Skip to main content
bannerra

Greba deialdia

Altsasuko liskarra terrorismoa izan zela berretsi du fiskaltzak

2018-06-15
Altsasuko gazte auzipetuen aurkako sententzia salatzeko manifestaziorako bi egun baino geratzen ez direnean, jakin dugu Espainiako Fiskaltzak eutsi egiten diola terrorismo delituari. Hargatik, errekurtsoa jarri du sententziaren aurka, argudiatuta Altsasuko gazteak ezker abertzale erradikalean antolatuta zeudela. Eta eutsi egin die 12,5 eta 62 urte arteko espetxe zigor eskaerei ere.
EGUNEKOA: ekainaren 14ko albiste nagusiak

2018-06-14
Espainiako Fiskaltzak Altsasuko gazteen aurkako epaiari errekurtsoa jarri diola hartu dugu hizpide politika gaietan. Gizarte gaietan, berriz, Iruñeko Udalak sexu aniztasunaren nazioarteko egunerako antolatutako egitarauaren berri jaso dugu. Horrez gain, kultura eta kirol arloko beste zenbait gairi ere erreparatu diegu.
Baskoniak Madril mendean hartu du playoffeko finalaren lehen partidan

2018-06-14
Baskoniak 90-94 irabazi zion Mardileri playoffeko finalaren lehen partidan. Norgehiagoka berdindua izan zen, eta Baskonia ofizioz gailendu zen. Garaipen honekin Gasteiztarrek kantxa faktorea berreskuratzen dute. Bigarren partida ostiralean izango da, Buesa Arenan.
Ane Muguruza. "Ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak gatazkan izan duen ardura bere gain hartzea"

2018-06-14
Foro Sozial Iraunkorrak, Fundipauk eta Bartzelonako Udalak antolatuta, ,'Construint la pau' jardunaldia egin dute Bartzelonan. Bertan izan dira, besteak beste, Agus Hernan, Joseba Azkarraga, Iñigo Iruin eta Ane Muguruza. Azken horrekin hitz egin du Saioa Baleztenak.
Euskaraldiak badu hamaikakoa Nafarroan ere

2018-06-14
Iruñean aurkeztu dute 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' egitasmoaren Nafarroako hamaikakoa. Asteazken goizean bildu dira Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuaren egoitzan talde eragilea osatuko duten kideak: Oier Sanjurjo futbolaria, Julian Iantzi telebistako aurkezlea, Edorta Salvador okina eta sukaldaria, Zuriñe Hidalgo abeslaria, Nerea Egozkue modeloa, Nerea Fillat Katakrakeko kidea, Mikele Grande Uharteko gaztea, Mikel Idoate enpresari eta pilotari ohia, Juan Kruz Lakasta kazetaria eta Saioa Jaurena errugbi jokalaria. Haiekin batera izan dira egitasmoa Nafarroan kudeatzeaz arduratzen direnak: Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren Nafarroako koordinatzaile Oskar Zapata, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi. Herrialde bakoitzeko hamaikakoen egitekoa izango da Euskaraldia herritarren artean sustatzea, era aktiboan parte hartzea eta horren berri ematea. Herritarren hizkuntza ohituretan eragitea da Euskaraldiaren helburua: aukera dagoenean euskaraz egitea. Ahobizi eta belarriprest rolak zehaztu dituzte horretarako. Herritarren aldaketa bultzatu nahi dute, beraz, eta taldean egin nahi dute. Urte erdi falta da 11 eguneko erronka martxan jartzeko, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute, eta jadanik 340 bat udalerrik eman dute izena parte hartzeko. Batzordeak sortzen ari dira herri horietan, Euskaraldia prestatzeko: euskalgintzako eragileak eta instituzioak bildu dituzte. Norbanakoen aldaketarako uste baitute ezinbestekoa dela entitateen babesa ere.
Telesforo Monzonen planteamenduak egungoekin alderatzeko liburua

2018-06-14
Gazteek duela 40 urteko planteamenduen berri jakin eta gaurkoekin aldera ditzaten, zein Monzon ezagutu dezaten idatzi du Pako Sudupek 'Telesforo Monzon, aristokrada abertzalea. EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala' izeneko liburua. Suduperen arabera, hiru etapa izan zituen Monzonek. Jaiotzez bergararra zen, langile herrikoa, baina zaldun familiakoa zenez, aberatsa. Baliagarria izan zitzaion, adibidez, soldadutza laburtua egiteko. Hiru etapa izan zituen Monzonek, Suduperen arabera. Lehen 25 bat urteetan, aita goiz hil zitzaiola medio, "amaren gonapean" egon omen zen. Ondoren, beste 25 bat urteko aro bati ekinez, gaztaroko giroarekin hautsi eta EAJko kide "garrantzizkoa" izan zen: GBBko buru eta EBBko kide, Espainiako Kongresuan diputatu eta lehen Eusko Jaurlaritzako kontseilari. Euskara ardatz modura zeukan, eta bere arbasoei kritikarik egin zien euskarari ez emateagatik garrantzia. Hizlari gisara ere nabarmendu zen Monzon, eta Kongresuan EAJko beste kideekin 1930eko hamarkada hasieran egindako lana ere nabarmendu du Sudupek. Hirugarren aroan, berriz, frankismoaren diktadura aurrera zihoanean, EAJren ildoarekiko kritikoago agertu zen Monzon; oso lotuta ikusten zuen Espainiako politikarekiko, eta 1956an dimisioa eman zuen karguetatik. 1958an ETA sortu zen, eta Monzonek gudaritzat zituen etakideak, Ipar Euskal Herrian iheslariak ezagutzen hasi zen eta 1960ko hamarkadako Aberri Egunen ondorioz "ilusionatu" egin zen. Suduperen hitzetan, zazpi lurraldez osatutako euskal estatuaren alde egin zuen beti, eta sinesten zuen horretan. Uste zuen bazela benetako aukerarik horretarako. 1975ean diktadura bukatu arren, Monzonek ez zuen uste euskal alderdiek sartu behar zutenik estatuaren erreforma kontuetan. 1977n EAJtik bidali egin zuten. Urte hartan itzuli zen Hego Euskal Herrira eta HBn sartu zen.
 
bannerra

bannerra