Skip to main content

Erredakzioa

EGUNEKOA: gizarte, ekonomia eta politika albisteen bilduma

2018-10-04
Euskaltzaindiaren Arantzazuko bilkurari, Okupatu Gasteiz egunak bildutako atxikimenduei, Nafarroako Gobernuak funts gehigarriaz sindikatuekin egindako akordioari eta amiantoaren aurkako protesta bati erreparatu diegu gizarte gaietan. Ekonomia arloan, Petronorren 50. urtemugari buruzkoak jaso ditugu. Azkenik, Soietxeko kuartel militarraren aurka egingo den martxari buruzkoak bildu ditugu arlo politikoan.
Sanchezekin batera agertu da Urkullu ETAren aurkako "garaipen" argazkian

2018-10-02

Ez genuen Baionako armagabetze egunean ikusi, ezta Kanbon ere, Arnaga etxean Aieten hasitako bideari amaiera eman zitzaionean, goizez. Egun horretan, une historikoaz hitz egiteko, arratsaldez egin zuen agerraldia Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin. Baina Madrilen bai, Madrilen, Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiaren ondoan gorde zioten aulkian esertzeko erabakia hartu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Izan ere, Frantziako eta Espainiako gobernuek ETA «garaitu» izana irudikatu dute Madrilen eginiko ekitaldi batean, astelehen arratsean. Biktimen memoria gordetzeko beharra azpimarratu dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak.

Hasieran, Urkullu ez zen ekitaldira joatekoa, joan den ostiralean jaso zuelako gonbidapena eta agenda okupatua zuela adierazi zuen orduan. Baina Madrilgo ekitaldian egotea erabaki zuen azkenean. Ekitaldiaren ondoren, sare sozialetan zabaldu zuen bere balorazioa. Haren hitzetan, ETAren aldia bukatuta, biktimen aitortzan eta erreparazioan berresteko garaia da.

Izatez, ETA erakundeak aurtengo maiatzaren 3an eman zuen bere ibilbidearen amaierari buruzko erabakiaren berri, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek beste bost hilabete behar izan dituzte ETAren bukaera ofizialtzeko. Madrilek eta Parisek ekitaldi bat antolatu zuten Moncloan, Borroka Antiterroristarako Lankidetza Espainiar-Frantziarraren Ekitaldia izenburupean, Parisek Madrilen esku uzteko ETAren 8.000 bat dokumentu eta material, eta, entrega horren bidez, erakunde armatua zenaren amaierari estatuen zigilua jartzeko.

Ekitaldia jarraitzen zeuden Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria eta biktima elkarte batzuetako ordezkariak. PPko inor ez. Urkullu aretoan sartzen azkenetakoa izan zen; justu Philippe eta Sanchez heldu baino segundo batzuk lehenago eseri zen Urkullu, Gonzalezen aldamenean. Nafarroako Gobernuko ordezkaritzarik ez zen egon.

Kataluniako diputatu kargugabetuek boto delegatua mantenduko dute

2018-10-02
Diputatu kargutabetuen eskubideak mantentzeko ebazpena onartu dute Kataluniako Parlamentean. Carles Puigdemont, Oriol Junqueras, Josep Rull, Jordi Turull, Raul Romeva eta Jordi Sanchezek botoa delegatzen jarrai dezakete, beraz.
EGUNEKOA: gizarte, politika, kultura eta kirol albisteen bilduma

2018-10-01
ELA sindikatuak Nafarroako Hezkuntza Itunaren harira egindako salaketa eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak urriaren 27rako Donostian egindako manifestazio deialdia jaso ditugu gizarte gaietan. Arlo politikoan, Kataluniako aktualitateari erreparatu diogu. Kultura zita gisara, Musika Bizian jaialdiaren ingurukoak bildu ditugu, eta kiroletan, Athleticek Peru Nolaskoaini kontratua luzatu eta egokitu izana.
Iazko galdeketaren emaitza aldarrikatu dute katalanek, desobedientziaz

2018-10-01
Iazko urriaren 1eko erreferenduma gogoan, CDRek tren zerbitzuak eten eta errepideak moztu dituzte Katalunian. Generalitateko kideek, berriz, San Julia de Ramis herrian egin dute bilkura, han bozkatzekoa baitzen, iaz, Carles Puigdemont.
Valerioren azalpenik eza salatu eta mobilizazioei eutsiko dietela ziurtatu dute pentsiodunek

2018-10-01

38 astez eutsi diete pentsiodunek mobilizazioei, eta beste astelehen batez, milaka atera dira kalera Hego Euskal Herrian. Hain justu, eguerdiko mobilizazio horien aurretik, Bizkaiko pentsiodunen plataformarekin bildu da Magdalena Valerio, Espainiako Gobernuko Lan ministroa. Eta bilkuraren ondoren, aitortu du Espainiako Gobernua ezin dela konprometitu 1.080 euroko pentsioa bermatzera.

Ba Jon Fanok, Bizkaiko pentsiodunen plataformako ordezkariak, salatu du Valeriok ez dizkiela behar bezalako azalpenak eman, eta eutsi egingo dietela mobilizazioei. Iruñean, berriz, aurrerapausoak izan arren, pentsiodunen eskaerak ez dituztela behar beste aintzat hartzen salatu dute. Eta zahartzaro duina bermatzen ez dieten artean, borrokan jarraituko dutela.

Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte herrialde mailako mobilizazioak pentsiodunek. Gipuzkoako kasuan, herrietan izan dira mobilizazioak, eta larunbaterako antolatu dute herrialde mailako manifestazioa.

Edonola ere, asteleheneroko elkarretaratzea egin dute Donostiako udaletxe aurrean, eta bertan pentsioen eguneratzea KPIan oinarrituta egitea ez dela nahikoa salatu du Maria Serrano Duintasuna elkarteko kideak.

 
bannerra