Skip to main content

Gurean Gaur

47 deliturengatik auziperatu dute Kote Cabezudo argazkilaria

2019-07-10
Donostiako 4. instrukzio epaitegiak itxi du argazkilariaren aurkako auzi nagusiaren instrukzioa, 21 emakumeren salaketagatik hasi zena 2013an eta 47 delitu leporatuta epaituko dute 2018 maiatzetik espetxean dagoen Cabezudo. Horietako lau, askatasun sexualaren aurkakoak.
Bilboko Udalak harrera egin die hirira uda pasatzera etorri diren Saharako eta Europa ekialdeko haurrei

2019-07-10
48 adin txikiko etorri dira aurten eta magia ikuskizun batekin egin diete ongi etorria. Tindoufeko saharrarren errefuxiatu kanpalekuetatik eta Ukraina, Errusia eta Bielorrusiako umezurztegi eta familia behartsuetatik etorri dira neska-mutikoak. Eskertuta agertu dira haurrak eta baita haiekin etorri diren elkarteetako ordezkariak ere.
Urtea hasi denetik 27 langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian

2019-07-10
Urtea hasi denetik 27 langile hil dira beraien lanpostuetan Euskal Herrian. Astelehenean Irunberrin gertaturiko lan-istripu hilgarria gaitzetsi dute zenbait sindikatuk Josenea Lan Elkartea enpresaren parean.
50 urte bete dira gaur Rikardo Arregi Aranburu hil zela

2019-07-10
Euskal kazetaria, saiakeragilea eta euskaltzalea izan zen. Kulturaren eta euskararen beraren antolakuntza modernoa bultzatu zituen. Andoainen jaio zen 1942ko irailaren 22an. Baina, 27 urte bete gabe hil zen auto istripu batean Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala Ramon Saizarbitoriarekin batera. Nabarmenak izan dira berak egindako ekarpenak, eta diseinatu zituen hainbat estrategia gaur egun errealitate bat dira. Euskaldunen alfabetatzea edo euskal kulturaren zabaltzea dira horietako batzuk. Izan ere, Filosofia ikasketak bukatu ondoren Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan lagundu zuen.
Iruñeko udaltzaingoen jarrera salatu dute entzierroetako korrikalariek

2019-07-10
Irakurritako komunikatuan adierazi dutenez, atzo, goizeko 7:30etatik kalez jantzitako zenbait agente ikusi zituzten Santo Domingo aldapan, entzierroa hasteko minutu gutxiren faltan. Zezenak pasa eta berehala, ibilbidea bukatu aurretik ere, gazte bat identifikatu zuten txupinazoan ikurriña erraldoia ateratzearekin zerikusia duelakoan. Gainera, egoeragatik protestaka ari ziren beste bi lagun komisaldegira eraman zituzten poliziek.
BBK eta Vital fundazioen demokratizazioa eskatu du Kutxabank Publikoa plataformak

2019-07-10
Kutxabank erakunde erdipublikoa izaten jarraitzeko, BBK eta Vital fundazioak demokratizatu behar direla nabarmendu dute Kutxabank Publikoa osatzen duten sindikatu eta eragileek.
 
bannerra

bannerra