Skip to main content

HIRIBURUAN

NBAren hasiera, Baskoniak begiz jota duen lauko finala, GBC-ren krisia zein Araski, Gernika eta IDK-ren lidertza partekatua

2018-10-22
Saskibaloian, denboraldi berria martxan da eta txapelketa nagusietako ertz guztiak aztertzeko, Hiriburuan saioan monografikoa osatu dugu. Beñat Zarrabeitiaren gidaritzapean, Andoni Urbistondo, Koldo Tellitu, Maria Lasa eta Cris Garcia-ren analisiak bildu ditugu. NBA, Euroliga, ACB, Emakumezkoen Liga eta Urrezko LEB txapelketa izan ditugu hizpide.
Euskal Selekzioa: Erronka estrategikoak eta ezinbestekoak diren bitarteko urratsak

2018-10-15
Iragan den ostiralean, gizonezkoen futbol selekzioak garaipena lortu zuen Venezuelaren aurka kasik bi urtetako etenaldiaren ondoren. Mendizorrotzan bizitako giroak, neurketa FIFA datetan jokatu izana eta jokalarien mailak itxaropenerako motiboak eragiten ditu. Baina, ofizialtasunaren bideak beste elementu batzuk beharko ditu baita: Diplomazia, lan juridikoa eta instituzio eta eragile guztien amankomuneko lana. Futbolean eta bestelako kiroletan. Horren inguruan aritu gara, Beñat Zarrabeitiaren eskutik, Koikili Lertxundi, Kike Zurutuza eta David Salinas-Armendarizekin.
Urriak 1: Urtebete beranduago, Katalunia eta Euskal Herrira begira, erronkak eta zailtasunak mahai gainean

2018-10-01
Urtebete igaro da Kataluniak independentziaren inguruko herri galdeketa egin zuenetik. Orduan bizitakoak, espainiako segurtasun indarrek erabilitako bortizkeria barne, gogoan izan ditugu Ekhiñe Atorrasagasti, Egoitz Askasibar eta Eider Uriberen parte hartzearekin. 2017ko urriaren 1ean gertutakoak, ondoren etorritakoak, errepresioa eta egungo egoera izan ditugu hizpide, Kataluniatik Euskal Herrira bidai eginez. Horrekin batera, Garako Iraia Oiarzabal, Deiako Imanol Fradua eta Berriako Enekoitz Esnaolaren parte hartzea izan dugu.
Euskaraldiari begirada bat, 11 egun euskaraz: Aukerak eta erronkak

2018-09-24
Euskaraldia-ri buruzko monografikoa Hiriburuan saioan: Bilbo, Deustua eta Laudioko esperientziak gertutik, Bagera elkarteko Idoia Trenor-i egindako elkarrizketaren aurrerapena eta Etxebarria, Galdakao edo Portugaleteko aurkezpenen irudiak: 11 egun euskaraz
Uda korapilatsuaren ondoren, erronkaz beteriko denboraldiari ekin dio Athletic-ek

2018-09-10
Hiriburuan saioak kurtso berriari ekin dio eta Bilbo Handiko informazioa ardatz, metropolian sozialki hegemonikoa den Athletic-en inguruan aritu gara. Talde zuri-gorriak denboraldi berria abiatu du, Eduardo Berizzoren aginduetara, Europara itzultzeko asmoz. Bidean, klubak hauteskundeak bizi ditzake eta Kepa Arrizabalagaren irteeraren ostean, fidelizazio prozesuak indartu eta futbolaren mundu ezegonkorrean lehiakor izateko formulak bilatu nahi ditu Athletic-ek. Horren inguruan aritu gara, Asier Laraudogoia eta Gontzal Astorkirekin batera.
Askatasun demokratikoak eta Espainiar Estatuko gehiegikeri judizialak aztergai

2018-06-04

Altsasu edo Errenteriako gazteen kasuak, Katalunian gertatzen ari dena edo rapero, txiolari edo titiriteroen aurkako jazarpena eredu batzuk dira, baina ez bakarra. Espainiar Estatuan askatasun demokratikoen aurka emandako epaiak aztergai izan ditugu Hiriburuan saioan. Horrekin batera, Pedro Sanchez-ek Rajoyren aurka aurkeztutako zentsura mozioak aurrera egin ondoren, Estatuko Fiskal Nagusiaren izendatzea eta honek aurretik dituen erronkak analisiaren baitan txertatu ditugu, euren artean espetxe politikaren aldaketa. Beñat Zarrabeitia lankidearen eskutik, Irma Orozko eta Iñigo Santxo abokatuen analisiak jaso ditugu.

 
bannerra

bannerra