Image

Amaiuraldirako dena prest, etorkizunari begira, Amaiurko batailaren 500. urteurrena gogoan

Amaiuraldiak batailaren 500 urteak gogoratuko ditu ekainaren 5ean. Nafarroa Berriz Altxak antolatuta, Elizondo, Amaiur eta Baztango kideekin batera, datorren ekainaren 5ean Amaiuraldia ospatuko da, etorkizunari begira batailaren 500 urteak gogoratuz. Jai egunak hiru kilometroko ibilaldia eta herri bazkaria izango ditu.

Nafarroako 0-3 plataformako kideek pardel zikinak bota dizkiote Chiviteri

Maiatzaren 2an abiatu zuten Nafarroako 0-3 haur eskoletako langileek greba mugagabea. Koordinazio organoa atzo bildu zen hirugarrenez, auziari irtenbidea bilatzeko.


0-3 plataformako kideek ratioak jaistea, soldatak igotzea eta langileak gehitzea eskatzen dute. Gobernuak, euren aldarriak betetzen ez dituen proposamena egin die greba eteteko eskatuz. Langileek grebari eustea erabaki dute. Hartzen ari diren erabaki eta jarreren aurrean, Nafarroako Parlamentuan pardelak bota dizkiote Maria Chivite Nafarroako lehendakariari osoko bilkurara iristen ari zela. 


Horrez gain, aurrekontuetan aldaketak ezartzeko lan politikoa ahalik eta arinen egitea eskatzen dute langileek. Espero dute datorren asteazkeneko bileran Foru Gobernuak "finantza-mailan definitutako eta argi eta bermatuta proposamen bat" egitea.

Nafarroa Berriz Altxa: 'Nafarroak eta euskal komunitateak burujabe behar dute XXI mendeko erronkei heltzeko'

Duela 501 urte Gaztelako konkistatzaileen aurrean matxinatu ziren iruindarrak omendu ditu ekimen hiritarrak. Honekin batera, Nafarroa jazarri zutenen omenez dirauten kale izendegiak eta ikurrak seinalatu dituzte, tokirik ez dutela aldarrikatzeko.

Joseba Compainsek nabarmendu du Nafarroak, baita euskal komunitateak, oro har, burujabetza beharrezkoa garaiotako beharrei aurre egiteko.

Gauzak honela, ekainaren 5ean Baztanen antolatu duten Amaiuraldian parte hartzera dei egin du ekimenak “lau haizetara zabaldu dadin burujabetzaren aldeko aldarria”.

Nafarroa Berriz Altxa: Amaiuraldiaren atarian, Iruñeko Askatasun Martxa

"Ez inbasioaren ospakizun kalerik, ezta inbasoreei monumenturik ere!" aldarrikatu du Nafarroa Berriz Altxa ekimen hiritarrak.
Nafarroa jazarri zutenen omenez dirauten kale izendegiak eta ikurrek tokirik ez dutela aldarrikatzeko mobilizazioa egingo dute maiatzaren 21ean Iruñean. Ekainaren 5ean, bestalde, Amaiuraldia ospatuko dute Baztanen.

Nafarroako Gobernuko zazpi haur eskola batu dira 0-3 plataformak deitutako grebara

Nafarroako Gobernuko zazpi haur eskolak bat egin dute 0-3 urte bitarteko plataformak duela hiru aste deitutako greba mugagabearekin. Komunikabideei egindako adierazpenetan, Ninia Etxeko Isabel Erdociainek adierazi duenez, "Gaur egungo baldintzetan (hezitzaile bakoitzeko haur kopuru handia eta laguntzako langilerik eza) oso zaila da adingabeen garapen globalari eta ongizate fisiko eta emozionalaren lanketan laguntzea".

Modu horretan, "adingabeen ongizatea bermatuko duen" langile nahikoa, haur-eskolen doakotasuna, lan-baldintza "duinak eta berdinak" aldarrikatu ditu, baita haur-eskolak kudeatzeko udalentzako finantziazioa handitzea ere.

Eider Garde 0-3 Plataformako ordezkariak adierazi duenez, eskola horien atxikimendua "zoriontzeko eta pozik egoteko da aldarrikapenekin bat egiteak dakarren babesaz". "Gero eta gehiago gara eta ez gara nekatzen, errealitatea da eskola gehiago mobilizatzen ari direla", esan du, eta Nafarroan 103 eskoletatik 77 babesten ari direla, "Horietatik 59 greba eskubidea gauzatzen ari dira".

Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak ez du bat egingo Iruñeko Udalaren eraso sexisten aurkako kanpainarekin

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean Iruñeko Udalak hartutako jarrera gaitzetsi du Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak. Enrique Maia alkateak sexu indarkeriaren aurkako kanpaina "edukiz hustu" duela salatu dute: “Kanpaina benetako iruzurra da. Berandu eta gaizki iritsi dira, berandu eta gaizki iritsi diren bezala auzoetako jaietara”.
Horrez gain, erabakiak “alde bakarrez eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe” hartu dituztela salatu dute.

Azkenik, talde feministek maiatzaren 12an izan zuten kanpainaren berri, udalaren aldetik. "Orain arteko kanpainetako esku gorri ikonikoa bigarren mailan utzia zuten, ohiko leloa ere desagertu zen, eta sanferminekin loturarik ez duen beste bat proposatu zuten: 'Aske, ni beti aske'. Horrez gain, esan ziguten ez zituztela ohiko euskarriak erabiliko: iragarkirik ez garraio publikoan, ez bideorik, ez irrati-telebistarako piezarik, ezta agertokietan jarri beharreko afixarik ere".

Guzti honen aurrean, talde feministak sanferminetako sexu erasoen aurkako mahaitik altxatzeko erabakia hartu dute.

Euskararen alde milaka nafarrek Iruñeko kaleak hartu dituzte

Milaka nafarrek euskararekiko diskriminazioarekin bukatzeko eskatu diote Gobernuari. Euskalgintzaren Kontseiluak deiturik, PAI legearen aurka eta euskararen eta justizia sozialaren alde hartu dituzte Iruñeako kaleak. Nafarroako Gobernua prestatzen ari den Merezimenduen dekretuaren eduki baztertzaileei desadostasuna adierazteko eta eskubide berdintasuna aldarrikatuz Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak zera azpimarratu du: “Oso larria iruditzen zaigu euskararen ezagutza kontuan hartu ez eta Nafarroan berezkoak eta ofizialak ez diren hizkuntzenak baloratzea”. Ikasketa bukatzerakoan, ikasleen %60k euskararen inguruko noziorik ez duela gaineratu du.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image