Skip to main content

Gurean Gaur

Estrasburgoko Auzitegiak ontzat jo du Espainiak euskal presoen zigorrak ez metatzea

2018-10-23
Epaileek erabaki dute Espainiak ez duela urratu askatasunerako eskubidea eta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea; bai, ordea, bidezko prozesu judizial bat izatekoa.
EGUNEKOA: politika, gizarte eta kultura albisteen bilduma

2018-10-23
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak euskal presoen zigorrak metatzeaz emandako ebazpena eta Eusko Jaurlaritzako aurrekontu proposamena jaso ditugu gai politikoetan. Gizarte arloan, joan den astean bikotekideak etxeari su emanda zauritutako emakumea hil izanari, Landabengo Volkswagenen eten luzapenari eta Iruñeko Udaleko euskara erabileraren ordenantzari erreparatu diegu. Azkenik, kulturan, 53. Durangoko Azokaren aurkezpena jorratu dugu.
11.784,1 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Jaurlaritzak 2019rako, aurten baino %3,6 handiagoa

2018-10-23

Eusko Jaurlaritzak 11.784,1 milioi euro gastatzea aurreikusi du 2019. urterako aurrekontu proiektuan. 371 milioi eurora mugatu du Jaurlaritzak datorren urterako gastu hazkundea. Zorpetze gastua eta AHTren diru saila kenduta, beraz, aurten baino %3,6 diru gehiago izango du eskura politika propioak garatzeko.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak zero defizita duen kontu proiektua aurkeztu du, eta ohartarazi du ez dela posible izango gehiago gastatzea, gastu araua urratuko lukeelako. Hazkunde horren zati handi bat langile eta funtzionamendu gastuetarako erabiliko da, aurten baino 205 milioi gehiago bideratzea jaso du proiektuak. Besteak beste, langile publikoei eskaini zaien soldata igoera sartuko litzateke igoera horretan. Halaber, Inbertsio publiko propioa %7,4 igoko dela nabarmendu du sailburuak. Azpiazuren hitzetan, horiek dira aurrekontuen gakoak: inbertsio publikoak eta izaera soziala.

Aurrekontu esparru horrek definituko ditu kontuak aurrera ateratzeko oposizioarekin egin beharreko negoziazioak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos proposamen zehatzak lantzen ari dira, eta agiri bana helarazi diote Ogasun Sailari. PPk lehen bilera sorta egin du Azpiazurekin, baina ez du igorri dokumenturik.

EH Bilduk 420 milioi euroko akordioa eskaini du, aurrekontuak onartzeko bi abstentzioren truke. Diru horretatik 70 milioi euro enplegu planak eta ekintzak finantzatzeko erabiliko lirateke. Zatirik handiena, berriz, 350 milioi eurokoa, pentsiorik txikienak osatzeko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen hitzetan, proposamen bideragarria da koalizioak mahai gainean jarritakoa eta jeltzaleek eta sozialistek ere hala adierazi omen diete. Beraz, borondate politikoa soilik falta dela iruditzen zaio.

Azpiazuk zalantzak agertu ditu pentsioak osatzeko aukerari buruz. Sailburuaren ustez, EAEk daukan "eskumen esparrutik kanpo" daude pentsioak, eta Espainiako Kongresuan negoziatu beharko litzateke horien igoera. Hori da, hain justu, aste hasieran, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek gogorarazi duena.

Elkarrekin Podemosei dagokionez, bidali zuten lehen proposamenak gastu hazkunde oso handia zekarrela gogoratu du Ogasun salburuak. Hain justu, Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin egindako bileraren biharamunean. Espainiako Estatuko egoeraz egin zuten bileran, besteak beste, Espainiako aurrekontuen onarpena ere izan zuten hizpide. Iglesiasek, edonola ere, argi utzi du Madrilgo kontuek ez dutela EAEkoekin loturarik, eta Elkarrekin Podemosi dagokiola azken horien inguruko erabakia.

Hala ere, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Lander Martinezen azken adierazpenetan "norabide aldaketa" sumatu du. PPk bere burua urrundu du akordiotik, baina Azpiazuk ez du bide hori bukatutzat eman nahi eta asmoa du popularrekin berriro biltzeko. Haren ustez, aurrekontu onak direlako eta onartzea mesedegarria izango delako.

Euskara Iruñeko berezko hizkuntza bezala definitu du Udalak bere ordenantza berrian

2018-10-23
Euskararen ordenantza berriaren proposamena aurkeztu du Iruñeko Udalak. Horren bidez, euskara Iruñeko berezko hizkuntza bezala definitzen du eta Udalaren komunikazioa elebitan izatea bermatzen du bai eta herritarrak elebitan artatuak izateko eskubidea ere. Horrela, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu eta egungo araudi eta errealitate sozialera moldatu nahi du.
Landabengo Volkswagenek 7 eguneko beste etenaldi bat eginen du motor faltagatik

2018-10-23
Landabengo Volkswagen fabrikak 7 eguneko etenaldia egingo du motor faltagatik. Hasiera batean, 5 eguneko izango zela iragarri zuen enpresako zuzendaritzak, baina gaurkoan beste bi egun gehiagotan itxiko duela jakinarazi du. Horrela, urriaren 26ti azaroaren 2ra itxiko du bai eta azaroaren 5ean eta 9ane ere.
Jaitsierak "umiltasuna berreskuratzeko" aukera emango dio Bilbao Basket-i

2018-10-23
Hiriburuan saioan, saskibaloiari buruzko monografikoa osatu genuen. Gaietako bat, Bilbao Basket-en egoera zaila izan zen. Analisia, Herri Irratiko kazetari Cris Garciaren eskutik.
 
bannerra

bannerra