pablori gertatu zaiona aurrekari arriskutsua da, abisu bat da beste kazetarientzako'

Pablo Gonzalez euskal kazetaria hamar hilabete beteko ditu abenduaren 28an Polonian atxilotu eta inkomunikatu zutenetik. Behin- behineko espetxealdia hirugarrenez luzatuta, urte bat emango du egoera horretan. Aurrekaririk gabeko kasu baten aurrean salatu du Ane Irazabal kazetariak. Kazetaritzaren esparrutik Gonzalezen atxiloketak hartzen duen dimentsioa aztertu dugu.

Jon Olano: ‘Iruditzen zait ekonomiaz ari den lehendakari bat daukagula azken urteetan’

Hamar urte bete dira Eusko Legebiltzarrak lehen aldiz Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu zuela, eta hamarkada honen errepasoa egin du Jon O. Urain kazetariak BERRIAn. Zehazki, Urkulluk egindako diskurtsoak xehatu ditu, lehendakariak zer hitz erabili dituen aztertzeko, horietako zeintzuk errepikatu dituen gehien azaleratzeko, eta urteen joanean kontzeptu batzuek indarra nola hartu edo galdu duten erreparatzeko.

Maite Ubiria, kazetaria: ‘Era baketsuan joan zen bihar epaituko duten Bakegileen ekintza’

Maite Ubiria kazetariarekin aztertu ditgu Ipar Euskal Herriko azken berriak; bihar epaitzekoak diren bederatzi Bakegileen egoera, azterketak euskaraz egiteko eskubideari buruz Frantziako Hezkuntza Ministerioak emandako erantzun eza eta Louise Michel Parisko Komunaren ekintzailearen izena jaso duen Baionako kalea.

Niko Cuenca, ekonomialaria: ‘Enplegu planen bitartez pentsio sistema publikoa konpentsatu nahi ditu Escrivak’

Urtea bukatu aurretik osatuta egon beharko luke Madrilgo pentsioen erreformaren bigarren zatia, hala agindu zuen Europako Batzordeak. Parisen ere ontzen ari dira pentsioen erreforma, eta negoziazioak hilabete bat luzatzea adostu dute. Niko Cuenca ekonomialariak gakoetako batzuk eman dizkigu.
Azaldu duenez, Next Generation funtsek baldintzatu dute pentsioen erreforma, horiek jasotzeko baldintzak ezarri zituelako Bruselak. Hori dela eta, kotizazio urteak luzatzea proposatu du berriki Escriva ministroak. Dena den, Cuencak azaldu du langileen kotizazioak pentsioak ordaintzeko Espainiak ezarri duen sistema den arren, beste era batzuk ere posible izango liratekela pentsioak ordaintzeko, Estatuko aurrekontu orokorretan jasotzea, esaterako. Hori hala, “beste nonbaitetik gastua murriztu beharko litzateke”.
Nabarmendu duenez, gainera, KPIaren eraginez soldatak jaitsi dira: “Soldatak igoko balira, pentsioak ere handiagoak izango lirateke”. Egungo egoeran pentsio pribatuak hauspotzen ari dira, azaldu duenez, banakako planez gain enpresekin batera egiten dira beste asko, enplegu planak deiturikoen bidez; “Hau da Escrivak estatu osorako planteatu nahi duen sistema”. Bere ustez, bidaltzen ari den mezua da: “pentsio publikoak ez dira nahikoak izango”.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image