Skip to main content

Donostiako Udala

Metrorik ez egiteko eta herritarren kexak entzuteko eskatu dio Satorralaiak Donostiako Udalari

2018-12-21

Donostiako Topoaren igarobidearen aurka, protesta zaratatsua egin dute, ostegun arratsean, hamarnaka lagunek. Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hiriaren erdialdeko kaleetan barrena ibili dira, ‘Herritarrei entzun: metroari ez!” lelodun pankartarekin, eta Eneko Goia Donostiako alkatearen, Ernesto Gasco zinegotziaren, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonmia Garapenerako sailburuaren karetak jantzita.

Hain justu, Donostiako Udaleko udalbatzarekin bat egin du protesta zaratatsuak, eta alkateari herritarrei ez entzutea leporatu diote. Hori salatzeko, Goia belarrietan tapoi handiak jarrita irudikatzen duen karikatura handi bat baliatu dute. Donostiako Udalak metroaren obrak eragindako arazoen eta kalteen inguruan hainbat bizilagunen salaketei kasurik egin ez dielako.

Herritarren salaketen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak agindu du Zarautz etorbideko eraikuntza lanak gauetan eteteko. Lan horiek eragiten zuten zaratagatik, hilabete bat baino gehigoz salaketak jarri dituzte Antiguako hainbat bizilagunek eta joan den asteartean etorri zen Jaurlaritzaren erabakia.

Easo kalean dago Topogunea, herritarrentzako arreta eta informazio bulegoa. Bizilagunek kexa ugari aurkeztu dituzte han, baina Satorralaiak bulegoaren «axolagabekeria» salatu du, herritarren kexei erantzunik ez dielako eman.

Bizilagunen mugimenduaren iritziz, metroaren obra erraldoia ez da beharrezkoa, eta, gainera, Dbus eta Lurraldebus kaltetuko ditu autoen trafikoa gutxitu gabe. Horrez gain, salatu dute herritarren parte hartzerik gabe inposatu eta baliabide publikoak xahutzen dituen proiektua dela, Donostian mugikortasuna hobetzeko aukera egokiagoak eta merkeagoak egonda.

Donostiako Euskal Jaien egitaraua aurkeztu dute

2018-08-27
2018ko Donostiako Euskal Jaien egitaraua aurkeztu dute Donostiako Udaletxean. Abuztuaren 30ean hasi eta irailaren 9ra arte iraungo du jaiak eta euskal folklorea, gastronomia eta kirola sustatzeko 66 jarduera antolatu dira. Kontxako Banderarako Sailkapen estropadarekin abiatuko dira Euskal Jaiak. Arrauna izango da, kirol eskaintzaren barruan, protagonismo handiena izango duena, baina bestelako kirolek ere izango dute tartea. Irailaren 8an, esaterako, Easo igeriketa elkarteak antolatutako Kontxako badiako igerialdia egingo da. Egun berean, Urgulleko 18. Krosa eta kontxako badiako waterpolo txapelketa ere antolatu dituzte. Urtero bezala, irailaren 1ean Sagardo Eguna ospatuko da Konstituzio Plazan. Sagardogileen Elkarteko Olatz Mitxelenak azaldu duenez, sagardogileen topa egingo da eta sagardogintzari egindako ekarpenengatik, Ignacio Astiazaran eta Isabel Diaz, Astiazaran Sagardoaren ekoizleak, omenduko dituzte. Sagardo berezia dastatzeko aukera ere izango da. Aurtengo berritasuna,Lur Kolektiboak antolatutako Euskal Jaiak Artisautza Azoka izango da. Frantziako pasealekuan kokatuko da eta egunero irekiko dute 11etatik 14:30tara eta arratsaldeko 4terdietatik zortzi terdietara. Urtero antolatzen diren Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa eta Donostiako nekazaritza ekologikoaren azoka ere egingo dituzte eta irailaren 6an, 7an eta 8an, Euskal Herrian ekoitzitako garagardoak probatzeko aukera izango da Bulebarrean.
Turismo jasangarriaren aldeko kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalak

2018-07-17
Donostiako Udalak, Donostia Turismo Udal Sozietatearekin & Convention Bureaurekin batera, 'Love San Sebastián. Live Donostia' kanpaina aurkeztu du. Hiriarekiko eta hiritarrekiko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako turismoaren alde egiten du kanpainak eta udan Donostiara iritsiko diren bisitariei dago zuzenduta. Eneko Goiak eta Ernesto Gascok, Turismo zinegotziak, kanpainaren edukia azaldu dute. Errespetuz hiria ezagutzeko eta eskainitako zerbitzu eta ekimenez gozatzeko hamar aholku ematen zaizkie bisitariei. Gune publikoak garbi mantentzeko, garraio publikoa erabiltzeko edota bertako kulturaren ezaugarriak ezagutzeko gomendatzen zaie Donostiara datozenei. Eneko Goiak bisitari guztiak ongietorriak direla azaldu du. Donostiaz gozatzeko gonbidapena egin die denei, baina beti hiria eta hiritarrak zaindu behar direla azpimarratuz. Kanpaina berri hau iazko udan turismo ereduaren aurka antolatutako hainbat protesten ondoren iritsi da. Jende ugari etortzeak eguneroko bizitza aztoratu dezakeela uste duten hiritarrak lasaitzeko egitasmoa dela argitu du Donostiako alkateak. Ernesto Gascok kanpainaren bitartez erakargarritasuna eta hiriaren nortasuna transmitituko dituztela eta kalitatezko turismoaren aldeko apustua egin dutela adierazi du. Kanpaina euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez garatu da. Gipuzkoako Hotelen Elkarteak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta San Sebastian Shops elkarteak bezeroen artean zabalduko dituzte kanpainaren mezuak eta informazioa.
Merkatal gune handien aurkako elkarretaratzea egin dute Donostiako udaletxean

2018-07-17

2015ean, Auzitegi Gorenak EAEko Ekipamendu komertzial handiak erregulatzen zituen Lurralde Plan Sektoriala bertan behera utzi zuen. Plan honek merkatal gune berrien eraikuntzari limiteak jartzen zizkion, baina Europako konpetentzia librearen aurka zihoala argudiatuz, ezerezean geratu zen. Ingurugiroa, urbanismoa edo kontsumitzaileen defentsa bezalako interes orokorrak jokoan daudenean merkatal gune berrien eraikuntzari eta anpliazioari limiteak jartzea zilegi dela adierazi dute Auzitegi Gorenak eta Europar Batasunak. Horregatik, merkataritza ekipamendu handiak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren berriztapena eta anpliazioetarako lizentzia emateak gelditzea eskatu dute bizilagunek. Hiriko antolamenduko plangintza orokorrean edozein aldaketa egin ahal izateko ingurumenak jasan ditzaken eraginak ez ezik, plangintza berriaren inpaktu sozioekonomikoa aztertzen duten azterketa berrituak nahitaezkoak izatea aldarrikatu dute elkarretaratzean. Merkataritza gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doazela eta gehiago egitea ingurugiroarentzat oso kaltegarria izango dela azaldu dute. Planifikatuta dauden merkataritza eremu berriek, beteta dauden lur sailen bikoitza suposatzen dutela eta merkatari txikien eta handien arteko oreka guztiz apurtuko dela salatu dute. Bittor Lizarribar, Euskaldendak konfederazioko presidenteak, merkataritzarentzat eta gizartearentzat egoera larria dela salatu du. Horrelako kasuetan benefizioak lortzen dituen bakarra udaletxea dela ere argitu du Lizarribarrek. Donostiako udaletxean egindako elkarretaratzean, udalean ordezkaritza duten taldeei dei egin diote, martxan jarriko diren anpliazioekin zentzudun jokatu dezaten. Udal Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari herritarren hitza entzuteko eta gizarteak nahi duena kontuan izateko ere eskatu diote.

Donostiako Udalak euskara indartzea helburu, "praktika onak" kaleratu ditu

2016-09-21

"Praktika onak" izenpean eskuorri bat kaleratu du Donostiako Udalak, euskararen erabilera zabaldu eta hobetze aldera. Bertan ongi eta gaizki eginiko adibide errealak daude.

 
bannerra