Skip to main content

albisteak

"Lan- bizi- herri duina, burujabetza ezkerretik", LAB-en aldarria maiatzaren 1-erako

2018-04-19

LAB sindikatuak agerraldia egin du gaur Bilbon Maiatzaren bateko mobilizazioak deitzeko. Lan- bizi- herri duina, burujabetza ezkerretik lelopean, manifestaldiak deitu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparralden.

Liburutegiaren kontzeptua eguneratuta, sakonean eraldatuko dute Koldo Mitxelena

2018-04-19

Koldo Mitxelena Kulturgunea, 2.040. urtera begirako sakoneko eraberritze baten atarian dago.

Erabiltzaileari leku zabalagoa ematea, digitalizazioan aurrera egitea eta belaunaldien arteko bizikidetzan sakontzea hartu dituzte helburu, eta Bartzelonako lurraldeko liburutegi sarearen eraldaketaren arduradunen laguntza izan dute egitasmoa diseinatzen.

Uxue Barkos: "Altsasukoa ez da terrorismoa"

2018-04-19

Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak salatu du kode penala kode postalaren arabera ezarri dela Altsasuko auzian. Izan ere, Barkosek argudiatu duen bezala, espainiar legediak lurraldearekin lotuta definitzen du terrorismo delitua. Hortaz, Foru Gobernuak larunbateko manifestazioan izandako parte hartzearekin ez da alor judiziala presionatzen ari, justizia eta proportzionaltasuna eskatzen baino. 

Munduari begiratzeko modu "sakon" eta "bizia" saritu dituzte

2018-04-18

Maialen Leiza, Lur Lopez, Anne Arrizabalaga eta Peru Amorrortu idazle gazteentzat izan dira Azkue sariak. 151 lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta «lan sakonak» egon direla nabarmendu dute epaimahaikideek, idazle gazteek «bihotzetik sortutako ideiak» maneiatzen dituztela azpimarratuz. Horrez gain, gizarte osoak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela nabaritu izan dute, baina era berean, “munduari begiratzeko modu bizia” dutela, “ohiko egoerei beste modu batera begiratzeko gaitasuna”: hori ere esan dute epaileek. 10 eta 7urte arteko parte hartzaileen artean etorkizuneko idazleak egon litekeela antzeman dute.

Koxka tabernakoek gezurtatu egin dute Guardia Zibilen deklarazioa

2018-04-18

Altsasuko Koxka tabernako zerbitzariak esan du ez zuela eraso zalapartatsurik ikusi urriaren 15eko goizaldean. Bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik terrorismoa egotzita zortzi gazte epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta zerbitzariaren bertsioak ez du zerikusirik asteartean guardia zibil horiek eta haien bikotekideek deklaratu zutenarekin. Koxka tabernako jabeak ere zerbitzariaren bertsioa berretsi du.

Astelehenean akusatuek deklaratu zuten, asteartean ustezko erasotuek eta asteazkenean lekukoen txanda izan da. Tabernakoez gain, zazpi foruzainek hitz egin dute auzitegian. Esan dute gertaeren tokira heldu zirenean guardia zibilek eta haien bikotekideek soilik esan zietela eraso egin zietela, beste inork ez. Jokin Unamuno atxilotu zutenean, beste altsasuar batzuek kotxetik atera zutela esan dute foruzainek, hura "jolasa" zela, haien ustez.

Atestatua egin zuen foruzainak ere deklaratu du, Unamunoren telefono deiak aztertu zituenak. Unamuno eta Adur Ramirez de Aldaren arteko dei gurutzatu batzuk ikusi zituzten. Bi horiek deklarazioan esan zuten galduta zebilen lagun bati buruz hitz egin zutela gau hartan gurutzatu zuten dei bakarrean.

Ramirez de Aldak esan zuen bera etxean zegoela liskarra gertatu zenerako. Gainera, guardia zibilek diote hark kamiseta gorria zeramala, baina berak beltza jantzi zuela dio. Altsasu Gurasoak elkarteak argazki bat zabaldu du emailez, hori frogatzeko. Argazki hori onartuta dago epaiketan froga bezala.

EGUNEKOA: apirilaren 18ko albiste nagusiak

2018-04-18

Euskal preso politikoei ezartzen zaien urrunketa amai dadila eskatzeko bat egin dute PPz gaindiko alderdi guztiek Arabako Batzar Nagusietan. Donostia, berriz, estatus politikoaz galdeketa egingo duen lehen hiriburua izango da; azaroaren 18rako antolatu dute kontsulta. Erraustegiaren aurka Gipuzkoako osasun etxeen atarian egindako elkarretaratzeei zein kultura gaiei ere erreparatu diegu.

 
bannerra

bannerra