Skip to main content

Erredakzioa

Itxialdia amaitu du Portugalek koronabirusagatik hildako 1.400 pertsonarekin

2020-06-01
10,3 milioi biztanleko herrialdea izanik eta ia laurdena 65 urtetik gorakoa, esan daiteke, Europa hegoaldeko pandemiaren kudeaketaren eredu bihurtu dela. Normaltasun epe berri bat ireki da, salbuespena Lisboa izanik. Egunotan herrialde osoko kasuen % 90 erregistratu dira eta neurrien altxamenduak ekainaren 4ra arte itxaron beharko du. Antonio Costa lehen ministroaren arabera, pandemiaren kontrolaren eta ekonomiaren mantentzearen arteko orekarekin lortu da puntu honetara iristea. Martxoaren 18an hildako bakar batekin hartu ziren neurriak, oposizioak ere babestuta.
EH Bilduk ohartarazi du "baldintza makroekonomikoak" izango dituela Bruselak proposatutako berreskuratze funtsak

2020-05-29
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak egindako proposamenean 750 mila milioi bideratzen dira koroabirusak eragindako kalteei aurre egitera, estatuentzako diru-laguntza eta maileguetan. Dirua jasotzeko jarri diren baldintza batzuk onerako direla onartu dute. Izan ere, kalitatezko enpleguan, industriaren eraldaketan, digitalizazioan, edo trantsizio ekologikoa inbertitu beharko da, besteak beste.
Pello Alcantarilla preso ohiak De los Cobos ikusi zuen berari egindako tortura saioetan

2020-05-29
Berria egunkariari azaldu dio 2004an Madrilgo Tres Cantoseko komandantzian torturatzen zuten bitartean Diego Pérez de los Cobos han zegoela. Bertako polizia judizialeko burua zen momentu horretan. Telebistan ikusitakoan identifikatu du guardia zibilen Madrilgo egungo burua. Alcantarilla, 2004an Burgosen kamioiarekin lanean ari zela atxilotu zuten ETArekin lotura zuelakoan eta Madrilera eraman zuten Tres Cantosera. Torturak hasieratik egin zizkioten, bai errepidean nola komandantzian bertan. Kolpe eta irain etengabeak jasan zituen. Aitortu du azken aldian albisteetan hainbeste aldiz ikusi behar izateak orduko torturak gogorarazi eta “samina eta gorrotoa” eragin dizkiotelako erabaki duela bizi izandakoa kontatzea.
GAKOAK | 2020-05-28

2020-05-28
Datorren ekainaren 15ean zabaldu liteke Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga. Hala iradoki du gaur arratsaldean Edouarde Philipe lehen ministroak. Gaur eman du Ipar Euskal herriari eragingo dioten deskonfinamentu neurrien berri. Hain justu, Baionako ospitalean dagoeneko koronabirusa kutxatutako gaixorik ez dagoela baieztatu den egun berean.
Covid 19 pandemiaren "epizentroa" bilakatu da Amerika

2020-05-28
Amerikak duela bi aste gainditu zuen Europako kutsatuen kopurua. Ameriketako Estatu Batuetan daude kontinenteko positibo eta hildako gehien, baina Osasunaren Erakunde Panamerikarrak ohartarazi du azken egunotan Latinoamerika “pandemiaren epizentro berria" bihurtzen ari dela. Hiru herrialdetako egoera "larria" azpimarratu du Carissa Etienne zuzendariak: Brasilgoa, Perukoa eta Txilekoa.
Ipar Euskal Herriko 142 herritan banatu dituzte herriko etxeetako karguak

2020-05-28
Martxoaren 15ean egin zuten herriko hauteskundeen lehen itzulia eta emaitza erabakita gelditu zen herri hauetan, zerrendek gehiengo osoa lortu ostean. Maiatzaren 18an hartu zuten kargua hautetsiek, eta herri kontseilua osatu eta auzapeza izendatzeko elkartu ostean, gaur da azken eguna karguak banatzeko. Gainontzeko herrietan, 18tan hain justu, zerrendek ez zuten gehiengo osoa lortu, beraz bigarren itzulirako zita dute datorren ekainaren 28an.
 
bannerra