Skip to main content

Irati Agirreazkuenaga, kultur aditua: “Txotxongiloaren arte unibertsala omenduko dute Festikale jaialdian”

Gure begiz

2023, uzt. 12 - 13:07

Datozen egunetarako kultur albisteak izan ditugu hizpide Irati Agirreazkuenagarekin. Uso Pop elkarteak “publiko guztiarentzako” kontzertu zikloa antolatu du Furfurietan lelopean. Hasteko, bihar, uztailaren 13n, Amorante bakarlaria eta Rukula taldeak izango dira oholtzan. Lehen artistak laster kaleratuko duen diskoa aurkeztuko du, eta harekin batera, rock doinu dantzagarriak eskainiko dituzte Rukula taldeko kideek. Abuztuaren 6an, Haira eta Bretainiako La Houle taldeek joko dute, eta azkenik, abenduaren 13an, Dame Area tekno punk taldearen eta Nakar taldearen elektro-pop doinuak aditzeko aukera izanen da.
Bihar hasiko da, bestalde, Festikale landa eremuko kale antzerki jaialdia, eta aurten txotxongiloaren arte unibertsala eta txotxongilo egileak omenduko dituzte. Zuzeneko musika, antzerkia, instalazio interaktiboa, antzerki musikalak eta zirko emanaldiak ikusi ahal izango direla nabarmendu du Agirrezkuenagak.
Musikaire jaialdia uztailaren 7tik 29ra ospatuko da aurten, eta antolatzaileen helburua da adin guztientzat bideratutako eskaintza kulturala eskaintzea. Plazan izango dira emanaldi gehienak, eta hiru emanaldi izango dira Lariz jauregiko lorategian: Antonio Lizana, Verde Prato eta Ruper Ordorika. Musika, antzerkia zein dantza emanaldiak eskainiko dituzte Euskal herriko zein nazioarteko artistek.

Hamaika Telebista