Skip to main content
1200x90 Zama Doinuz Arindu

Gaurko egunez hil zuten 'Yoyes'

Minutu batean

2024, ira. 10 - 10:09
Dolores Gonzalez Katarain 'Yoyes' Ordizian jaio zen, 1954ko maiatzaren 14an. 1978an ETAko zuzendaritza gorenera iritsi zen, bere bizitzako gorabehera tragikoek sinbolo bihurtua. 'Argala'ren ondoan jardun zuen, gero, hura hiltzean, haren ordea hartu zuelarik.

Garai hartan hainbat joera sortu ziren ETAren baitan, jarraitu beharreko bideari zegokionez eta Yoyesek ETAtik ateratzea erabaki zuen. 1980ean Mexikora erbesteratu zen, baina ordurako ETAko zuzendaritzakoek traidoretzat zuten.

1984an, Parisera bidaiatu zuen eta errefuxiatu politiko bilakatu zen. 1985eko abuztuan itzuli zen Euskal Herrira eta Cambio 16 aldizkariak erreportaje zabala argitaratu zuen, 'ETAkidearen itzulera' izenburuarekin.

1986ko irailaren 10ean hil zuen ETAk Ordizian, herriko euskal jaietan, 3 urteko semearen aurrean. Hurrengo egunean, Ordizian greba orokorra izan zen eta 'Yoyes' hilobiratu baino lehenago ETAk bere gain hartu zuen hilketa.
Hamaika Telebista