Vero Satrustegi, nazioarteko berriemailea: "AEBk jasotzen dituen produktuen gehiengoa Mexikotik iristen da eta ez Txinatik"
Gure begiz
Trump presidente zenean hartutako erabaki batek bultzatu du egoera, Txinan muga-zerga igotzea erabaki zuelako. AEBko estrategia ez zen batere aldatu Joe Biden Gobernura iritsi zenean, haren administrazioak eutsi egin die aurrekoek ezarritako muga-zergei, eta hori oztopo bat da Txinako esportatzaileentzat. 2023an Mexikotik jasotako inportazioa ia %5 igo zen, Txinatik jasotakoak ordea, %20 jaitsi. Hiru herrialdeen artean gertatzen ari denaren berri eman digu Vero Satrustegi kazetariak.
Satrustegik azaldu du egoera horretan konpainia txinatarrek ihesbide batera jotzea erabaki dutela: salgaiak zuzenean AEBra bidali beharrean, Mexikora bideratzea. Izan ere, Mexikoko bideak aukera ematen dio Pekini bere produktuak Estatu Batuetan saltzeko, tentsio komertzialen ondoriozko tarifak ordaindu behar izan gabe. Hala, Txina produktu gehiago saltzen ari zaie Estatu Batuei Mexikoren bidez, Trumpen administrazioak ezarritako aparteko muga-zergak saihestuz.
Egoera horrek Mexikorentzat bi efektu nagusi dituela azpimarratzen dute adituek: Batetik, hazkunde ekonomikoa eta bestetik, lanpostuen sorrera bultzatzea. Gaian adituan diren ekonomistek uste dute egoera ekonomikoa gehiago haz zitekeela; hala ere, Mexikoko egoerak hazte hori zaildu du azpiegitura faltagatik gehienbat. Ustezko hazkunde horrek badu beste irakurketa bat Satrustegiren ustez, izan ere, Mexikoko zonalde batzuetan ur eskasia nabarmena da eta bertatik gertu industria guneak sortzea sekulako eragina izan dezake, batez ere, azpiegiturek ur kantitate handi behar dutelako fabrikatzeko. Egoera hori izanik, Txina Mexikoko merkatuan zirrikituak bilatzen ari da, eta horrek, nazioartean ere badu eragina. Hau da, Txinak Mexikon kokatu ditu manufakturak eta enpresak AEBtako merkatuan sartzeko, horrela, “Txinan egina” etiketa ordezkatzea bilatzen da “Mexikon egina” jartzeko. Horri “nearshoring” deritzo, horrek bilatzen du helburu den herrialdetik ahalik eta gertuen ekoiztea. Momentuz, Mexikoko gobernuak ez du ebaluatu praktika horrek izan dezakeen inpaktua, baina, Satrustegiren uste, badirudi gelditzeko geratu den praktika dela.