Skip to main content

MaddalenIriarte

Jose Maria Setien hil da, euskal gatazkaz iritzi argia zuen gotzain emeritua

2018-07-10

Iktus baten ondorioz, igandeaz geroz, ospitaleko zaintza berezietan egon ondoren hil da. Jose Maria Setien 1979tik 2000ra izan zen Donostiako gotzain. Urte horretan, iktus bat izan zuen, eta beste iktus baten eraginez zen du da bart, 02:00ak inguruan, Donostiako ospitalean. Hernanin jaioa da, eta 90 urterekin hil da.

ETAren jarduna gaitzetsi zuen, baina harekin "bigun" aritzea leporatu izan zioten zenbait sektore ez-abertzaletatik. Bestalde, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde agertu izan da, baita ETAri amaiera eman eta gatazka gainditzeko bake prozesua bultzatzearen alde ere.

2003an, Urrezko Domina eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, "komunitatearen alde zuzentasunez eta koherentzia intelektualez aritu delako lanean, eta justizia, elkartasuna, askatasuna eta norbanakoen eta taldekoen eskubideak errespetatzea eraginkortasunez defendatu duelako".

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, pertsona eredugarria izan da Setien, "bizitzan konpromiso zuzena eta zintzoa erakutsi zuena". Twitter bidez nabarmendu du gotzainak bizikidetzaren aldeko konpromisoa izan zuela. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok ere Setienen ibilbidea goratu du. Haren hitzetan, "lider sozial eta espiritual bat" izan zen, eta gizartean utzi duen arrastoa "sakona" izan dela ziurtatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi du Setienek elkarrizketaren eta bakearen aldeko jarrera izan zuela euskal politikari dagokionez. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearen iritziz, Setienek "ahalegina" egin zuen Eliza Katolikoa "bizirik" mantentzeko. Hala ere, Alonsok adierazi du ez zuela behar besteko "ulermena" izan "terrorismoaren biktimekin".

Maddalen Iriarte: "Herritar gehienen onespena duen lana ez dugu kaxoi batean utziko"

2018-07-03

Autogobernu ponentzian adostasun zabalak lortzea eta horrek zertarako balio duen euskal herritarrei erakustea nahi luke EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek. Horrez gain, baita Espainiari soluziobide bat eskaintzea ere. Espainiaren aldetik ezezko jarrera balego, berriz, herritarren gehiengoa jasotzen duen proposamena ez dutela gordeta utziko ziurtatu du Iriartek.

EAEko estatutu berrian espetxe eta erreferendum eskumenak jasotzea adostu dute

2018-06-20

Onartutako proposamenak dioenez, "berretsi" egin behar dira Gernikako Estatutuak jaso bai baina Madrilek oraindik eskualdatu ez dituen eskumenak. Bi alderdien esanetan, oinarrizkoa da instituzioen eskumenak handitzea, "herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak bermatzeko". 

Orain arteko akordioetan, EAJk eta EH Bilduk bat egin dute eta gainerako alderdiak aurka agertu dira behin baino gehiagotan. Adostasunak zabaltzeko asmoari eusten diote jeltzaleek, hala ere.

Hain justu, adostasun zabalen alde egiten du Elkarrekin Podemosek, eta Lander Martinezek uste du kontuan hartu behar dela Espainiako Gobernuan egon den egoera aldaketa ere.

Sanchezek espetxe politikaz egindako hitzak ontzat jo dituzte euskal alderdiek

2018-06-19

Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi ditu Sanchezen hitzak. Josu Erkoreka bozeramaileak esan du salbuespenezko legedia bertan behera uzteko garaia heldu dela, eta Jaurlaritza prest dagoela laguntzeko Sanchezek iragarritako urratsak lehenbailehen egin daitezen.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, hitzak baino, ekintzak baloratuko ditu koalizio abertzaleak. Hori bai, argi utzi du legedi arrunta ezarrita presoen egoera hobetzeko aukerak badaudela, eta Sanchezek Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin duen bilkuran espetxe politikaz hitz egiteko aukera baliatu beharko lukeela.

Herritarren protagonismoa aldarrikatu du EH Bilduk, Euskal Estatua eraikitzeko

2018-06-19

Maddalen Iriarte bozeramaileak eta Pello Urizar legebiltzarkideak hartu dute hitza irekiera ekitaldian. Iriartek esan du Euskal Estatua beharrezkoa dela aske izateko eta herritar guztien eskubideak bermatzeko.

Urizarrek, berriz, esan du Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernua murriztu egin dela azken urteetan. Hargatik, EH Bilduren proposamena zein den azaldu du: Eusko Legbiltzarrak botere legegilea izatea, Eusko Jaurlaritzak botere exekutiboa, euskal botere judiziala bermatzea eta horiei gizarte edo herritar boterea izango litzatekeena gehitzea. Urizarren hitzetan, Espainiarekiko harremana aldatu beharra dago, berdintasunean oinarritutakoa izan dadin.

Jardunaldien lehen egunean, Ekai Centerreko Adrian Celaya, EHUko irakasle Helena Francok, Lovainako Unibertsitateko dekanorde Bart Maddensek, EHUko ikerlari Jule Goikoetxeak edota EHUko irakasle Unai Fernandez de Betoño dira partaide, besteak beste. Itxierarako, berriz, mahai ingurua antolatu dute Eskoziako Irlandako eta Kataluniako ordezkariekin eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearekin.

Giza katea, muinean erabaki nahia duten mobilizazioen isla

2018-06-06

 Anjel Oiarbide bozeramaileak esan du igandekoa ez dela ohiko mobilizazioa izango, besteak beste, euskal herritar gehien bizi den eremuetara helduko delako. Horrez gain, azken hilabeteetan Euskal Herrian izandako mobilizazio handienei erreparatu die Oiarbidek, eta nabarmendu du guztien minean erabakitzeko nahia dagoela.

Hain justu, Gure Esku Dagoko Nafarroako kideek eta Altsasuko gazte auzipetuen gurasoek elkarrekin agerraldia egin dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean. Han iragarri dute Altsasuko gazteen aldekoa izango dela giza kateko 193. kilometroa.

EH Bilduko Eusko Legbiltzarreko ordezkariek ere bat egin dute igandeko giza katearekin, Jasone Agirrek, Maddalen Iriartek eta Miren Larrionek egindako agerraldian nabarmendu dute herritarrek giza katean parte hartzearen garrantzia.

 
bannerra

bannerra