Ane Urkiri, kirol kazetaria: “Arai Lejardi da zesta puntako lehen txapeldun emakumezkoa”
Gure begiz
Ane Urkiri kirol kazetariarekin aztertu ditugu asteburuko kirol albisteak. Hasteko, larunbatean jokatu ziren Berriatuan Zesta Puntako banakako finalak, eta emakumezkoen kasuan, lehenbizikoz jokatu zen, eta beraz, lehen txapeldun bat utzi zuen finalak: Arai Lejardi markinarra. Maite Ortiz de Mendibili bi setean irabazi dio, 12 eta 8 eta 12 eta 5. Urkiriren esanetan, Lejardi sekulako denboraldia egiten ari da, eta lehen lerroan kokatu den puntista da. Gizonezkoen kasuan, berriz, Aritz Erkiagak irabazi du eta bere maisutasuna agerian utzi du; izan ere, laugarrenez irabazi du txapelketa.
Futbolari dagokionez, Athleticek irabazi egin du Eibarren aurka: “Nagusi izan ziren jokoan eta zelaian, eta garaipena erabakitzea kosta bazitzaien ere, urrats handia egin zuten zuri-gorriek”, nabarmendu du Urkirik. Azpimarratu du Eibarri kosta egingo zaiola denboraldi honetan mailari eustea. Bestalde, Errealak ez zuen galdu, baina porrot sentsazioa izan lezake; izan ere, 3 eta 1 irabazten joan ostean, azken txanpan bi gol sartu zizkion Tenerifek.