Skip to main content

Espainia

Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik onartu du Alemaniak Puigdemonten estradizioa

2018-07-12

Schleswig-Holstein landerreko Lurralde Auzitegiak hartu du Carles Puigdemont espainiaratzeko erabakia. Auzitegiak ez du Kataluniako presidenteordearen kontrako kautelazko neurririk agindu, eta Puigdemontek aske jarraitzen du. Espainiako Auzitegi Gorenak Puigdemonten entrega baztertzeko aukera du, eta litekeena da Pablo Llarena instrukzio magistratuak hala egitea, Kataluniako presidente ohiari soilik diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzen diolako.

Izan ere, Llarena kontraesan nabarmenean eroriko litzateke Puigdemonti delitu hori bakarrik leporatzea onartuko balu, kontuan izanik Kataluniako prozesu subiranistan Puigdemontek baino ardura apalagoak izan dituzten auzipetuei delitu larriagoak leporatu dizkiela: matxinada eta desobedientzia, hain zuzen.

Gorenak Alemaniako Justiziaren espainiaratzea ontzat emanez gero, Puigdemonti sei urteko kartzela zigorra ezarri ahalko lioke gehienez ere, eta hamar urtetarako kargu publikoetarako ezgaitu. Aldiz, matxinada delituagatik kondetatutakoek 25 urtera arteko zigorra jaso dezakete.

Quim Torra Kataluniako presidenteak Twitter bidez adierazi du "albiste oso ona" dela Alemaniako Justiziaren erabakia. Oso pozik dagoela Puigdemontengatik eta sekula hasi behar ez zuen auzi baten amarru eta gezurrak agerian gelditu direlako beste behin. Europan irabaziko dutela uste du Torrak.

Puigdemont martxoaren 25ean atxilotu zuen Alemaniako poliziak, herrialdearen eta Danimarkaren arteko mugan. Haren kontrako euroagindua eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak behin-behinean aske utzi apirilaren 5ean, entrega eskaria aztertu bitartean.

Goreneko magistratu Llarenak matxinada delitua leporatu zien Puigdemonti eta beste hamabi buruzagi independentistari. Auzipetze autoan ziurtatu zuen boterearen erabilera "bidegabea" egin zutela "altxamendu" bat bultzatzeko, "armarik gabe", baina indarkeria erabiliz. Alemaniako Justiziak, Espainiakoak ez bezala, ez du nahikoa arrazoi ikusi Pugdemonti matxinada delitua leporatzeko.

Onespen argirik gabeko sexu jarduna delitu izatea nahi du Madrilek

2018-07-11

Carmen Calvok aurreratu du moldaketa Suediako Parlamentuak maiatzean egin zuenaren antzekoa izango dela. Bertako legediak bortxaketatzat jotzen du emakumeen berariazko onarpenik ez duen edozein sexu jarduera. Alemanian ere egoera bera dute, 2017ko uztailean onartu baitzuten antzeko lege bat. 

2016ko sanferminetako talde bortxaketaren harira izandako polemikari heldu dio hala Espainiako Gobernuak: erasotzat ez, abusutzat hartu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak. Berdintasun ministroak adierazi duenez, moldaketaren helburua da horrelakoak saihestea. 

Emakumearen autonomía, askatasuna eta haren sexualitatearekiko errespetua bermatzeko, Zigor Kodeko aldaketa proposatzeaz gain, Madril «hausnartzen» ari da epaiketetan sexu erasoen biktima diren emakumeen «defentsa nola hobetu». Oraingoz, Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea moldatu nahi dute, lelo feminista bat bere eginez. 

Horrez gain, Berdintasun ministroak «emakumeen segurtasuna eta askatasuna» izango ditu helburutzat. Zenbait neurri aurreikusi ditu horretarako. Jada lantzen ari dira sexu esplotaziorako emakume eta haurren salerosketaren aurkako legea. Kiroletan emakumeei ikusgarritasuna emateko neurriak ere hartuko dituzte. Kulturan eta komunikazio arloan ere eragin nahi dute: ekintza positiboko politikak abiatuko dituzte, andreen lana «orekatzeko».

Martxoaren 3ko biktimak aitortzeko eskatu dio Urtaranek Sanchezi

2018-07-10

Hain justu, asteazkenean, Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinez eta Imanol Txasko joango dira Europako Parlamentuko Eskarien Batzordera, eta eskatuko diote dei dezatela Espainia 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien egia, justizia eta ordaina bermatzera. Horrez gain, hura berriz ez gertatzeko bermeak ere eskatuko dituzte.

Kataluniaren independentzia lortzeko biderik ez duela baztertuko argi du Torrak

2018-07-10

Urteak ziren Kataluniako presidente bat ez zela Moncloara joaten. Zehazki, 2011n PP boterera iritsi zenetik. Badirudi Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentetzatik zentsura mozio bidez kanporatu eta Pedro Sanchez sozialista agintera iritsi denean, aldaketak etorri direla. Aldaketa mezu horiek, ordea, ez dute bide handirik egin Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka politikoan, Quim Torra Kataluniako presidenteak egiaztatu duenez.

Autodeterminazio eskubidea batek, dirua eta eskumenak besteak, hala laburbildu daiteke bi agintarien arteko lehen elkarrizketa. Oraingoz, kartak mahai gainean daude, eta negoziazioak hasi besterik ez dira egin, baina Torrak ohartarazpena egina du jada: Kataluniak ez du «inolako biderik» baztertuko independentzia lortzeko.

Harago jo du: Jordi Turull, Josep Rull eta Quim Forn Generalitateko kontseilari kargugabetuak Kataluniako espetxeetara bidean direnean, Torrak esan du Sanchezi argi utzi diola ez duela ezer galtzeko.

Torrak eta Sanchezek abuztuaren 17an ikusiko dute elkar berriz ere, Bartzelonan, iaz egun horretan izandako erasoen biktimak oroitzeko ekitaldietan, eta udaren ostean izango dute bigarren hitzordua, Bartzelonan, Espainiako presidenteak Kataluniakoak egindako gonbita onartu ostean.

Sanchezek Torrari ohartarazi dio ez dagoela autodeterminazioaz hitz egiterik

2018-07-09

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak argi eta garbi esan dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari irtenbide politikoa Kataluniaren autodeterminazio eskubidea aitortzea dela.

Baina Sanchezek erantzun dio autodeterminazioaz ez dagoela askorik hitz egiteko, eta, horren ordez, inbertsioak eta autogobernuan sakontzea eskaini dizkio. Hala azaldu du, bilkuraren ondoren, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

Hurrengo bilkura Katalunian egiteko Torraren gonbita onartu du Sanchezek, eta Calvok baieztatu du hala izango dela, datarik zehaztu ez badu ere, normaltasunaren erakusle gisa.

Aldebiko batzordea martxan jartzea adostu dute Sanchezek eta Torrak

2018-07-09

Espainiako Gobernuko eta Kataluniako Generalitateko presidenteek adostu dute alde biko batzordea martxan jartzea. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak eman du Pedro Sanchezek eta Quim Torrak egindako bileran adostutakoen berri, amaitu eta gutxira.

Madrilen eta Bartzelonaren arteko harremana eta elkarrizketa berreskuratzeko batzartu dira Sanchez Espainiako presidentea eta Torra Kataluniako Generalitatekoa, Madrilen. Arazo politikoak irtenbide politikoa behar duela uste du Torrak eta Sanchez ere uste berekoa delako poztu da. Baita bilkuran gai guztiez hitz egiteko aukera izan dutelako ere. 

Bilkurako gai garrantzitsuetako bat, espero zitekeenez, autodeterminazio eskubidea izan da. Calvok baieztatu du Torra autodeterminazio eskubideaz mintzatu dela eta Sanchezek erantzun gisa autogobernu gorena eta Konstituzioaren eta boterearen deszentralizazioa eskaini dizkiola.

Espainiako presidenteordeak baieztatu du Madril prest dagoela Kataluniako "lege batzuei" betoa kentzeko, energiari, pobreziari edo osasun unibertsalari buruzkoei, adibidez.

Hurrengo bilera Bartzelonan egitea eskaini dio Torrak Sanchezi, eta Calvok baieztatu du egin egingo dela, datarik eman gabe.

 
bannerra