Skip to main content

Bilbo

Urtarrilaren 15an bozkatuko da Brexit-erako akordioa

2019-01-07
Erresuma Batuko Parlamentuak urtarrilaren 15an bozkatuko du Brexit-erako akordioa. Joan den abenduan bozkatzekoa zen Theresa May-ren gobernuak Europak Batasunarekin erdietsitako akordioa baina May-k datarik gabe atzeratu zuen adostasun falta nabariagatik. Oraingoan ere babes falta du akordioak, baina urtarrilaren 21an amaitzen zaio gobernuari Batasunarekin irteera adosteko epea eta parlamentuak hori baino lehen onartu ezean, akordiorik gabeko irteera gauzatuko litzateke martxoaren 29an.
Los Angeleseko Urrezko Globoetan, Cuaronen "Roma" pelikula nagusi

2019-01-07
Los Angeles-en “Roma” atera zen garaile. Urrezko Globoetako galan Alfonso Cuaronek zuzendutako luzemetraiak bi domina jaso zituen, atzerriko pelikula onenarena eta zuzendaritza onenarena. Adituen iritziz, sorpresaz beteriko emanaldia izan zen atzokoa. “Vice”, nominazio gehien zituen pelikula, eta aski mediatikoa izan de “A star is born”, ia disdirarik gabe atera ziren. Soilik Christian Balek jaso zuen komediako aktore onenaren urrezko globoa "Vicen" egindako antzezpenagatik. Jendearen ahotsetan eta kantetan egon den beste pelikula batek, aldiz, berebiziko arrakasta lortu du. “Queen”-en gorabeherak kontatzen dituen “Bohemian Rhapsody”-k drama onenaren domina eraman du etxera, eta Rami Malek, aktore onenarena lortu du, Bradley Cooper edo Willem Dafoe beteranoen aurretik.
Urte berriko lehen mobilizazioa egin dute pentsiodunek Bilboko Udaletxean

2019-01-07
Pentsiodunek urteko lehen mobilizazioa egin dute Bilboko Udaletxeko atarian. Pasa den urteko protesten ondorioz, gutxieneko pentsioetan % 1,6ko igoera izango dela adierazi zuen Pedro Sanchezen gobernuak. Hala ere sei hilabeteko epea hartu dute nola aplikatzen den ikusteko. Pentsiodunek batasunerako deia egin dute, eta mobilizazioak egiten jarraituko dutela esan dute, astelehenero. Asteko mobilizazioez aparte, manifestaldia egingo dute urtarrilaren 19 an. Confebask-eko egoitzaren atarian hasi eta Udaletxean amaituko da manifestaldia. Larunbatean izango denez, antolatzaileek adin guztietako jendetza biltzea espero dute.
Bilbobuseko langileek lanuzteekin jarraitzen dute

2019-01-07
Bilbobuseko langileak lanuzteak egiten ari dira. Akordio bat lortu ezinik dabiltza zerbitzua daraman BioBide enpresarekin. Gaurkoaz gain, urtarrilaren 10ean, 14an eta 17an zortzi orduz utziko diote lan egiteari. Urte amaieran, Bilbobuseko langileek ezezkoa eman zioten CCOOk, UGTk eta USO sindikatuek enpresarekin lortutako aurreakordioari. Atzera bota duten hirugarren aurreakordioa da.
Etxeratek bat egin du urtarrilaren 12an Baionan eta Bilbon egitekoak diren manifestazioekin

2018-12-21
Etxerat-ek bat egin du Orain Presoak-ek urtarrilaren 12an Baionan eta Bilbon deitutako mobilizazioekin. Ondorioz, asteburu honetan zituzten bisitak egingo ez dituztela jakinarazi dute. Horrekin batera, eskakizun zehatzak egin dizkiote Pedro Sanchezen gobernuari: Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, espainiar Estatuko espetxetan sakabanatuta daudenak Zaballan elkartzea eta zigorren batuketa aplikatzea. Hamaika Telebistak zuzenean eskainiko ditu Baiona eta Bilboko mobilizazioak.
Euskal mitologiaren erakusleiho artistikoa izango den baso biziduna

2018-12-21
Bilbao 700 Fundazioak euskal mitologiaren baso biziduna errotu du Zabalguneko eraikinean. Bertaratzen direnek, gure mitologiako pertsonaiekin elkartu ahal izango dute, esperientzia sentsorial baten bitartez. Queralt Saul-en zuzendaritza artistikoa eta Juan Kruz Igerabideren testuak bidelagun, "Izen, izan" baso artistikoan murgiltzeko aukera egongo da.
 
bannerra

bannerra