Skip to main content

Aitor Azkarate: "Abeltzaintzak bizirik mantentzen du landa eremua"

Sakonean

2023, api. 05 - 06:04

Esneki ekologikoei buruz aritu gara 'Geltokia' saioaren lehen atalean. Anizeko 'Jauregia esnekia' proiektua bisitatu dugu Aitor Azkarateren eskutik. Behi esneak dituzte, eta Baztango Zaporeak elkarteko kideak dira; eskualdeko hainbat ekoizlek osatzen dute elkartea, eta elkarren artean laguntzeaz gain, kanpora begirako formakuntzak ere eskaintzen dituzte.

Hasieran, Kaikuri saltzen zioten esnea, eta ekoizpen ekologikoranzko bidea hartu zuten duela urte batzuk: "Errespetu gehiagorekin egiten dugu lan lurrarekiko, behiekiko zein bezeroekiko, ongarri kimikorik ez dugulako erabili ahal, eta berezeroengatik esker jarraitu ahal dugulako aurrera". Pozoirik ere ez dute erabiltzen, eta behiak sistema errotazional baten bidez bazkatzen dituzte: "Ekoizpen konbentzionaletik ekologikora sekulako aldaketa dago: behiak mugitu egiten ditugu egunero; udan eta udaberrian behiak kanpoan jaten du, eta neguan, berriz, pentsua eta belar idorra".

Azkaratek garrantzitsutzat jo ditu abeltzaintza eta nekazaritza landa eremua bizirik mantentzeko, ez bakarrik sortzen dituzten lanpostuengatik, baita sozialki ere: "Gure lana hemen baldin badago, gu hemen biziko gara, eta herriak bizirik mantentuko ditugu, eta horrekin batera, hizkuntza, eskolak, euskalkiak, kultura, ohiturak... Abeltzaintzak anitz du eskaintzeko landa eremuari".

Ikusi Geltokia saioa osorik nahieran.