Skip to main content

musika

Urriaren 28tik 2019ko udaberrira, entzungai izango da Eñaut Elorrietaren 'Harian'

2018-10-16

Hil honen 28an estreinatuko da Eñaut Elorrietaren ‘Harian’ proiektuko kontzertu bira, Bilboko Arriaga antzokian eta 2019ko udaberrira arte iraungo du. Ohikoa duen musika banda hari boskote batekin ordezkatu du Elorrietak proiektu horretarako. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatutako Kaabestri String Ensemble boskotea izango du lagun. Oscar Lopez, Igor Torre eta Arkaiz martinez biolinistak; Jon Arraz txelo jotzailea eta Paloma Torrado kontrabaxista, alegia.

Lau abesti berri grabatu dituzte elkarrekin, baina ez dute euskarri fisikorik argitaratu. Elorrietak zuzeneko proiektua egiteko beharra sentitu duelako haseiratik. Hala ere, sortu dituzten abestiak sarean entzuteko aukera eskaini dute. Emanaldietarako, berriz, abesti berriak sortzeaz gain, Elorrietaren errepertorioko kantuak ere moldatu dituzte, Kaabestri Strin Ensemble boskotearentzat egokitzeko.

Hil honen 28an Bilboko Arriaga antzokian eskainiko duten emanaldiarekin hasi eta udaberria bitarte Euskal Herriko hainbat aretotan izango direla aurreikusi dute. Oraingoz, honakoak dira zehaztu dituzten kontzertuak: azaroaren 18an, Oñatiko Santa Ana Udal Antzokian; azaroaren 23an, Donostiako Victoria Eugenian; abenduaren 23an, Hondarribiako Itsas Etxea auditoriumean; otsailaren 1ean, Iruñeko Gaiarre antzokian; otsailaren 2an Santurtziko Serantes kultur aretoan eta otsailaren 16an, Mungiako Olalde Aretoan.

‘Musikariak ikastetxeetan’, musikaren bidez euskararekiko identifikazioa sustatzeko Nafarroako Gobernuko egitasmo berria

2018-09-21
‘Musikariak ikastetxeetan’ egitasmoa abian jarri du Nafarroako Gobernuak. Proiektu berritzailea da eta musikaren bidez euskal kulturarekiko atxikimendua sustatzeko helburua dauka. Ikasleek aukera izango dute musikariak gertutik ezagutzeko, kantak nola idazten dituzten ikasteko eta, bide batez, zuzeneko musikaz gozatzeko. Egitasmoan parte hartuko duten musikarien artean daude, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Maria Rivero eta Zuriñe Hidalgo.
Martxoaren 3ko sarraskia pantaila handira

2018-09-20
Irailaren 26an aurkeztuko da Zinemaldian martxoaren 3ko filma eta datorren urteko martxoan estreinatuko da aretoetan. 7 urte inguruko lana izan da, Gariza films eta Sonora Estudios-ek ekoitzita. Horretaz gain, soinu bandak, jaialdiak eta dantza tradizionala aste honetan Artekalen.
Asteburuan Donostia Festibala ospatuko da Donostiako Hipodromoan, musika urbanoa ardatz

2018-09-14
Urbanoen artean urbanoena. Irailaren 14 eta 15ean Donostiako Hipodromoan Donostia festibala ospatuko da. Kalean bizirik dagoen musika izango da nagusi, rap, Hip Hop, trap eta euskal bandak nagusi direla. Berri txarrak edo Kase o bezalako entzute handiko artistekin batera, momentuan olatuaren goikaldean dauden zurriolako hondartza surfeatuko duten beste talde batzuk izango dira: Naty peluso, C Tangana, El niño de elche, The young wait, Pet Fennec, Pussy Riot, Riot propaganda, La Moda eta Señor No, beste batzuen artean.
Getxo Folken 34. edizioa irailaren 13tik 16ra bitartean luzatuko da

2018-09-13
Kontzertu guztiak Areetako geltokiko plazan izango dira, baina Ibaiondo kalean eta Erromoko Santa Eugenia plazan ere bestelako jarduerak izango dira, gobernuz kanpoko erakundeen salmenta postuak eta munduko terraza, hurrenez hurren.
Itsas korronteak bustiko du aurtengo Atlantikaldia

2018-09-06

Irailaren 20tik 23ra izango da Atlantikaldiaren bosgarren edizioa Errenterian, eta antolatzaileen hitzetan, “Itsas korronteek” bustiko dute aurtengo jaialdia.

Ohikoa denez, jaialdiak bi ardatz nagusi izango ditu: kultur topagunea eta musika jaialdia. Beraz, kulturen arteko elkartrukea ahalbidetuko du, Errenteriako eta herritik kanpoko eragileen arteko elkarlanaren biez. Musika jaialdiari dagokionez, berriz, bertako eta kanpoko artisten elkarlanetik sortutako emanaldi bereziak eskainiko dira.

Donostiako Aquariumean egindako aurkezpenean esan dutenez, herritarrek eta herritarrentzat egindako jaialdia izaten jarraitzen du Atlantikaldiak. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren parte-hartzea sustatu nahian, aurrekoetan bezala, udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu du aurtengo kultur programazioa. Ia 100 kultur ekintza jasotzen dituen egitaraua sortu dute hala.

Oiartzun ibaiaren inguruan egingo dute jaialdia, eta hainbat gune berezi prestatuko dituzte Itsas Topaleku izenburupean. Aurtengo berrikuntza moduan, gainera, Gastrogunea izendatutako espazioa nabarmendu dute.

Agertoki nagusia, berriz, Lehendakari Agirre plazan kokatuko den Itsasargi Nagusian egongo da. Musika izango da gune horretako; izan ere, oholtza gainean izango dira Nneka, Bebe, Esne Beltza edo 47Soul bezalako talde handiak. Gainera, hainbat hizkuntza, kultura eta jatorritako artistak, nazioartekoak eta Euskal Herrikoak, elkarlanean arituko dira kolaborazio eta ‘Itsas elkarrizketa’ izendatutako egonaldietan.

 
bannerra

bannerra