Skip to main content

Dokuteka

“Guk”: Argentinako euskaldunen ametsak

2015-01-16

Nuria Vilalta da lanaren zuzendaria. 2009an Argentinara iritsi zenean, bertan ezagutu zituen euskaldun eta haien ondorengoekin dokumental bat egitea bururatu zitzaion. “Guk” lanak gugandik 10.000 kilometrotara bizi diren euskaldunen ametsak eta kezkak kontatzen ditu. Baina helburu jakin bat ere badu dokumentalak: kanpoan edo barruan bizi diren euskaldunak eta Euskal Herria maite dutenak elkartzea hain zuzen ere.
 
Dokumentala:
http://vimeo.com/51416935

“Mugarria”: 15 urte herritarrak informatzen

2015-01-09

"Mugarria" Uztarria Komunikazio Taldeak bere 15. urteurrena ospatzeko ekoiztu duten ikus-entzunezkoa da. Bertan bildu dute Uztarria Kultur Koordinakundea sortu zenetik gaur egun arte egindako ibilbidea. Azpeitiko herri aldizkariko kide ohien eta gaur egungoen adierazpenak azaltzen dira bertan. Yuri Agirre zuzendariarekin hitz egin dugu dokumentalaren inguruan.

"Iparra Hegoa, errotuz zabaldu": Iparra eta Hegoaren artean dauden mugak gaindituz

2014-12-19

Iparra Hegoa-Errotuz zabaldu, urtero Seguran ospatzen den mugaz gaindiko aste kulturala da. Baina horrez gain, Euskal Herriko txoko guztietatik bildutako borondatezko lanetan oinarritzen den dinamika bat ere bada. Iparra eta Hegoaren artean dagoen muga hori gainditzeko helburua duen dinamika hain zuzen ere. Iparra Hegoa-Errotuz zabaldu lanean bi izen propio daudela esan dezakegu,  Xabier Albizu Apaolazarena eta Beñat Elizondorena. Dokumentalak 1993an Elizondon hasitako istorioa kontatzen digu 2013ko Iparra-Hegoaren ediziora heldu arte.
 

“Festa dezagun gaurdanik geroa”: jai ereduen inguruko gogoeta feminista

2014-12-12

Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira eta norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute. Horrez gain, festak bizitzaren erdigunean daude eta gizartean ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioak adierazten dituzte. “Festa dezagun gaurdanik geroa” Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean eginiko dokumentala da eta emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik abiatzen da, modu honetan Euskal Herriko jai ereduen argazki txiki bat egiten du lanak.

Dokumentala: http://youtu.be/Lfbd-n-AWt8

"Irria dario haizeari": 838 kilometro. Dispertsioa.

2014-12-05

838 kilometro. Hori da Errezil herritik Granadako Albolote espetxera dagoen distantzia. Eta hori da Errezilgo Ezamaun baserriko familiak astebururo Maritxu Uzkundun ikusteko egiten duen bidaia. Anttoni, Begoña eta Ihintza, preso politikoaren ama, ahizpa eta iloba dira lan honetako protagonistak. Hauek dispertsioaz eta bestelako kontuez hitz egingo digute.

Dokumentala: http://youtu.be/32ySpQ4j668
 

"Adarraren Ahotsa": Adarrots taldearen 10 urteko ibilbidea

2014-11-28

10 urteko ibilbidean mila aldiz jausi eta beste horrenbeste aldiz altzatu direla esan dute Adarrots taldeko kideek. Eta hori da hain zuzen ere, 10 urte, Adarrots taldea eszenatoki gainean daraman denbora. Ibilbide hori ospatzeko DVD eta Diskoa atera dute, Adarraren hotsa du izena lan berriak. Kanta berriekin batera DVDan mila historio, abentura, desbentura, negar, irrifarre, momentu on, oso on, txar, oso txar, desesperanteak, hunkigarriak batu dituzte. Gaurko dokuteka saioan Adarrots taldearen ibilbidea batzen duen lana ikusteko aukera izango dugu.

 
bannerra