Skip to main content

Gurean Gaur

Koldo Arnanz: "Deklarazioetan koherenteak izan dira eta sendo daudela ikusi dugu"

2018-04-16

Hasi da Altsauko zortzi gazteren kontrako epaiketa Madrilen, eta epaitu guztiek deklaratu dute goizeko saioan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta hamabi urtekoa beste bati.

2016ko urrian, Altsasuko feriak ospatzen ari zirela, zenbait gaztek liskarra izan zuten bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin, taberna batean. Guardiek zauri arinak izan zituzten. Horren ondorioz, "terrorismo delituak" egozten dizkiete zortzi gazteri. Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo dira auzipetuak.

Unamunok, Ramirez de Aldak eta Arnanzek deklaratu dute aurrena. Eta hirurek esan dute ez zutela guardia zibilik jo. Unamunok eztabaida izan zuela onartu du, edonola ere, Ramirez de Aldak esan du gertaeren unean etxean zegoela eta Arnanzek esan du tabernan zegoela baina ez zuela liskarrean parte hartu.

Asteartean hartuko diete deklarazioa guardia zibilei eta hurrengo egunetan lekukoen txanda izango da. Datorren astean, berriz, perituek deklaratuko dute. Azken hiru egunetan, ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek, eta, gero, epaiaren zain geldituko dira.

Auzipetutako gazteen gurasoek hilabeteak daramatzate justizia eske eta kezktuta daude etor daitekeenarekin. Koldo Arnanzek, adibidez, goizeko auzi saioaren kronika eta balorazioa bidali ditu Hamaika telebistara.

Hainbat lagun joan dira Madrilera, auzipetuei eta haien senideei babesa azaltzera. Esate baterako, han izan da Unai Hualde Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariordea. "Proportzionaltasuna" eskatu du, eta Europa epaiketari begira dagoela ohartarazi du.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua, Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako Legebiltzarreko parlamentaria, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko lehendakaria eta Nagua Alba Ahal Dugu-ko diputatua ere han izan dira, besteak beste. Bat egin dute terrorismo deliturik ez dagoela esaterakoan, eta proportzionaltasuna eskatu dute.

EGUNEKOA: apirilaren 16ko albiste nagusien laburpena

2018-04-16

Politika albisteei dagokienez, Mikel Antza presoak Reauko espetxean jasan duen jipoiari eta euskal preso politiko ohiek apirilaren 21erako egindako Bilboko manifestazio deialdiari erreparatu diegu. Gizarte arloan, EAEko erakunde publikoek etxegabeen egoera konpontzen laguntzeko hartutako konpromisoan jarri dugu arreta, besteak beste.

Lehen gradua gainditzea, preso ohien "leitmotiv"-a

2018-04-16

Legedi arruntaren bidea juridikoki eta politikoki egiteko konpromisoa hartu zuen EPPK-k eta dagoeneko espetxeetan txertatzen ari da. Estatu espainiarrean eraginkorra izan dadin, aldiz, «ezinbestekoa» izango da lehen graduari bukaera ematea. Hori da «lehenengo traba», eta hala eskatu dute Donostian 250 preso ohi eta iheslari inguruk, larunbateko "Bada garaia. Presoak kalera" manifestazioaren atarian.

Herri emantzipatuaren ikuspegitik, 'Demokrazia bai' manifestua

2018-04-13

Dozenaka lagunek izenpetu dute Demokrazia bai manifestua, eta aurkezpenean izan dira, besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak. Baita hainbat sailburu ohi, kazetari eta irakasle ere. Oso kezkagarritzat jo dute Espainiako atzerakada prozesuak eta joera inboluzionistak Europaren aldetik duten babesa. Uste dute garaia dela oinarrizko kontzeptuak berreskuratzeko.

Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa, bihar Iruñean

2018-04-13

Bihar izanen da Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek deitutako manifestazioa Iruñean. “Ez da terrorismoa. Justizia” lelopean, Iruñeko kaleak jende kopuru handiak hartzea aurreikusten dute.  Golem zinemetatik abiatuko da arratsaldeko 5 t’erdietan eta Gaztelu Plazan amaitu. Gazteen epaiketaren aurreko azkeneko mobilizazioa izanen da; epaiketa astelehenean hasiko baita Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Altsasukoak Aske plataformako Aritz Leozek prozesu osoan zehar eman diren eskubide urraketak salatu ditu. 

Bizkaiko Txakolina "kalitatezko harribitxitzat" jo dute

2018-04-13

Bizkaiko Txakolinaren 2017ko uzta aurkeztu dute San Mamesen. Orotara, markaren zigilupean diharduten 39 ekoizle bildu dira bertan eta denek produktuaren “kalitatea” azpimarratu dute. Horrekin batera, esportazioen igoera nabarmentzearekin batera, Bizkaiko Txakolinaren hedapena sustatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.

 
bannerra