Skip to main content

Gurean Gaur

“Prest” lemapean ospatuko du EAJ-k aurtengo Alderdi Eguna igande honetan Forondan

2018-09-26
Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarren hitzartzeak izango dira eta milaka alderdikideren presentzia espero da. Jeltzaleen erronka “euskal hiritargoaren zerbitzura jarraitzea” dela azaldu du Mireia Zaratek, EBBko idazkariak. Bestalde, estatus berriaren auzian EH Bildurekin lortutako akordioarekin “aurrera jarraituko dutela” azpimarratu dute baina “indar gehiagoren babesa” bilakatuko dutela nabarmenduz.
La Naval-eko langileek bilera egin dute Arantxa Tapia Industria sailburuarekin

2018-09-27
Sestaoko La Naval-eko langileen enpresa batzordeak bilkura egin du Arantxa Tapia Industria sailburuarekin. Topaketa tonu onean joan dela azpimarratu du bi aldeek baina egoeraren larritasuna nabarmena da. Tapiak azaldu duenez, La Naval erosteko interesa duten inbertsoreak azaldu dira baina oraindik ere ez dago inolako eskaintza irmorik.
Nerea Martinez: "Martxoaren 3ko kasuan, egiaren aitortza eta zigorgabetasunaren amaiera nahi dugu"

2018-09-26
1976ko martxoaren 3an espainiako poliziak Gasteizen eragindako sarraskia Arabako herritarren oroimen kolektiboan iltzatuta geratu den zauria da. 42 urte beranduago, justiziaren aldeko aldarriak bizirik jarraitzen du. Martxoak 3 Elkarteak, egia eta biktimentzako aitortza eskatzeaz gain, sarraskiaren arduradunen zigorgabetasuna salatzen du. Horretarako, Argentinan, Servini epailearen bitartez, bide judizialari ekin dio eta Bruselan europarlamentariekin biltzeko aukera izan du. Gasteiztarren oroimen kolektiboa markatu duen gertaeraren inguruan hitz egiteko, Nerea Martinez-ekin egon gara, 1976ko martxoaren 3an hildako Pedro Martinez Ocio-ren ilobarekin.
Kataluniako Konstituzioa zehazteko gizarte foroa urriaren 15erako osatu nahi du Quim Torrak

2018-09-26
Osoko bilkurarako astebeteren faltan, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak aurkeztu du legealdiko plana. Kataluniako konstituzioaren oinarriak zehaztea eta legealdia agortzea aurreikusi du Torrak. Horrez gain, Junts Per Catalunyak eta ERCk parlamentuan gehiengoari eusteko akordioa egin dute aste honetan.
Euskararen arnasguneen garapenerako jauzia, urriaren 10ean, Azpeitian

2018-09-26

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk elkarlanean antolatu dute Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera jardunaldia. Urriaren 10ean egingo da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Laugarren aldiz egingo da jardunaldia, eta oraingoan, euskararen arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte.

Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak zeharkakotasunez lantzen dituen politiken artean dagoela hizkuntzarena, eta estrategikoa deritzo Gipuzkoan euskararen eta herrien garapena lotzeari.

Aurrez egindako jardunaldiek emaitza praktikoak eskaini dituztela uste du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, eta, laugarrenarekin bide bera egin nahi dute hizkuntzaren jasangarritasunean.

Jardunaldiek, orain arte, hizkuntza politikarako neurri praktikoak proposatzeko aukera eman dutela iruditzen zaio Josu Labaka UEMAko lehendakariari eta urriaren 10ean egingo denak jauzi kualitatiboa emateko balio beharko lukeela uste du.

Azpeitiko Udalak ere parte hartu du jardunaldien antolaketan. Eneko Etxeberria alkateak aitortza gisa ulertzen du jardunaldia herri horretan egiteko aukera, eta udalak lantzen dituen bi lan ildoekin lotura duela esan du.

Esan bezala, jardunaldia urriaren 10ean izango da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean: 08:30ean harrerarekin hasi eta 18:15ean ondorioen irakurketarekin amaituko da. Tartean, hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte.

Berritasunak iragarri ditu Azkue Fundazioak Banden Lehiaren 10. Ediziorako

2018-09-26
Gaur abiatuko den euskal musika taldeen lehiaketak sari gehiago banatuko ditu aurten finalista guztien artean, ez bakarrik talde irabazlearentzat. Izen emateko epea gaurtik urriaren 26ra egongo da zabalik, urriaren 30ean jakingo dugu zeintzuk diren finalistak eta finala azaroaren 17an ospatuko da Bilborock aretoan.
 
bannerra

bannerra