Skip to main content

Gurean Gaur

Donostiako Euskal Jaien egitaraua aurkeztu dute

2018-08-27
2018ko Donostiako Euskal Jaien egitaraua aurkeztu dute Donostiako Udaletxean. Abuztuaren 30ean hasi eta irailaren 9ra arte iraungo du jaiak eta euskal folklorea, gastronomia eta kirola sustatzeko 66 jarduera antolatu dira. Kontxako Banderarako Sailkapen estropadarekin abiatuko dira Euskal Jaiak. Arrauna izango da, kirol eskaintzaren barruan, protagonismo handiena izango duena, baina bestelako kirolek ere izango dute tartea. Irailaren 8an, esaterako, Easo igeriketa elkarteak antolatutako Kontxako badiako igerialdia egingo da. Egun berean, Urgulleko 18. Krosa eta kontxako badiako waterpolo txapelketa ere antolatu dituzte. Urtero bezala, irailaren 1ean Sagardo Eguna ospatuko da Konstituzio Plazan. Sagardogileen Elkarteko Olatz Mitxelenak azaldu duenez, sagardogileen topa egingo da eta sagardogintzari egindako ekarpenengatik, Ignacio Astiazaran eta Isabel Diaz, Astiazaran Sagardoaren ekoizleak, omenduko dituzte. Sagardo berezia dastatzeko aukera ere izango da. Aurtengo berritasuna,Lur Kolektiboak antolatutako Euskal Jaiak Artisautza Azoka izango da. Frantziako pasealekuan kokatuko da eta egunero irekiko dute 11etatik 14:30tara eta arratsaldeko 4terdietatik zortzi terdietara. Urtero antolatzen diren Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa eta Donostiako nekazaritza ekologikoaren azoka ere egingo dituzte eta irailaren 6an, 7an eta 8an, Euskal Herrian ekoitzitako garagardoak probatzeko aukera izango da Bulebarrean.
Agur Etxebeste! pelikularen grabaketa hasi da

2018-08-27
Aupa Etxebeste!film arrakastatsua 2005ean estreinatu zuten Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek, eta haren segida izango den lana sortuko dute, Agur Etxebeste! izenburupean. Aste honetan bertan hasiko dira pelikula grabatzen eta sei aste iraungo du filmaketak. Zuzendariek tramaren inguruko pista asko eman ez dituzten arren, lantalde tekniko eta artistiko berdinarekin 14 urte beranduago lan egitea opari bat dela adierazi dute. Pelikularen zati handiena Bergaran grabatuko dute oraingoan ere. Istorioaren protagonista familia bera da baina bigarren zatirik ez dela, pelikula desberdin bat dela argitu dute zuzendariek. Entseguak ongi joan direla eta lanean hasteko gogoa dutela adierazi dute. Etxebeste familia osatzen duten Ramon Agirre, Elena Irureta, Iban Garate eta Paco Sagarzazu aktoreak ere gogotsu azaldu dira elkarrekin lan egiteko. Euren pertsonaien eboluzioa islatzea erronka polita izango dela adierazi dute eta aurreko pelikulak izan zuen harrera ona errepikatzea espero dute. Handia eta Loreak bezalako pelikulek izandako arrakasta aprobetxatuz eta azken euskal filmen maila onarekin jarraituz, komediaren arloan ere euskarazko proposamenak izatea ona dela adierazi dute. Aupa Etxebeste!-k 11 astez lortu zuen zinema-aretoetan egotea, eta euskarazko pelikularik ikusiena izan da Handia filma estreinatu zen arte. Publikoaren saria ere jaso zuen Donostiako Zinemaldian eta egun jende asko oroitzen da filmaz. Agur Etxebesteren sinopsiak azaltzen duen bezala, aurreko filmari jarraipena ematen zaio. Patrizio Etxebeste alkate izatera iritsi da baina osasun arazoengatik Maria Luisa bere emaztea izendatu du herriko alkate eta udaletxeko funtzionamendua goitik behera aldatuz azken honek. 2019an ikusiko dugu zer estualdi pasatzen dituzten Etxebestetarrek, baina garbi dago umorerik ez dela faltako.
"Chichinabo Cabaret" musikala Euskalduna Jauregian egongo da ikusgai abuztuaren 30tik irailaren 6ra

2018-08-27

Felipe Lozak zuzendutako obra Pabellon 6-en aurkeztu zen 2015ean eta oraingoan Euskalduna Jauregira egin du salto. Bertan, Sestaoko gazte langabetu baten buruan sartuko dira ikusleak, bere neuronak ezagutu eta zer sentitzen duen ikusi eta entzun. Kritika soziala ere badu obrak, aktoreek eta egileek adierazi dutenez, krisia pairatzen duen gazte baten inguruko istorioa baita.

Volskwagenek zortzi egunez itxi nahi du Landabengo fabrika

2018-08-27

Aldi baterako erregulazio espedientea negoziatzen hasi dira Volkswagen Nafarroako zuzendaritza eta sindikatuak. Zuzendaritzak, irailaren 3an hasita, 8 egunez itxi nahi du fabrika motorrak falta zaizkiolako. Sindikatuek erregulazioa eragotzi nahi dute eta, adierazi dutenez, ostegunera bitarte luzatuko da negoziazioa. 

 

Pentsiodunak beste astelehen batez Bilboko udaletxean bildu dira pentsio duinak aldarrikatzeko

2018-08-27

Pentsiodunak Bilboko udaletxearen atarian bildu dira gaur ere. 1080 euroko pentsio unibertsala eskatzeaaz gain, abuztuaren 20ko manifestaldi erraldoiaren balorazioa egin dute. Emakume pentsiodunen egoera hauskorra aho batez azpimarratu dute; bestalde, Aburtok eta telebista publikoak kritika gogorrak jaso dituzte nagusiengandik.

Bilboko Konpartsek Aste Nagusia modu baikorrean baloratu dute

2018-08-27

Bilboko Konpartsek Aste Nagusia modu baikorrean baloratu dute, 500 ekimenetik gora antolatu dituztela nabarmenduz. Baina, puntu beltz nagusitzat, izandako eraso sexistak azpimarratu dituzte. Dagoeneko, konfirmatutako lau kasu daudela adierazi dute, baina federaziotik jakinarazi dutenez eraso gehiago egon dira. Azkenik, udalak, segurtasunaren alorrean, izan duen jarrera kritikatu dute, jaigunea “militarizatu” dutela azalduz. Konpartek, txosnak deseraikitzeari gaur bertan ekin diote.

 
bannerra

bannerra