Skip to main content

Liburua

Gernika. Genealogy of a lie: Gernikako borbardaketari buruzko gezurrak argitara

2019-05-20
Xabier Irujo historialariak Gernika. Genealogy of a Lie izenburua duen liburua aurkeztu du Koldo Mitxelena kultur etxean. Azken 50 urtetan Gernikako bonbardaketaren inguruan ingelesez argitaratu den obra bakarra da Irujok idatzi duena. Orain dela bi urte gazteleraz argitaratutako liburua ingelesera itzuli dute eta hainbat datu gehitu dizkio Irujok. Idazleak adierazi du Francok bere garaian hainbat gezur zabaldu zituela Gernikako bonbardaketaren inguruan, eta nabarmendu du 40 urteren ondoren gezur horiek bizirik jarraitzen dutela. Adibide gisa, hildako kopuruari dagokiona nabarmendu du idazleak. 15 urteko ikerketa eta dokumentazio lana dago liburu honen atzean, idazlearen esanetan. Garaiko testigantzen eta dokumentazio lanaren bidez osatu du liburua historialariak, eta azpimarratu du liburuaren xedea Gernikako bonbardaketaren gaia nazioartekotzea dela. Bestalde, azpimarratu du ia ezer ez dela argitaratu orain arte gertakariaren bertsio ofizialaren egiazkotasunari buruz.
'Moio. Gordetzea ezinezkoa zen' liburua kaleratu du Kattalin Minerrek

2019-05-15
Aimar Elosegi Ansa, duela 12 urte bere buruaz beste egin zuen gazte transexualari buruzko memoria ariketa gisa definitu du Minerrek liburua. Hernaniarra zen Elosegi, idazlea bezala. Are gehiago, lagunak ziren biak, liburuaren aurkezpenean Minerrek azaldu duenez.
“Hezurren erretura” liburua aurkeztu du Miren Agur Meabek

2019-05-14
Duela sei urte kaleratu zuen bere aurreko obra Lekeitiarrak. Oraingoa 21 narraziorekin osatua dago, eta pertsonaia bera dute denek protagonista. Etengabe iraganetik orainerako jauziak eginez, bizitzako pasarteen gainean hausnarketa egingo du pertsonaiak. Bizitako horien guztien sinbolo izango dira hezurrak. Kontakizunen erdietan haurtzarotik unibertsitatera bitartean egongo da protagonista, eta 55 urte inguruko emakumea delarik azalduko zaigu gainerakoetan. Gainera, idazkuntzari buruzko gogoetak ere badakartza liburuak. Miren Agur Meaberen esanetan, idazkuntzaren bidez, bizitzan zehar pilatzen joandako bizipenak erre nahi ditu protagonistak. Idazleak aipatu du bere obretan beti dagoela presente pertsonaia eta bera den idazle horren arteko tentsioa. Horri jarraiki, bada, aurreko liburuen jarraipena da gaur aurkeztutako lanaren izenburua bera ere. Idazleak nabarmendu du beretzat berdina dela izatea eta idaztea eta hala, beti daudela presente bere nortasuna berresteko balio duten baieztapenak, inportanteenetakoa idaztea bera izanik.
'Nik sinisten dizut' liburua aurkeztu du Samara Velte kazetariak

2019-05-08
La Manada auziaz, genero indarkeriaz eta haien inguruko terminologiaz eta arreta mediatikoaz ikuspegi kritiko batetik azterketa egiten duen liburua da Nik Sinisten Dizut Samara Velte kazetariaren lana. Liburuak bortxaketaren kultura deitutakoa aletu, ulertarazi eta deszifratu nahi ditu, kultura hori aldatzeko asmoz.
Eta segi aurrera! liburua aurkeztu dute Añorgako zinema zaharrean

2019-05-07
Eta segi aurrera! Liburua aurkeztu zuten maiatzaren 6an Añorgako zinema zaharrean. Izan ere, 1979ko maiatzaren 6an sortu zen Jarrai gazte antolakundea, orain dela 40 urte. Liburuan ezker abertzaleko gazte antolakundeek lau hamarkadatan eginiko topaketak, eztabaidak, gogoetak eta landutako gaiak jaso dituzte: soldadutza, drogen kudeaketa, feminismoa, hezkuntza, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak, besteak beste. Txalaparta argitaletxeak argitaratu du liburua, eta koordinazio lanetan Markel Ormazabal, Irati Sienra eta Xabier Iraola aritu dira beste zazpi lagunekin batera. Artxiboko lanaz gain, garai ezberdinetako 53 pertsona elkarrizketatu dituzte zazpi taldetan banatuta. Horretaz gain, pasarte batzuk lehen pertsonan daude idatzita, testigantza gisa. Sortzaileek Eduardo Galeanoren eltzearen ipuinaren kontzeptua erabili dute gazte antolakundearen bilakaera erakusteko.
Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu dute Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan

2019-04-23
16 postuz osatutako azokan %10eko deskontuak eskaini dituzte liburuetan, eta 300 liburu zozkatu dituzte. Saltzaileek salmentekin gustura daudela adierazi digute. Liburuen salmentaz gain, hainbat saio ikusteko aukera izan da azokan; esaterako, Maite Arreseren 'Yogipuinak' haurrentzako yoga eta ipuinak batzen dituen kontakizuna.
 
bannerra