Skip to main content

EuskalHerria

Udalbiltzak euskal herritartasuna bultzatzeko ekimenak aurkeztu ditu

2014-03-19

Udalbiltzak Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza bultzatzeko ebazpena aurkeztu du. 200 alkate eta zinegotzik ekarpenak egin ostean onartu zuten agiria pasa den ostiralean. Bizi dugun unea euskal herritartasunean sakontzeko egokia dela azaldu dute eta hori dela eta hainbat ekimen zehaztu dituzte. Batetik, euskal sinboloen erabilera handituko dute. Bestetik, udaletako webguneetan .eus erabilera bultzatuko dute eta azkenik, euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortuko dute.

Urteko seigarren hilketa matxista salatu dute Uharten

2018-08-29

Larunbatean aurkitu zuten emakumea, Uharteko bere etxean. Haren senarrak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, 38 urteko andreak, «dutxan erori eta buruan jasotako kolpearengatik, konortea galdu» zuela esanez. Haraino joandako osasun langile eta foruzainek, ordea, hainbat zauri antzeman zizkioten emakumeari. Foruzaingoaren arabera, eraso batekin bateragarriak diren zauriak ziren, eta senarrak ere zauri batzuk zituela sumatu zuten. Konorterik gabe zegoen andrea Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzura eraman zuten anbulantzian. Han hil zen, astelehen arratsaldean, zauriengatik.

Poliziek, berriz, indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela susmatuta, galdeketa egin zieten, bai gizonari, bai haren amari. Etxe berean bizi da gizonaren ama eta larunbatean gertatutakoaren lekuko izan zen. Bien kontakizunen artean «kontraesanak» zeudela antzeman zuten foruzainek. Baita gizonaren amak etxe osoa garbitu zuela ere, eta «ikerketa oztopatzen» saiatu zela azaldu dute. Hala, larunbatean bertan atxilotu zuten 41 urteko gizona.

Horren ondoren ere, foruzainek ikerketa gehiago egin dituzte, eta jakinarazi dute gizonak maiz ematen zizkion tratu txarrak emazteari. Zehazki, Uharteko udaltzainek bitan atxilotu dute delitu horrengatik. Astelehenean, Agoizko auzitegira eraman zuten atxilotua, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 2. zenbakiko Epaitegira. Foruzaingoaren ikerketa oinarri gisa hartuta, instrukzio epaileak ebatzi du gizona bermerik gabe kartzelatzea, giza hilketa delitu bat leporatuta.

Hilketaren berri izan eta berehala, mugimendu feminista ere erantzuna antolatzen hasi zen. Asteazken arratsaldean elkarretaratzea egingo dute, Uharten. Astelehen Lilak kolektiboak, berriz, datorren astelehenerako egin du protesta deialdia. 20:00etan elkartuko dira, Iruñeko Gazteluko plazan.

Euskal Herriak nor izan nahi duela aldarrikatuko dute Tourrean

2018-07-13

Ekimenaren sustatzaileek jai gune bat antolatu dute erlojupekoaren ibilbideko 14. kilometroan, Uztaritze eta Zuraide artean, eta asmoa 12.00etan mosaiko handi bat egitea da.

Hori ez da baina asmo bakarra izango, ibilbidean barrena “You are in The Basque Country. Euskal Herria helmuga” lelodun afixak banatuko dituzte. Donostian aurkeztu dute egitaraua, eta, besteak beste, Mikel Astarloza, Miguel Mari Lasa eta Txomin Perurena txirrindulari ohien babesa jaso dute, eta Aritz Bagues Muriaseko txirrindulariarena.

Egitasmoa abian jartzeko boluntarioak ere beharko dituzte, eta laguntzeko prest dagoen orok www.Tourra.eus webgunean eman dezake izena. Era berean, mosaikoan parte hartu nahi duenak aurretik izena ematea eskertuko lukete, webgunean ere bai. Festagunea bezperatik irekiko dute, eta bertan taberna eta animazioa egongo da. Lasterketa jarraitzeko pantaila erraldoia ere egongo da. Zaleei bezperatik joatea gomendatu diete, erlojupekoaren egunean 09:00etan itxiko baitituzte errepide gehienak.

Mosaikoa eta afixa banaketa 28an izango da, eta astebete lehenago bizikleta martxa antolatu dute erlojupekoaren ibilbidea egiteko. Irteera goizeko 10.00etan izango da, Senpereko Utsalea aparkalekuan. Osatzen den multzoarekin ibilbidea egingo dute, Ezpeletaraino. Behin bukatuta, autoa Senperen utzi duenak 11 kilometro ditu irteera punturaino.

110 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute 31 egunetan

2018-06-26
Uztailaren 1ean hasiko da Euskarabentura izeneko ibilaldia Maulen. 110 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute eta uztailaren 31ean Getxora iritsiko dira, euskararen erabilera indartzea helburu duten hainbat jardueraz osatutako ibilbidea egin ostean. Ekimenaren antolatzaileek Abenduan aurkeztu zuten 16 eta 17 urteko gazteei zuzendutako proiektua. Parte hartzeko hiru gairen inguruko lanak egin behar izan dituzte gazteek, guztiak euskararekin lotuak. Proposamen guztiak jaso ostean, euskal herriko txoko ezberdinetako 72 neska eta 38 mutileko taldea osatu du antolakuntzak. Washingtondik eta Patagoniatik heldutako bi gaztek ere parte hartuko dute. 31 eguneko bidean mota desberdinetako jarduerez gozatzeko aukera izango dute partaideek: museoak bisitatuko dituzte, errealitate soziolinguistikoan adituak direnen hitzaldietara joango dira eta kirol txapelketetan lehiatuko dira, besteak beste. Ibilbide guztian ardatz izango dute Done Jakue bidea eta Euskal Herrian Munduko Ondare diren leku guztietara joango dira. Euskalabenturako antolatzaileek ekimenaren helburua euskararen erabilera sustatzea eta euskal lurraldea ezagutuz, gazte euskaldunen sare bat sortzea dela adierazi dute. Proiektua sortzeko eredu gisa, herrialde iberoamerikar desberdinak bisitatzen zituen Qetzal bidea hartu dutela ere azaldu dute. Maulen elkartu eta Done Jakue bide frantsesa hartuko dute partaideek. Uztailaren 3an Donibane Garazin izango dira eta San Fermin egunez iritsiko dira Iruñera. Uztailaren 14rako Gasteizera iritsiko dira eta Goierri zeharkatuz Tolosara iritsiko dira. Hernani eta Irun igarota, Baionara iritsiko dira kostatik, ondoren Donostiara joan eta Gernika igaroz uztailaren 30ean Bilbora iristeko. Abentura Getxon amaituko dute, Bizkaia zubian.
Lolita Chavez: "Transnazionalak gerarazi ditugu eta harago joateko indarra ematen du horrek"

2018-01-18

Hainbat mehatxu eta erasoren ostean, ekainaren 7an, meategi baten aurkako ekinaldi batetik itzultzerakoan, gizon talde armatu bat Lolita Chavez hiltzen saiatu zen. Guatemalako Kitxe herri indigenaren kontseiluko burua da. Erasoaren aurrean, mendira ihes egin zuen, eta bere bizia arriskuan ez jartzeko, ezkutuan izan da orain arte. Orain, helburu du Europan ezagutaraztea bere eta kitxe herriaren borroka, eta Euskal Herrian dago asteotan.

Ertzak | Zerk batzen ditu EH, Katalunia, 15M eta Syriza?

2016-01-21

Zer nolako lotura dute Euskal Herria, Katalunia eta Eskoziako mugimendu independentistek Greziako Syriza eta 15M mugimenduarekin? Oinarrian komuna den zerbait dute guztiek? Euskal Herrian masa kritikoa egonda ere, independentziaren aldeko mugimenduek behar duten transbertsalitatea dute edo alderdiekiko menpekotasuna altuegia da? Galdera potolo horiei erantzuna ematen saiatu gara Jule Goikoetxea, Jon Azkune eta Koldo Bilbaorekin.

 
bannerra