Skip to main content

Ekologia

Bolintxu haraneko Supersur-eko proiektua gelditzeko eskatu du Supersur Handitzeari Ez plataformak

2019-01-26
Supersur Handitzeari Ez plataformak manifestazioa egin zuen larunbatean, Aldundiak aurrera eramandako proiektuaren gabeziak mahairatzeko, eta Bolintxu haranean egitekoak diren lanen desegokitasuna salatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko metropoliko hegoaldeko saihesbidea edo Supersurra, 2003an onartu eta orain dela zazpi urte jarri zen martxan. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, errepideak 24.000 ibilgailu hartuko zituen egunero, eta bestelako autobiak erabat askatuko zituen. 800 milioi euro eta hamarkadetako lana eta gero, aurreikusitako ibilgailuen erdiak erabiltzen du hegoaldeko saihesbidea, eta A-8ko auto-ilarak ohikoak izaten jarraitzen dute. Gauzak horrela, Aldundiak, Pagasarri inguruko Bolintxu haranean hegoaldeko saihesbidea handitzeko proiektua martxan jarriko du. 200 miloi euroko aurrekontuarekin, Arnotegi mendiaren azpiko tunela eta Bolintxu ibaiaren gaineko 174 metroko biaduktua eraikitzea izango da helburua, 4,7 km-ko luzeera izango duena.
AHT-a baztertu eta tren sozialaren aldeko apustua Gasteizen

2019-01-17
Espainiar Gobernuko Sustapen Ministroa Gasteizen zela aprobetxatuta, AHT-rik Ez Araba Plataformako kideek eskura emandako eskutitz baten bidez adierazi diote trenaren lurperatzea eta Abiadura Handiko Trena gai desberdinak direla eta tren sozialaren aldeko apustua nabarmendu nahi izan dute. Bestalde, maiatzaren 18an manifestaziora deitu dute Gasteizen.
Metrorik ez egiteko eta herritarren kexak entzuteko eskatu dio Satorralaiak Donostiako Udalari

2018-12-21

Donostiako Topoaren igarobidearen aurka, protesta zaratatsua egin dute, ostegun arratsean, hamarnaka lagunek. Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hiriaren erdialdeko kaleetan barrena ibili dira, ‘Herritarrei entzun: metroari ez!” lelodun pankartarekin, eta Eneko Goia Donostiako alkatearen, Ernesto Gasco zinegotziaren, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonmia Garapenerako sailburuaren karetak jantzita.

Hain justu, Donostiako Udaleko udalbatzarekin bat egin du protesta zaratatsuak, eta alkateari herritarrei ez entzutea leporatu diote. Hori salatzeko, Goia belarrietan tapoi handiak jarrita irudikatzen duen karikatura handi bat baliatu dute. Donostiako Udalak metroaren obrak eragindako arazoen eta kalteen inguruan hainbat bizilagunen salaketei kasurik egin ez dielako.

Herritarren salaketen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak agindu du Zarautz etorbideko eraikuntza lanak gauetan eteteko. Lan horiek eragiten zuten zaratagatik, hilabete bat baino gehigoz salaketak jarri dituzte Antiguako hainbat bizilagunek eta joan den asteartean etorri zen Jaurlaritzaren erabakia.

Easo kalean dago Topogunea, herritarrentzako arreta eta informazio bulegoa. Bizilagunek kexa ugari aurkeztu dituzte han, baina Satorralaiak bulegoaren «axolagabekeria» salatu du, herritarren kexei erantzunik ez dielako eman.

Bizilagunen mugimenduaren iritziz, metroaren obra erraldoia ez da beharrezkoa, eta, gainera, Dbus eta Lurraldebus kaltetuko ditu autoen trafikoa gutxitu gabe. Horrez gain, salatu dute herritarren parte hartzerik gabe inposatu eta baliabide publikoak xahutzen dituen proiektua dela, Donostian mugikortasuna hobetzeko aukera egokiagoak eta merkeagoak egonda.

30 gune baino gehiago bilduko dituen Nafarroako Ezagutu Sarea sortu dute

2018-12-18
Nafarroako Ezagutu Sarea sortu dute, lurralde osoko 30 gunetik gora elkarrekin lan egin dezaten. Nafarroako gobernuak eta Lansareak bultzatutako ekinbide honen bitartez, eskaintza partekatu eta hobe bat egitearekin batera, turismoa erakartzea izango dute helburu.
"Gardentasunik eza" egotzi dio GuraSOSek Gipuzkoako Foru Aldundiari

2018-11-26
GuraSOS elkarteak gipuzkoarrek foru aldundiko agintariengan duten mesfidantza nabarmendu dute erraustegiaren inguruko ikerketak aztertuta. Elkarteak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako partaidetza prozesuetako emaitzak berdintsuak direla adierazi dute: bietan, "erakundeekiko sinesgarritasun falta" aipatzen dute herritarrek, baita erraustegiak ekar ditzakeen osasun arazoekiko "kezka" ere.
Ekoizpenean arreta jarrita, elikadura burujabetzarantz

2018-11-08
Elikadura burujabetzarako bidean sortu diren proiektu ezagunenak kontsumo taldeak dira, nekazal produktu jakin batzuk gertuko baserritar bati zuzenean erosteko osatutako taldeak, alegia. Badira, ordea, denda itxurako egitasmoak ere, eta horietako biri erreparatu die Hamaika Telebistak: Bilboko Labore elkarteko Haizea Egigurenekin eta Zarauzko Lakariko Miren Prietorekin hitz eginda.
 
bannerra

bannerra