Skip to main content

Gurean Gaur

Fred Dekker zuzendariak jasoko du "FANTastikoaren Izarra" saria

2019-05-03
Gaur hasiko da Bilboko zinemaldi fantastikoa, FANT-a. Campos antzokian izango da irekiera ekitaldia, eta bertan "FANTastikoaren Izarra" saria Fred Dekker gidoilari eta zuzendari estatubatuarrak jasoko du. "House", "Night of the Creep" edota "Monster Squad"-en sortzailea, 80. hamarkadako zinema fantastikoaren erreferentzia argia da, gaur egun jarraitzaile ugari dituena, eta bere filmak kultozkoak bezala hartzen dira. Ohorezko saria ez ezik, aurtengo FANT-ek egitarau bete-betea du, 9 egunez proiekzioak, hitzaldi eta bestelako solasaldiak Bilboko aretoetan emango dituenak.
Crossover jaialdiaren II.edizioa ospatuko da maiatzaren 7tik 11ra Donostian

2019-05-03
Crossover jaialdiaren II.edizioa ospatuko dute maitzaren 7tik 11era Donostian. Bigarren edizio honetan, emakumeak, telebistako euskal fikzioa, telesailen eta politikaren arteko harremanak nabarmendu dituztela adierazi dute, baita Game of thrones fenomenoa ere. Horretaz gain Movistar+, HBO españa eta AXN ekoizpen eta banaketa plataformen zenbait telesail estreinatuko dituzte. Hogeita hamar gonbidatu izango dira, sorkuntzaren, kritikaren eta ekoizpenaren eremuetakoak. Eta telesailek genero gisa duten berezitasunei buruz jardungo dute. Izan ere, arrakasta hartzen ari dela adierazi dute mundu osoan eta kultura ohituren eta aisialdiaren erdigunean kokatu dela ere azpimarratu dute azken urte hauetan. Maiatzaren 8an Olatz Beobide, Ainhoa Larrañaga eta Xabi Zabaleta euskal-fikzioaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz arituko dira. Goenkaletik Go!azenera izenburupean, arratsaldeko 19:00etan izango da Koldo Mitxelena kultur etxean.
Bilboko EH Bildu, pozik legegintzaldian egindako lanarekin

2019-05-03
Bilboko EH Bilduk maiatzaren 26an bukatzekoa den legegintzaldiko balorazioa egin du Udaletxeko prentsa-aretoan eskainitako agerraldian. Aitziber Ibaibarriaga koalizio soberanistako zinegotziak irakurketa positiboa egin du. Aurkeztutako proposamen ugariak jarri ditu balioan, 200etik gora, eta horietako batzuk aurrera atera izana ospatu du. Bilbobusen erdibideko geldialdiena, mugikortasun plana eta euskararen aholku batzordea Bilduk proposatutako ekintzak direla gogorarazi du Ibaibarriagak.
PSNk Iruñeko Udalaren aurrekontuak babestuko dituela baieztatu du

2019-05-03
Maite Esporrin PSNren Iruñeko zinegotziak ziurtatu du finantzarioki jasangarriak diren inbertsioetara 600.000 euro gehiago bideratzea jarri dutela aurrekontuak babesteko baldintza gisa. Aurrekontuak onartzeko baldintza gisa, aurrekontu proiektua arlo finantzarioan jasangarria izan dadin lortze aldera 600.000 euroko diru sarrerak eragingo dituzten neurriak bultzatu dituztela ziurtatu du
Clemente Bernardek ezarritako zigorra onartuko du "kartak markaturik daudelako"

2019-05-03
Clemente Bernardek ez dio Los Caidos monumentuan meza bat grabatzeagatik jasotako zigorrari helegiterik jarriko. Dokumentalgilearen hitzetan kartak markaturik daude, eta beraz urtebeteko kartzela zigorra onartuko du, faxisten jokoan sartu nahi ez duelako.
Urtebete igaro da ETAk behin betiko bere ibilbideari amaiera eman zionetik

2019-05-03
Euskal Herriaren historian mugarri izandako efemeridea eta aro berri bati ateak parez pare ireki zizkiona. 2009an, Ezker abertzaleak abiatutako bideari jarraiki, Aieteko adierazpena giltzarri, ETAk bere ekintzak bertan behera utzi zituen aurrena, ondoren armagabetu, eragindako kaltea aitortu eta azkenik desegin egin zen. Arnagako ekitalditik urtebete igaro denean, belaunaldi ezberdinak markatu zituen albistearen ondotik, gatazka lazgarri batek utzitako arrasto eta ondorioak behar bezala ixtea da euskal jendarteak, instituzio, eragile eta mugimendu sozialek duten erronka nagusietako bat.
 
bannerra

bannerra