Skip to main content

Gurean Gaur

Bilbaobizi bizikleten mailegurako zerbitzuak prekarietatea eragiten duela salatu dute langileek

2019-06-18
Bilboko udaletxe aurrean bildu dira gaur lan baldintza hobeak eskatzeko. Udalak azpikontratatua duen NextBike enpresarentzat egiten dute lan. 8 hilabete daramatzate bizikleta elektriko hauek martxan. Langileek salatu dute enpresak ez dituela baliabideak moldatu etengabe igotzen ari den eskarira. LABetik adierazi dute egunean batez beste 4 erabilera izango zituzten bizikletak, 20 bidaiatik gora egiten ari direla. Honen aurrean enpresaren erantzukizuna azpimarratu dute, baina baita hau kontratatu duen udalarena ere. Bilboko Udalak azpikontratatutako enpresarekin duen akordioa jardueraren errealitatera egokitzea eskatu dute, langileen lan baldintzak eta segurtasuna akordio horri egokitu beharrean.
Laura Perezek eta Patxi Zabaletak Udal gobernuen osaketa aztertuko dute Nafarroa Gaur saioan

2019-06-18
Laura Perez eta Patxi Zabaleta parlamentari ohiek ekainaren 15eko Udal gobernuen eraketaren eta biharko parlamentuaren osaketaren analisia egin dute Hamaika Telebistako platoan. Orain Bai platafarmako kideak eta Aralarko sortzaileak bat egin dute ezkerreko alderdi abertzale, subiranista eta ez subiranistek oposizioan izango duten ahalmenaz hitz egiterakoan.
EAJk zazpi eta PSE-EEk lau zinegotzi izango dituzte Donostiako udal gobernuan

2019-06-18
Datozen lau urtetarako udal gobernua aurkeztu dute Eneko Goia eta Ernesto Gascok. Goiak eta Gascok azpimarratu dute bi alderdien elkarlana ona izan dela hiriarentzako. Alkateak sozialistek akordioetara iristeko izan duten “prestutasuna” eskertu du eta Gascok negoziaketa “lasaia” izan dela adierazi du. Gobernu programa bi hilabete barru aurkeztuko dute, eta batzordeak osatzeko lehen ez-ohiko udal batzarra ostegunean egingo dute. Aldiz, legealdiko aurreneko udal batzarra uztailaren amaieran izango dela adierazi du alkateak.
Hiri guztira zabalduko da Bilbo BBK Live jaialdiaren 14. edizioa

2019-06-18
Last Tour-ek aurtengo Bilbao BBK Live jaialdia aurkeztu du Bilboko Udaletxean. Uztailaren 11tik 13ra bitartean 100 talde baino gehiago arituko dira Kobetamendin zein Bilbon zehar kokaturiko lau eszenatokitan. Horietatik zortzi baino ez dira Euskal Herrikoak eta seik egiten dute euskaraz euren kantetan.
PSNk EH Bilduri ezarritako betoa zentzugabekeriatzat jo du Otegik

2019-06-17
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eskainitako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek. Otegik azpimarratu du hauteskunde kanpainan esan zuten moduan, bi bloke eratu direla Euskal Herrian: aurrerakoia eta atzerakoia. Egoera horretan, bozka aurrerakoiak bloke atzerakoiaren mesedetan erabiltzea leporatu dio alderdi sozialistari.
Estradizio legearen tramitazioa bertan behera utzi du behin-behinean Hong Kong-ek

2019-06-17
Milioi bat lagun baino gehiago irten dira kaleetara Hong Kongen, Txinarako estradizio legea behin betiko bertan behera utzi dadin eskatuz. Gobernuak oraingoz legearen tramitazioa bertan behera utzi du behin behinean. Halako kasuetan gertatzen den moduan, parte hartzaile kopuruari buruz batzuek eta besteek emandako zifrak ez datoz bat. Atzoko mobilizazioei erreparatuta, poliziak 338.000 lagun aipatzen ditu. Antolatzaileen arabera bi milioi lagun baino gehiagok hartu zuten parte. Legea bertan behera uzteko eskatzeaz gain, Carrie Lam lehen ministroaren dimisioa eskatzen ere hasi dira herritarrak.
 
bannerra

bannerra