Skip to main content

Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' bertsolari markinarra zendu da 78 urterekin

Minutu batean

2022, uzt. 26 - 08:07
Plazaz plaza Euskal Herri osoan barrena ibili zen urte luzez, eta 1990eko urteen hasieran saio gehien egiten zuten bertsolarien artean ibili zen. Gaztetatik lanean hasi eta soldaduska egitera Ferrolera (Galizia) bidali zuten gero, «marinara»; bi urte egin zituen han. Ameriketara egin zuen 24 urterekin, osabarekin, artzain, eta sei urte eman zituen han, 1967tik aurrera. Heldutakoan, Danobat lantegian hasi zen lanean, eta Cicautxon gero, 57 urterekin erretiroa hartu arte.

Bertsozaletasuna amaren aldeko familiagandik jaso zuela azaldu izan zuen; bere kasa ikasi zituen bertso zaharrak. 1960ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantari; urte hartan egin zuen lehenengo plaza, Markinan bertan, Abel Muniategirekin besteak beste. 1980ko urteetan egin zen ezagunago. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zeeann, eta Orixe eta Xenpelar sariak ere irabazi zituen.
Bertsolaritzatik harago ere ezaguna egin zen Mañukorta azken urteetan. 2014an Xabier Amurizak haren inguruan ateratako liburuaren izenburua da horren erakusle: Mañukorta bertsonajea.